Sanjoanetako eskopetarien arma guztiak erregistratu eta parte hartzeko baimena beharko dira atera ahal izateko

Tolosako Udala
2024/02/22 | Kultura, Gazteria, Jaiak
  • Armen erregelamenduko aldaketen artean, salbak botatzeko eta armak balioztatzeko protokolo berria daude.
  • Maiatza amaitu baino lehen eskopetari guztien armak erregistratu beharko dira.

 

Tolosako Udalak eta Sanjoanetako eskopetarien konpainiek osatutako Tolardea elkarteak agerraldi bateratua egin dute, armen erabileraren araudian izan diren aldaketek alardean nola eragingo duten azaldu asmoz. 

Zer eta zergatik aldatu da?

Ekainaren 24an alardea egin ahal izateko Espainiako Gobernuaren Ordezkariordetzaren Birsorkuntza Historikoetarako baimena behar izaten da. Aurten, ordea, Ordezkariordetzak baimen hori eskuratu ahal izateko eskakizunak aldatu ditu, armak eskuratu eta edukitzeko kontrolari buruz 2017an Europako Parlamentuan onartutako legean oinarrituta. 

Arrazoi nagusi bat dago aldaketa horien atzean: delituzko helburuekin armen erabilera ekiditeko neurriak hartzea. Izan ere, Sanjoanetan erabili ohi diren arma mota hauek manipulatuz zenbait atentatu terrorista izan dira. Horregatik, jarduera historikoetan erabiltzen diren armak ere kontrolpean izan nahi dituzte Ordezkariordetzak eta Guardia Zibilak.

Horrek zuzenean eragingo dio alardearen antolaketari, eta ospatu ahal izateko eskakizun horiek bete beharko dituzte udalak, eskopetari konpainiek eta parte hartzaileetako bakoitzak. 

Zer betekizun ditu udalak?

Udalak ere betebeharrak izango ditu baimena eskuratzeko. Nagusiena segurtasun-neurriak hartzea izango da, bai aurretik baita alardean bertan ere. 

Esaterako, armen kontrola egiteko, konpainietako kide guztien armak erregistratu beharko ditu Espainiako Gobernuaren Gipuzkoako Ordezkariordetzan. Desfilearen ibilbidea, ordutegiak eta tiroak botzeko lekuak ere zehaztu beharko ditu. Orain arte egin moduan, istripuetarako eta erantzukizun zibileko aseguruak ere izan beharko ditu.

Zer betekizun dituzte eskopetarien konpainiek?

Konpainietako parte hartzaile bakoitzak Tolardearen erabilera-baimena eta Guardia Zibilaren arma-lizentzia eskuratu beharko ditu maiatza amaitu baino lehen, halakorik ez duenak ezingo baitu parte hartu. 

San Joan egunean ere arau batzuk errespetatu beharko dira. Arma ezingo da kargatuta eraman, eta zehaztutako lekuetan bakarrik bota ahal izango dira salba edo tiroak, eta erabat debekatuta egongo da leku horietatik kanpo tiroak botatzea. Munizio arduradun bat izango du konpainia bakoitzak, eta hark kontrolatuko du guztia modu egokian egiten dela. Parte hartzaileek, gainera, erabat debekatuta izango dute beste norbaiti arma uztea, izan tiroak egiteko edo bestelako erabileraren bat emateko.

Ordutegia ere zorrotz bete beharko da: 20:30erako armak jaso egin beharko dira, eta ezarritako ordu mugatik kanpo ezingo dira armak kalean erabili.

Alardea kontrolatu egingo dute aurten, eta isunak egon daitezke, armak ez badaude behar bezala inskribatuta, eta aipatutako arauak beteko ez balira.

Nola egingo da armen erregistroa?

Hiru gauza aurkeztu beharko dira erregistroa egiteko: norberaren eskopeta, NANa eta Tolardearen erabilera-baimena. Azken hau eskuratzeko konpainia bakoitzeko kapitain edo arduradunek zehaztuko dute kasu bakoitzean. 

Behin guztia eskuratuta, parte hartzaile bakoitzak Guardia Zibilaren Tolosako kuarteletik pasa beharko du arma-lizentzia eskuratzera. Konpainia bakoitzari aste bat egokitu zaio, eta konpainia bakoitzak zehaztuko die bere kideei zein izango den bakoitzaren epea. 

Eskopeta eramango ez balitz, ezingo da ez aurten ezta aurrerantzean ere erabili. Erregistro hau ez da urtero egin beharko, behin eginda erregistratuta geratuko baita arma bakoitza.

Behin hori eginda, zer?

Udalak alardea egiteko baimena eskatuko dio Espainiako Gobernuaren Ordezkariordetzari ekainaren hasieran. Ordurako arma guztiak erregistratuta, parte hartzaileen zerrenda lotuta, ibilbide eta salben kokalekuak zehaztuta eta asegurua kontratatuta izan beharko ditu. Epe horretarako ez balitz dena erregistratuta egongo, Tolosak ez luke alardea egiteko baimenik eskuratuko.

Tolosako Udalak eta eskopetari konpainia guztietako kapitainek gaiari dagokion seriotasuna emateko eta arduraz jokatzeko eskatu dute: “Jai giroa nagusi duen alarde parte hartzailea da Tolosakoa, eta hala mantendu nahi genuke. Baina egin ahal izateko arau hauek betetzera behartuta gaude eta parte hartzaile guztiei hori errespetatzea eskatzen diegu, denon onerako izango baita”, azaldu du Aitzol Garzia, Jaietako zinegotziak.