Tolosako Udalak haurren ekarpenak jasoko ditu Haurren Hiria proiektuaren bitartez

Tolosako Udala
2023/11/03 | Kultura, Gazteria, Jaiak
  • Herriko gaztetxoenen iritzia jakiteko egitasmoaren 10. ekitaldia egingo da 2023-2024 ikasturtean, herria haurren ikuspuntutik hobetzeko helburuarekin
  • Ikasturte bakoitzean gai ezberdin bat jorratzen dute partehartzaileek eta aurtengoan haur, nerabe eta gazteen aisialdiaren inguruan hausnartuko dute

 

Tolosako Udalak haurren ekarpenak jasoko ditu Haurren Hiria proiektuaren bitartez. 2023-2024 ikasturtean egitasmo honen 10. ekitaldia egingo da eta bertan hartuko dute parte Herrikide Ikastetxeko, Laskorain Ikastolako eta Samaniego Ikastetxeko 8 eta 12 urte bitarteko haurrek. Hala, Tolosako Haurren Hiria proiektuaren helburua herria hobetzea da, haurren ikuspuntutik abiatuta. 

Helburu nagusia haurrei hitza ematea izanik, ikasturtean zehar saio ezberdinak antolatzen dira. Saio hauetan ikastetxe guztietako haur ordezkariak elkartzen dira eta ikasturte bakoitzean gai ezberdin bat jorratzen da. 

Haur, nerabe eta gazteen aisialdia hizpide

2023-2024 ikasturtean haurren aisialdiari begira jarriko dira eta haurren iritzia etorkizuneko erronkei aurre egiteko baliatuko da, izan ere Tolosako Udalak sustatzen dituen foro eta batzar ezberdinetan, behin eta berriz atera da haur, nerabe eta gazteen aisialdiaren inguruko hausnarketa egitearen beharra, eta hortik abiatuta, egokiena, haur, nerabe eta gazteei galdetzea izango da. 

Une honetan proiektuan parte hartu nahi duten haurrek izena emateko aukera dute, azaroaren 14ra arte. Izena emateko argibideak ikastetxeko zirkularrarekin bitartez banatu dira eta apuntatzeko argibideak http://labur.eus/tolosakoaisialdia webgunean eskaintzen dira. Interesa azaltzen duten haur guztien artean zozketa zibikoa bideratuko da. Honela, aniztasuna kontuan izanik (adina, jatorria, generoa, ikastetxea eta bizitokia) Haurren Kontseilua izendatuko da. 

Haurren Kontseiluaren lau lan-saio

Haurren Kontseiluarekin lau lan-saio bideratuko dira, ostiraletan eta eskola ordutan, goiz osoko iraupenarekin. Lehen saioa abenduaren 15ean izango da, bigarrena urtarrilaren 19an, hirugarrena martxoaren 22an eta laugarrena maiatzaren 3an. Saio guztiak Tolosako kultur etxean ospatuko dira eta adituak diren profesionalen laguntzarekin, aisialdirako aukerak aztertu eta hobekuntza proposamenak landuko dira. Honek gaiaren inguruan hausnartu, deliberatu eta Tolosako Udalari ekarpenak egiten lagunduko die. 

Haurren ekarpenak alkatea eta gainontzeko udal ordezkariei aurkezteko Mintza Txokoa izeneko saioa ospatuko da Tolosako udaletxean. Gainera, haur ordezkarien familiekin bi jarraipen bilera egingo dira, hilabete honetan eta maiatzean. Halaber, Haurren Kontseiluan parte hartzen duten ordezkariek gainontzeko gelakideei proiektuaren berri emateko bideak erraztuko dira. Azkenik, herritarrek proiektuaren jarraipena egiteko aukera izango dute http://labur.eus/tolosakoaisialdia webgunearen bitartez. Bertan, unean uneko informazioa eskainiko da ikasturtean zehar, baita izena emateko aukera ere.