Aiz-Orratz/Veleta elkarteak botako du Ostegun Gizeneko txupinazoa

Tolosako Udala
2024/01/18 | Kultura, Gazteria, Jaiak
  • Kabi Alai Kuttun izendatu dute elkartea, danborradarekin eta jaialdiarekin, haurrak inauterietan protagonista izan daitezen egiten duten lanagatik.
  • Irune Elicegui tolosarrak eta Xabier Isasti getariarrak elkarrekin egindako ‘Txilabak’ kartelak iragarriko ditu 2024ko inauteriak.

 

Tolosa Inauteriei begira da jada. Gaur arratsaldean eman dira ezagutara Inauteriak iragarriko dituen kartela eta Ostegun Gizeneko txupinazoa botako duen Kabi Alai Kuttuna.

Aiz-Orratz/Veleta elkartea izango da ardura hori izango duena, hala erabaki du aitortza hori egiten duen Kabi Alai elkarteak. Haur danborrada eta jaialdia antolatuta, haurrak Inauterien parte izan daitezen egiten duten lana eskertu eta txalotu nahi izan ditu horrela Kabi Alaik. 

«Poz eta ilusio» handiz jaso dute errekonozimendua elkartean, hala adierazi dute gaurko ekitaldian Iker Galarza eta Ibane Imaz, elkarteko kideek. Eurak izan dira gaur elkartearen ordezkariak, baina aitortza hori elkarte osoari egindakoa dela nabarmendu dute, jende askoren elkarlanaren emaitza baitira bai Haur Danborrada, baita Haur Jaialdia ere.

Emozioz hitz egin dute: «Pertsona askok parte hartzen dute eta parte hartu dute hau guztia posible izan dadin. Ez dauden askorekin ere oroitu gara. Ostegun Gizena oso egun berezia da, eta elkarte modura ohorea da hainbeste maite ditugun Inauteriei hasiera ematea».

1962. urtetik hona, haurrak Inauterietan protagonista

60ko hamarkadaren hasierara arte haurrek ez zuten lekurik Inauterietan, ez baitzegoen beraiei zuzendutako ekitaldirik. Aiz-Orratz/Veletako Luis Collado zenak proposatu zuen haur danborrada egitea, eta elkarteko gainerako kideen laguntza izan zuen antolaketarako. 

Lehen urteetan Astelenita egunez egiten zen, baina aisialdi taldeen parte hartzea handituz joan ahala, Zaldunita bezperara pasa zen. Hasieran, norberak finantzatu behar izaten zuen bere jantzia; eta aukera gutxiago zituzten Miserikordiako haurrek ere parte hartzen zuten desfilean, elkarteko bazkideen eta tolosar gehiagoren laguntzari esker. 

Ordutik, asko eta asko izan dira modu batera ala bestera parte hartu duten tolosarrak. «Nolabait, inauterizale askoren hasiera» izan dela nabarmendu du Kabi Alai elkarteak. 1967an, gainera, Haur Jaialdia ere antolatzen hasi zen Aiz-Orratz/Veleta, eta urtez urte jende ugari biltzen du.

Ostegun Gizenean, txupinazoaren aurretik jasoko dute Kabi Alai elkartearen eskutik Kuttuna saria, eta omenaldi goxoaren ondoren, Inauterien hasiera iragartzeko suziria botako dute, elkarteko bi kidek.

 

‘Txilabak’ kartela, lehiaketako irabazle

Gaurko ekitaldian 2024ko Inauteriak iragarriko dituen kartela ere ezagutu ahal izan da. Joan den urtean hasitako bideari jarraituz, lehiaketa bidez hautatu da aurtengo afixa. 

51 pertsonak parte hartu dute lehiaketan, 11 emakumek eta 38 gizonezkok; bikote misto bat ere aurkeztu da lehiaketara. Guztira 65 lan aurkeztu dituzte. Denen artetik Irune Elicegui tolosarrak eta Xabier Isasti getariarrak elkarrekin sortu duten ‘Txilabak’ izeneko kartela hautatu du epaimahaiak. 

Ez da Tolosan lehiaketa bat irabazten duten lehen aldia, gainera: 2018. urteko Sanjoanetako kartela ere sortu zuten, Neskatila eta Bordon erraldoiak oinarri hartuta.

Oraingoan, izenak berak ondo azaltzen duen moduan, Ostegun Gizeneko txilaben kolore eta motiboetan du oinarria kartelak.

 

Kartelak herritarrentzat

Formatu berria izan du aurten aurkezpenak, Zerkausian, herritarren aurrean, eta inauteri doinuek alaituta, egin baita lehenengoz, Tolosako Udalaren eta Kabi Alai elkartearen arteko elkarlanari esker. Tolosar ugari izan dira ekitaldian, eta askok inauterietako kartelaren ale bana eraman ahal izan dute etxera. 

Bihartik aurrera herriko saltoki eta tabernetan banatuko dira kartelak; eta lan horiek amaituta, sobratzen direnak, kultur etxean jarriko dira herritarren eskura, urtarrilaren 24ko goizeko 10:30etik aurrera.