Biodibertsitate Gunean baso atlantikoak, ornitologia eta anfibioak izango dira hizpide hilabete honetan

Tolosako Udala
2023/11/07 | Ingurumena
  • Tolosako Udalak biodibertsitatearen inguruko hainbat jarduera antolatu ditu datozen asteetarako tolosarren partaidetza eta interesa sustatzeko
  • Igande honetan bertako ekosistema ezagutzeko irteera eskainiko da eta 9:00etan hasiko da Dama Berdetik

 

Tolosako Udalak hainbat jarduera antolatu ditu Biodibertsitate Gunean. Ingurumenaren eta garapen jasangarriaren aldeko apustuan sortu zuen espazioa eta baita aldaketa klimatikoari tokikotasunetik erantzuteko ere. Hala, biodibertsitatea lantzeko elkargune irekia da eta herritarren interesa eta partaidetza sustatzea eta tolosarrei gai honi buruzko erreferentziazko espazio bat eskaintzea du  helburu.  

Biodibertsitate Gunearen baitan jarduera desberdinak antolatzen dira. Modu honetara biodibertsitate-gaiei buruzko ezagutza zabaldu eta herritarren interesa sustatzen da, hala nola, irteerak, tailerrak, hitzaldiak eta ikastaroak eskainiz. Hilabete honetan ere izango da zerekin gozatu eta hainbat jarduera antolatu ditu Udalak. Igande honetan, azaroaren 12an, baso atlantikoaren ekologia ezagutzeko aukera izango da. Irteera honetan Belabieta inguruan bisita egingo da bertako ekosistema arautzen duten gakoak behatzeko eta ulertzeko. Irteeran parte hartu nahi dutenak 9:00etan elkartuko dira Dama Berdean. 

Ornitologia eta anfibioak

Azaroaren 15ean, ornitologiaren hastapenak ikastaroa izango da. Paseriforme talde ezagunenetako bati eskainitako saio berri bat eskainiko da: turdidoak. Gutxi gorabehera ordubetez, hegazti-talde horren identifikazioari ekingo zaio eta biologiari buruzko gaiak landuko dira. Ikastaroa 18:00etan hasiko da Antxon Bandres Txokoan. 

Eta hilabete honetako Biodibertsitate Guneko jarduerak borobiltzeko, datorren azaroaren 29an Gipuzkoako anfibioak (I) saioa izango da. Bertan desagertzeko arrisku larrian dagoen ornodunen talde horren biologiara eta identifikaziora hurbilduko dira partehartzaileak.