Tolosako nerabeen aisialdia indartzeko DBH 1 - 4 bitarteko ikasleei zuzenduriko parte hartze prozesua abiatu du Udalak

Tolosako Udala
2024/03/08 | Kultura, Gazteria, Jaiak
  • Hiru fasetan burutuko da: Entzute fasea, Deliberazio fasea eta Aurkezpena, eta fase bakoitzean nerabeen inplikazio eta parte hartzea sustatuko da. 
  • Lehen fasea dagoeneko abian da eta nerabeek herriko aisialdiaren inguruan duten iritzia ezagutzeko inkesta anonimo bat egin du Udalak eta hori erantzungai dago jada gazteei zuzenduta sortu duen atarian.  

 

Aisialdiari eragiten dioten politiken diseinuan herriko nerabeak inplikatzearen garrantziaz jabetuta, Tolosako Udalak hauei zuzenduriko parte hartze prozesua jarri du abian, herrian nerabeei zuzenduriko aisialdi-jarduerak indartzeko asmoz. 

Egistasmo honen bitartez, erantzuna eman nahi zaie ‘Haur, nerabe eta gazteen diagnostikoa eta ekintza plana 2023-2027’ dokumentuan identifikatutako kezkei. Antzerako proposamen eta kezkak ere plazaratu ziren 2022ko Herritarren Batzarrean, baita Udalak martxan jarri berri duen Hezkuntza Mahaian ere. 

Izan ere, Tolosako Udalak gazte eta nerabeentzako aisialdi-aukerak hobetzeko konpromiso irmoa du eta, parte hartze prozesu honen bidez, dauden aisialdi-eskaintzak aberasteaz gain, gazteengan komunitatearekiko lortura eta erantzukizuna sustatu nahi ditu.

Osoigo enpresa izango da parte hartze prozesuaren arduradun eta dinamizatzaile, eta teknologia eta metodologia berritzaileak erabiliko ditu prozesua aurrera eramateko. 

Hiru fasetan gauzatuko da: Entzute fasea izango da lehena; Deliberazio fasea ondoren, eta Aurkezpen faseak emango dio amaiera. Guztietan nerabeen inplikazioa eta parte hartze zuzena sustatuko dira. Horretarako, besteak beste, ikastetxeekin elkarlanean eta eskola ordutegiaren barruan egingo dira saioak, inplikazio hori errazte aldera. 

Lehen faseari heltzeko gazteen ataria prest

Lehen fasea, hau da, entzute-fasea, dagoeneko abian da eta helburu du Tolosako nerabeek herriko aisialdiaren inguruan daukaten pertzeptzioa edota ideiak jaso eta ezagutzea. 

Horretarako DBH 1 eta 4 bitarteko nerabeek inkesta digital guztiz anonimoa osatuko dute, aisialdiari buruzko lehentasunetan eta iritzietan oinarrituta. Inkesta hori dagoeneko ikusgai eta erantzuteko prest dago Udalak gazteei zuzenduta espresuki sortu duen atarian

Parte hartze saioak, udaberritik aurrera

Inkesta horren emaitzetatik abiatuta diseinatuko da bigarren fasea, deliberazioarena. Horretarako, prozesuko bigarren atala osatuko duten aurrez-aurreko 3 lan saioetan parte hartzeko interesa duten nerabeen artean, zozketa zibikoa egingo da. 

Behin talde parte hartzailea osatuta, apirilean ekingo zaie lan saioei, eskola-ordutegiaren barruan betiere. Gainera, prozesu honen partaide izateak nerabeen hezkuntzan eraginik izango ez duela ziurtatzeko, parte hartze saioak egun ezberdinetan egingo dira, beti ikasgai berdina galdu ez dezaten. Era berean, saio horiekin hasi aurretik, prozesuari buruzko informazioa emango zaie hautatuak izan diren nerabeen gurasoei. 

Amaitzeko, lan saio horietan landutako proposamenak txosten publiko batean jaso eta argitaratuko dira eta aurkezpen fasean Udalari aurkeztuko zaio, nerabe-taldeen lana mahai gainean jarriz.