'Kantaurialdea: lurralde basati bat, uste baino hurbilago' filma Tolosan Gnaturaldiaren eskutik

Tolosako Udala
2017/12/12 | Ingurumena

Ostiralean izango da emisioa, abenduak 15, arratsaldeko 19:00etan, Topic-en.

Filma Gaztela-Leon, Kantabria, Asturias eta Euskal Herrian filmatu zen. Lau urtaroak oinarri hartuta egin dute Kantauriko mendikatearen itzulia, espezie desberdinek sortu dituzten istorioak kontatuz: hartz arrea, otsoa, basakatua, basoilarra, izokinak, landare haragijaleak edo armiarmak eta tximeletak.

Tolosako Udaleko Ingurumen sailetik pelikula hau ikusteko gonbita luzatu diete herritarrei: “kantauriko mendilerroa, gurengandik hain hurbil baina era berean hain ezezagun eta hain basati. Kalitate handiko film honekin mendikate horrek duen aberastasunarekin zur eta lur geldituko gara” adierazi dute.

Kantauriar mendikatearen natura-aniztasuna balioan jartzea ekoizpen honen lehentasuna izan da eta gainerako erakundeekin Udalak partekatzen duen helburua da, Gipuzkoa Naturaldiak gure naturaren kalitatezko hedapena bultzatu nahi baitu, etxetik gertu dugun horrena, baina hala ere ezezaguna dena gutariko askorentzat.