Aldaketak eta emanaldi berriak, ekainera bitarteko kultur programazioan

Tolosako Udala
2024/04/16 | Kultura, Gazteria, Jaiak
  • Gero Axular dantza taldea, Anariren kontzertua, Arimaz Kamera Orkestraren pianorako kontzertua eta ‘Kanpora sartzen’ antzezlana, berrikuntzen artean.
  • Horrez gain, Mirua taldearen kontzertua bertan behera geratu da eta horren ordez JJ. Vaqueroren bakarrizketa eskainiko da. 

 

 

Aldaketak eta berrikuntzak izan dira ekainera bitarte Tolosako Udalak antolatuta duen kultur programazioan. Udalaren arduraz kanpoko arrazoiengatik ekitaldi bat atzeratu da; aldiz, emanaldi gehiago programatu dira uda iritsi bitarteko asteetan.

Esate baterako, Mirua talde tolosarrak maiatzaren 3an eskani behar zuen kontzertua bertan behera geratu da. Diska berriaren argitalpena atzeratu du taldeak eta, horrenbestez, kontzertuaren data berria diska aurkeztutakoan zehaztuko da. Kontzertuaren ordez, egun berean, J.J. Vaqueroren bakarrizketa eskaniko da, 20:30ean, Leidorren. 

Beste lau hitzordu

Berrikuntzei dagokienean, igande honetan, apirilaren 21ean, Gero Axular dantza taldearen emanaldia izango da Leidorren, 11:30ean. Aurten 20. urteurrena betetzen du taldeak eta hori ospatzeko, taldearen izaera eta ibilbidea erakusten dituen ikuskizuna osatu dute. Hain zuzen, emanaldiaren estreinaldia izango da Tolosakoa, eta elkartasun kutsua izango du, etekinak epilepsia eragiten duten gaixotasun arraroak dituzten pertsonekin lan egiten duen Apoyo Dravet elkarteari bideratuko baitzaizkio.

Arimaz Kamera Orkestrak ere ikasturte amaierako emanaldia eskainiko du maiatzaren 5ean, igandea, Leidorren, 12:30ean. Piano eta orkestra kontzertua izango da, Izaro Yañez bakarlari gisa dela. Luis Mariano lirika elkartearen laguntza izango du orkestra tolosarrak. Aurrerago azalduko dira xehetasun guztiak.

Maiatzaren 24an, berriz, Anari Alberdiren kontzertua izango da. Abeslari azkoitiarrak argitaratu berri duen bere zazpigarren lana, ‘Giza Zarata’ izenekoa, emango du ezagutzera Leidorren, 20:00etatik aurrera. Emanaldirako sarrerak ostiraletik aurrera izango dira salgai.

Horrez gain, Berdintasun Sailak antzerki emanaldi bat antolatu du ekainaren 28rako: Xabin Fernandez eta Intza Alkain antzezle dituen ‘Kanpora sartzen’. Seropositibo baten egunerokotasunean gertatzen diren kontuak azaleratzen ditu antzezlanak, eta kritika onak jaso ditu. 20:00etan izango da, Leidorren.

Emanaldi berrietarako sarrera guztiak Kutxabanken webgunean eskuratu daitezke eta eszena bonutik kanpo daude.

Apirila-ekaina egitaraua

 


Living Room Music – Apirilak 19 | 20:00 | Leidor | Musika - Perkusioa *EB*

Euskadiko Orkestrako lau perkusio jotzailek –tartean Igor Arostegi tolosarrak– osatutako talde garaikidea da. Musika ikuspegi berritzaile eta esperimental batetik sortzen dute. 

 

Gero Axular ‘20 urte Gero-ago’ – Apirilak 21 | 11:30 | Leidor | Dantza

Gero Axular Dantza Taldearen 20. urteurreneko emanaldi bereziaren estreinaldia. Gaur egungo kideez gain, taldearen parte izan diren dantzari, musikari eta lagunek parte hartuko dute saioan. 

 

Nunavut - Myriam Perez Cazabon – Apirilak 26 | 20:00 | Leidor | Dantza *EB*

Proposamen hibridoa da: dantza garaikidea, soinu artea, arte plastikoak eta ipuin kontalariak batzen ditu. Maitasuna, munstroak eta jolasa gailentzen diren leku utopiko bat eraikitzeko ahalegina da, non dena gelditzen den, eta bakarrik begiratu eta entzun egin behar den. 

 

J.J. Vaquero – Maiatzak 3 | 20:30 | Leidor | Bakarrizketa

J.J. Vaquero bakarrizketari eta gidoilari ezaguna da, besteak beste, El hormiguero, El Club de la Comedia, Los 40 principales edo Europa FM-ko saioetan izan duen ibilbideagatik..

 

Arimaz Orkestra – Maiatzak 5 | 12:30 | Leidor | Musika

Piano eta orkestrarako kontzertua. Arimaz Kamera Orkestrak, Izaro Yañez piano jotzailea eta Luis Mariano lirika elkartea izango dira oholtzan, Sara Litonen zuzendaritzapean. 

 

Musikene Big Band – Maiatzak 10 | 20:00 | Leidor | Musika *EB*

Musikene Big Band musika-panorama garaikidearen barruan talde nabarmena da, batez ere jazzaren esparruan.Euskal Herriko Goi Mailako Musika Zentroan sortua da, eta big band hau jazz-musikaren eta musika-prestakuntza aurreratuaren erreferente bihurtu da.

 

El amor brujo - Euskal Barrokensemble – Maiatzak 17 | 20:00 | Leidor | Musika *EB*

Manuel de Fallaren lan klasikoaren berrasmatze ausarta da. Ikuspegi berritzaileagatik eta estilo historikoak eta interpretazio modernoak bateratzeko duen trebetasunagatik ezaguna den taldeak dimentsio berri bat ematen dio pieza enblematiko honi. 

 

Anari – Maiatzak 24 | 20:00 | Leidor | Musika

‘Giza Zarata’ izeneko diskoa aurkeztuko du Anari Alberdi abeslari azkoitiarrak. Mikel Txopeitia bateria, Xabier Olazabal baxu jotzailea eta Joaquin Pascual teklatu jotzailea eta gitarrista izango ditu laguntzaile.

 

Futbolist-Toc – Maiatzak 31 | 20:00 | Topic | Bakarrizketa

Zuhaitz Gurrutxagaren bakarrizketak nahasmendu obsesibo-konpultsiboarekin (TOC) lehian ari den futbolari profesional baten istorioa du ardatz. Realeko jokalari zenean berak bizitako esperientziak ditu oinarri. Aurrean dituen erronkak eta aurreiritziak aztertzen ditu obrak, indar mentala fisika bezain erabakigarria den mundu batean.

 

Dantza jaialdia – Ekainak 8 | 12:00 eta 18:00 | Leidor | Dantza

Udaleko dantza tailerreko ikasleek urte amaierako ekitaldia egingo dute.

 

Antzerki tailerra – Ekainak 14 | 20:00 | Leidor | Antzerkia

Udaleko antzerki tailerreko ikasleen ikuskizuna da, eta ikasturtean zehar landu duten antzezlana plazaratuko dute.

 

‘Kanpora sartzen’  – Ekainak 28 | 20:00 | Leidor | Antzerkia

2013ko martxoaren 11n Xabinek seropositiboa zela jakin zuen. Xabinen eta birusaren arteko elkarbizitzaren testigu izango gara obra honetan, azken hamarkadan gertatutako pasadizoak errepasatuz. Pilulak, estigma, lotsa, kontsultak, beldurra, kulpa, bakardadea, osasun mentala, terapia, pandemia... Nola eragin du birusaren etorrerak Xabinen eguneroko bizitzan? Lehen pertsonan idatzitako istorioa da, sentimendu gordinenen eta umorearen arteko oreka bilatzen duena.