Musikak eta kirolak bat egingo dute, astelehenean, Mugi Tolosak antolatutako jarduera berezian

Tolosako Udala
2024/01/12 | Kirolak
  • Hilaren 15ean goizeko 11:00etan, musikaz lagunduta ariketak egiteko elkartuko dira Mugi Tolosako parte hartzaileak. 
  • Egitasmo honen helburua da desgaitasun fisiko edo mentala duten pertsonen edota adinekoen mugikortasuna eta harremanak sustatzea.

 

Mugi Tolosa egitasmoak gorputza astindu eta bakardadeari eta sedentarismoari bizkarra eman nahi dioten adineko pertsonak elkartzen ditu asteazkenero, taldean eta, boluntario talde batek lagunduta, Tolosan zehar ibilaldi bat egiteko. 

Oraingoan, baina, antolatzaileek musika eta kirola bateratzen dituen jarduera berezi bat antolatu dute eta lehen saioa datorren astelehenean izango da, urtarrilak 15. Goizeko 10:30ean Alondegia plazan hasita, parte hartzaileek musikaz girotuta egingo dituzte ariketak, kirola egiten duten aldi berean goiz dibertigarria ere pasatzeko. Lehen taldea 10:30-11:15 bitartean arituko da eta bigarrena 11:15-12:00 bitartean. 

Asmoa da bi taldetan banatuta (pertsona autonomoagoak eta dependentzia dutenak) korroan jarri eta, koordinatzaile baten bitartez, etxean bakarrik egin ditzaketen hainbat oinarrizko ariketa, luzapen eta beroketak ikasi eta egitea.

Jarduera berezi honen helburua da Mugi Tolosa indartzea eta desgaitasun fisikoa edota mentala duten pertsonen eta adinekoen mugikortasuna eta harremanak indartzea. Hori dela eta, antolatzaileek interesa duen adineko pertsona oro animatzen dute asteleheneko jardueran zein asteazkeneko ibilaldietan parte hartzera.