Mendiko zinemagintzaren eta artearen inspirazioa Tolosan Mendi Tourraren 14. edizioarekin eta “Harri, orri, ar-katz” erakusketarekin

Tolosako Udala
2024/03/05 | Kultura, Gazteria, Jaiak
  • 11 pelikula programatu dira, 2023ko BBK Mendi Film Bilbao-Bizkaian nabarmendu zirenak
  • “Harri, Orri, Ar-katz” erakusketak sekulako arrakasta izan zuen Bilbon, abenduan, eta Tolosakoa du bigarren egoitza

 

Mendi Film zinemaldiko pelikula onenen zirkuitu ibiltaria Tolosako Leidorrera itzuliko da martxoaren 11, 12 eta 13an. Mendi Tourraren 14. edizioa da Tolosan, saioetara bertaratzen direnek mendiko zinemarik onenarekin gozatuko dute beste behin. Eta ginga, bi erakusketek jarriko dute. Haietako bat, klasikoa Leidorren, CVCEPHOTO mendiko jardueren argazkilaritza lehiaketako ale onenekin osatutakoa. Eta bestea, berriz, nobedade azpimarragarria oso: “Harri, Orri, Ar-katz” eskalada krokisen nazioarte mailako erakusketa, Aranburu Jauregian martxoaren 8tik apirilaren 20ra bitartean egongo dena.

MENDI TOUR 2024

Mendia, abentura, muturreko kirolak eta naturako gaiak jorratzen dituzten pelikula zoragarriek osatuko dute Tolosako programazioa. Guztiak dira obra gomendagarriak mendizaleentzat, zinemazaleentzat nahiz publiko zabalarentzat.

BBK Mendi Film Bilbao-Bizkaia jaialdian iragan abenduan parte hartu zuten 11 film eskainiko dira, Mendi Filmeko palmareseko 7 sari jaso zituztenak, hau da, hango palmaresaren zati handi bat dakar Tolosako aurtengo programazioak.

Sari Nagusia eta zuzendaritza onenaren saria jaso zituen “The Great White Whale” da pelikula izarra. Michael Dillon australiarraren maisu-lana da. 60. hamarkadako espedizio itzel batean oinarritua dago, alpinismoa eta nabigazioa uztartu zituena Australiako mendi garaiena, Ozeano Australaren erdian dagoen Big Ben sumendia, eskalatzeko xedez. Pelikula hau Bilbon estreinatu zen nazioarte mailan, beraz Tolosakoa harrez gero lehenetariko emanaldia da.

Lehen saioa, astelehenekoa, film laburren eguna da. Sorta oparo eta biziarekin, denetariko gaiak, jarduerak eta filmagintzak ezagutzeko parada bikaina. Egun horretan, gainera, Tolosan errotua dagoen Oreka slack-line taldearen filma proiektua aurkeztuko da: Nerbioi ur-jauziko high-line jarduera, Euskal Herrian sekula egin den luzeena, ia kilometro bateko lerroarekin. Mendi Film Bizkaia Ternua Beka jaso du proiektuak, eta aurtengo abenduan estreinatuko da filma Bilbon, Mendi Filmen.

Bigarren saioan, berriz, Mendi Filmen bi sari irabazitako “Rope” (Mendiko Film onena eta Soinu Banda onena) aurkeztuko da, Kazuya Hiraide japoniarraren inguruko lana, Urrezko 3 Piolet irabaziak dituen alpinista. 

Pelikula guztiek dituzte euskarazko edo/eta gaztelaniazko Subtítulos. Hori baliatzen dute, besteak beste, ikusle gorrek, eta asteartean programatu den “Elevated” film laburrarekin (Eskaladako Film Onena), gainera, lotura estua sentituko dute, protagonista Sonya Wilson baita, eskalatzaile eta mendizale gorra, estatubatuarra. 

Tolosako Udalak, Kirol eta Kultura departamentuen bidez, babestu du, beste behin Leidorren egingo den Mendi Tourra, eta orain arteko edizio guztietan bezala, bidaide fidela du babesletza horretan, TolosaGasa. EITB taldea ere Mendi Tourraren babesle sokadako kide da.

Erakusketak: HARRI, ORRI, AR-KATZ Aranburu Jauregian eta CVCEPHOTO Leidorren

Leidorren zine saioak egingo diren egunetan, CVCEPHOTO erakusketak jantziko du harrera gunea. Mendiko jardueren nazioarteko argazkilaritza lehiaketa honen lehen zazpi edizioetan sarituak izan diren lan nagusiekin osatutako erakusketa da: Krystle Wright, Paul Bride, Christian Pondella, Rainer Eder, Yhabril, José Allende, Paul Zizka,… outdoor argazkilari entzutetsuen lanak.

Aranburu Jauregia da aurtengoaren beste Kanpaleku Nagusia, dirdira berezia izango duena. “Harri, Orri, Ar-katz” eskalada krokisen erakusketa gozatu ahal izango da bertan, martxoaren 8an hasi, eta apirilaren 20ra bitartean. Eskalada krokisaren historia, lanak eta egileak ezagutaraztea helburu duen erakusketa da.

Joan zen abenduan, Bilbon, Mendi Filmen, estreinatu zen eta sekulako harrera izan zuen. Donostiako Club Vasco de Camping elkarteak babestutako produkziotik sortutako erakusketa da, mundu osoko ilustratzaile eta eskalatzaileen ekarpenekin jantzia, besteak beste, Armand Ballart, Phillipe Barthez, François Carrafancq, Rolo Garibotti, Jean eta Pierre Ravier, Christian Ravier, Jeremy Collins, Chema Agustín, Ángel López Cintero, Clay Wadman, Julio Villar, Timmy O'Neill, Eric Sloan, Rhiannon Klee Williams, Craig Muderlak eta Oscar Masó.

Tolosakoa, erakusketaren bigarren geltokia da, beraz aukera fresko bezain paregabea da hartaz gozatzeko. Erakusketako arduradunek, gainera, lan berezia egin dute Gipuzkoako mendi eta haitzetako krokisak eta ilustrazioak biltzen, batez ere Txindokiri indar handia emanaz.

MENDI TOUR TOLOSA 2024 EGITARAUA

Erakusketak

  • Martxoak 8 – Apirilak 20: HARRI, ORRI, AR-KATZ | Aranburu Jauregia
  • Martxoak 11-12-13: CVCEPHOTO | Leidor aretoko halla

Zine saioak

  • Saioak 19:30ean hasiko dira.
  • Sarrerak eta bonuak Leidorko leihatilan nahiz on-line eskuratu daitezke.
  • Jatorrizko bertsioetan eskaintzen dira pelikulak, Mendi Filmek sortutako azpitituluekin lagunduta.
  • Zeinu hizkuntza interpretazioa eskainiko da pelikulen aurkezpenetan.

Martxoak 11 astelehena

15’

Zuz: Julen Elorza

Hizkuntzak: EN/IT

LA GARA

 

Kima, La Gara, munduko mendi lasterketarik gogorrenetarikoa da. Italiako Alpeetan egiten da, eta nazioartean oso ezaguna ez den arren, nortasun handia dauka. Lasterketa ikoniko horren istorioa da hau, eta bide batez, baita Hillary Gerardi korrikalariarena ere, paisaia liluragarrietan barrena korrika eginez amets bat gauzatu nahian: Kima lasterketako emakumezkoen marka berria ezarri nahi du.


 

14’

Zuz: Ben Page, Joe Schusler, Thomas Woodson

Hizkuntzak: EN

CAFÉ AMERICANO

 

Aitak Italiako bidaia baten argazkia erakutsi zion gaztea zenean, eta oroitza hark inspiratuta, handik 20 urtera, Shawn Neer bidaia batean murgilduko da, Italiako kaferik onenaren, eta bide batez, mendiko bizikletarako xendarik onenen, bila.

10’

Zuz: Mikel Sarasola

Hizkuntzak: EU/ES

ZERBAIT ALDATU DA

 

Pirinioak muturreko kayakean aritzeko paradisua bihurtzen dira udaberrian, desnibel handiko ibai txikiak urtzarotik urez betetzen direnean. Eta mendikateko ibai guztien artean, hegoaldeko isurialdean, bat nabarmentzen da: Ara ibaia. Ezaguna da ur gardenak dituelako eta batez ere  arrapala luze eta ikusgarriak dituelako. Pirinioetako harribitxia da. Jan Larrue eta Mikel Sarasola batu egin dira ibai hori iturburutik jaisten saiatzeko. Han goian aurkituko dutenak liluratuta utziko ditu, baina jaitsierak hain atseginak ez diren sorpresak ere ekarriko dizkie. Zerbait aldatzen ari da Pirinioetan.


 

10’

Zuz: Kirk Horton

Hizkuntzak: EN

LIGHT BEAMS FOR HELENA

 

Helena Bourdillon, bere mugak urratzen ari da apnearen munduan, arnasaldi bakarrarekin sakonera pentsaezinetaraino murgilduz. 20 urte lehenago jabetu zen urpekaritzan aritzeko dohain berezia zuela, bere buruaz beste egiteko zorian egon zenean. Film honetan bere bidaia depresiboaz eta osasun mentalaren inguruan eginiko lanketaz hitz egiten du, eta ur sakonen iluntasunean murgiltzeak bizitzari eta argiari buruz zer irakatsi dion erakusten du.

42’

Zuz: Bertrand Delapierre

Hizkuntzak: FR

 

*Mendi Film 2023:

- Argazkilaritza Onena


 

LA LIGNE DE L’ANGE

 

Nathan Paulin, beharbada munduan zeharkaldi gehien burutu dituen slacklinerra da. Bere pasioa 2 cm-ko zabalera duen zinta batetan ibiltzea da, pasioa lanbide bihurtzeraino, eta beti erronka berrien bila ari da. Bere linearik luzeena izan litekeena burutzeko erronkaren prestakuntzan lagun izango du kamera urtebete baino gehiagoz: 2.200 metroko zeharkaldia, Mont Saint-Michel konektatzeko.



 

Zuz: Dani Cascales eta Mario Hidalgo (Oreka Tolosa)

HIGLINE: NERBIOI

 

Mendi Film Bizkaia Ternua Beka jaso duen proiektuaren aurkezpena.

  • 10.000 euro dirutan

  • Aholkularitza

  • Mendi Filmen estreinaldia, 2024ko abenduaren 6tik 15era

Martxoak 12 asteartea

7’

Zuz: Keila Cepeda

Hizkuntza: ES

*Mendi Film 2023:

- Epaimahaiaren Aipamen Berezia

CHIMBORAZO

 

Chimborazoko izotz-biltzaile edo hieleroek, beren herria hornitzeko izotza apur bat txikitzearen ordainetan, ehunka urtez jasan dute Ekuadorko Andeetako sumendi horren zakartasuna. Gaur egun, desagertzeko zorian dagoen lanbidea da, Baltazar Ushca da horretan aritzen den azkena. Zahartu den arren, egunero oinez osatzen du, ordu luzez, Chimborazo sumendiaren glaziarrerainoko bidea, handik izotz bloke handiak ateratzeko, eta hiri hurbilenean saltzeko.

 

15’

Zuz: Palmer Morse

Hizkuntza: EN

*Mendi Film 2023:

- Eskaladako Film Onena

ELEVATED

 

Eskalatzaileentzat ezinbestekoa izan ohi da modu eraginkorrean komunikatzea. Kontzentrazioa, dedikazioa eta beldurra gainditzea eskatzen duen jarduera da. Sonya Wilson eskalatzaile gorrarentzat, komunikazioak eta komunitateak berebiziko garrantzia dute. Elkarrizketarik gabeko filma da, Sonyak emakume gor gisa, eta naturan eginiko jardueren defendatzaile gisa, duen esperientziarekin bat egiten duena. Gorren komunitatearen eta naturan egiten diren jarduerak jomuga dituen industriaren arteko etena ixteko borrokan ari da.

29’

Zuz: Moe Wada

Hizkuntza: JP

*Mendi Film 2023:

- Mendiko Film Onena

- Soinu Banda Onena

ROPE

 

Kazuya Hiraidek Urrezko Pioleta hirutan irabazi du, Kamet, Shispare eta Rakaposhi mendietan zabaldutako bide berrien aitortza gisa. Duela 20 urte Tirich Mirreko ipar isurialdean (7708 m, Hindu Kush, Pakistan) ibilbide eder bat begiz jo zuen. 2022 urte amaieran, Kenro Nakajimari proposatu zion hura elkarrekin eskalatzea. Nakajima bere soka-laguna izan da 2016tik. Bi alpinistek oxigeno artifizialik eta euskarri handirik gabe ekingo diote igoerari, inork ez du ibilbide hori lehenago eskalatu, eta ez dakite zein arriskuri aurre egin beharko dioten. 6 egun eta 6 gau borrokan aritu ostean, Tirich Mir gailurrera iristea lortuko dute.

54’

Zuz: Brian Mathé & Morgan Mounchaud

Hizkuntzak: FR/EN

CAPTAINS ON EL CAP

 

Seb Berthe-ren ametsa “The Dawn Wall” eskalatzea da, munduko biderik zailena, eta Belgikatik Estatu Batuetara, El Capitán-era, iristeko, ezohiko bidaia egingo du. Sei eskalatzaile, bi marinel eta txakur batek osatutako taldea bildu, eta Atlantikoa belaontzi batean zeharkatuko dute hasteko. Ameriketan, autokarabana mexikar zahar batean jarraituko dute bidea gero, Yosemiteraino. Eta behin hara iritsita, talde osoak lagunduko dio Seb-i The Dawn Wall-eko erronka itzelean.



 

 

Martxoa 13 asteazkena

104’

Zuz: Michael Dillon

Hizkuntza: EN

 

*Mendi Film 2023:

- Sari Nagusia

- Zuzendari Onena

THE GREAT WHITE WHALE


Ozeano Australaren sakonean, Australia eta Afrika arteko erdibidean, 2700 metroko altuera gainditzen duen sumendi elurtua balea zuri handi bat balitz bezala azaleratzen da itsasotik. Mendi handi horren haserreak atzera eginarazi zion hura eskalatzen saiatu zen lehen taldeari. Hala ere, berriro ekin zioten. Bi espedizioen istorio aparta da hau, bizi izan zituztenek kontatua, eta horietako batek istorioa kantuz ere kontatzen du, abentura honi are epika handiagoa emanaz.