Javier Ortiz tolosarraren argazki-erakusketa ikusgai, Aranburu Jauregian, otsailaren 29tik aurrera

Tolosako Udala
2024/02/27 | Kultura, Gazteria, Jaiak
  • ‘Rapa das bestas’ izena duen Galiziako ohituran oinarritutako argazki bildumak, mendian libre bizi diren zaldiak jaso eta beren bizilekuetara itzuli bitarteko prozesuaren irudiak biltzen ditu. 
  • Erakusketaren irekiera ekitaldia ostegunean, otsailak 29 izango da, arratsaldeko 19:00etan eta bisita gidatua eskainiko du egileak berak. 

 

Datorren ostegunetik aurrera, Javier Ortiz argazkilari tolosarraren erakusketa jasoko du Aranburu Jauregiak, apirilaren 6a bitarte. 

‘Rapa das bestas’ izeneko erakusketa hau, hain zuzen ere, izen bereko Galiziako ohituran oinarritua dago. Mendian libre bizi diren zaldiak bildu, itxitura duen hondar-gune edo plaza batean sartu, harrapatu, markatu eta beren bizilekuetara bueltatzen dituzte. Erakusketak, prozesu horretako argazkiak jasotzen ditu. 

Ohituraren jatorria

Kondairak dionez, ohitura honek Sabucedo (Pontevedra) herrian du jatorria. Bertan bizi ziren bi ahizpak bi behor (bestak) eskaini zizkioten San Lorentzo parrokiako zaindariari, izurriteen aurrean babestu zitzaten. 

Izurriaren mehatxuak iraun zuen denboran, bi ahizpak txabola batean babestu ziren eta behin pasata, emandako hitza betez, bi behorrak eman zizkioten herriko erretoreari. Honek mendian aske utzi zituen eta denborarekin behorrak ugaldu egin ziren inguruko mendietan.

Irekiera ekitaldia eta bisita gidatua, ostegunean

‘Rapa das bestas’ argazki erakusketa ikusgai egongo da, beraz, datorren ostegunetik, otsailak 29, apirilaren 6a arte, asteartetik larunbatera, 17:30etik 20:30erako ordutegian. 

Dena den, ostegunean, erakusketaren irekiera ekitaldia egingo da arratsaldeko 19:00etan eta egileak bisita gidatua eskainiko du, erakusketako argazkien inguruko azalpenekin.