Zazpi ekitaldi hartuko ditu Tolosak, Ahoz-Aho Ahozkotasunaren Nazioarteko Jaialdiaren barruan

Tolosako Udala
2024/02/15 | Kultura, Gazteria, Jaiak
  • Gaur abiatuko da jaialdia, Arrasaten, eta martxoaren 27ra bitarte, 25 artista ingururen 50 hitzordu baino gehiago eskainiko ditu 21 herritan.
  • Tolosan egingo diren ekitaldien artean dira, besteak beste, haurrei zuzendutako Ahozkotasunaren Gala Nagusia, Euskal Kontalarien Topaketa edota narrazio ikastaro trinkoa.

 

Gaur abiatuko da Arrasateko Kulturate espazioan, Intujai Teatrok antolatutako ‘Ahoz-aho 2024’ Ahozkotasunaren Nazioarteko Jaialdia. Martxoaren 27ra bitartean ospatuko da eta ahozkotasunari lotutako 50 ekitaldi baino gehiago jasoko ditu, Euskal Herriko 21 herritan.

Tolosak zehazki, zazpi ekitaldi jasoko ditu, horien artean, Ahozkotasunaren Gala Nagusia edota VIII. Euskal kontalarien topaketa. Narrazio ikastaro bat ere eskainiko da.

Ahozkotasunaren jaialdian gonbidatuen gehiengoa euskalduna izango den arren, nazioarte mailako artistak era izango dira, hala nola, Kubatik, Kolonbiatik, Letoniatik edota Kanadatik etorritako gonbidatuak. 

Ahozkotasunaren Gala Nagusia, martxoaren 13an

Tolosan egingo diren ekitaldietatik azpimarragarria da, besteak beste, martxoaren 13an, goizeko 09:00etatik aurrera, ospatuko den haurren Ahozkotasunaren Gala Nagusia. 

Leidor aretoan eskainiko da, Tolosako LH4 mailako ikasle guztiei zuzenduta. Ekitaldian Euskal Herriko zein nazioarteko 6 kontalarik hartuko dute parte eta helburua da kultura zein mundu ikuskera ezberdinak aurrez-aurre jartzea, elkar-ezagutzea eta harremanak ezartzea. 

Hauek dira Leidorren izango diren kontalariak: Carolina Rueda (Kolonbia), Iñaki Carretero (Euskal Herria), Vera Makucevica (Letonia), Eneko Haritza (Euskal Herria), Maider Galarza (Euskal Herria) eta May Gorostiaga (Euskal Herria). 

VIII. Euskal Kontalarien Topaketa eta Urrezko Kalabaza Sariak 

Martxoaren 23an ospatuko da, Amarotz auzoko Auzo-Etxean, goizeko 09:30etik aurrera. Dorleta Kortazarrek gidatuko du saioa eta, parte hartuko dute, besteak beste, Maider Galarza kontalariak, Iban Perret musikariak, Ixabel Millet idazle eta kontalariak eta Paul Urkijo zinema zuzendariak. Azken honi eskainiko zaio, gainera, aurtengo Urrezko Kalabaza saria, antolatzaileen hitzetan “ahozkotasunean oinarrituta, euskal tradiziozko ipuinak zinemara eramateko eta ipuin tradizionalen fantasia irudikatzeko duen gaitasunagatik”. 

Behin sariak banatuta, 12:30ean Kanadako Berceurs du Temps konpainiak ‘Kulunka Denbora’ emanaldia eskainiko du. Emanaldian, kulunka batzuk jarriko dituzte entzuleak bertan eseri daitezen, eta kulunkatu bitartean sehaska kantak entzun ditzaten.

Arratsaldean, 17:00etan, topaketari amaiera emateko musika emanaldia eskainiko da, Bidegoxo jatetxean, Bikustik eta Dj Aritz Leepunen eskutik. 

Narrazio ikastaroa

Narrazio ikastaro trinkoa ere eskainiko da, otsailaren 24an eta 25ean, Amarotzeko Auzo-Etxean, Aldo Mendez kontalari kubatarraren gidaritzapean. 

Ikastaroa 10 ordukoa izango da, otsailaren 24an, larunbata, 10:00-13:00 eta 15:00-19:00 bitartean eta 25ean, igandea, 10:00-13:00 bitartean. 

Tolosan eskainiko diren ekitaldien egitaraua: 

Otsailak 24 | 20:30 | Berazubiko auzo elkartea | Helduentzako | Gazteleraz
Aldo Mendez (Kuba)

Otsailak 24-25 | Amarotzeko Auzo-etxean | Helduentzako | Gazteleraz
Narrazio ikastaro trinkoa - Aldo Mendez (Kuba)

Martxoak 4 | 17:30 | Amarotzeko Auzo-Etxean | Umeentzako | Euskaraz
Vera Makucevica (Letonia)

Martxoak 13 | 10:00 | Leidor | Umeentzako | Euskaraz
Ahozkotasunaren Gala Nagusia

Martxoak 14 | 18:00 | Berazubi auzo elkartea | Umeentzako | Euskaraz
Ixabel Millet (Euskal Herria)

Martxoak 16 | 10:00 | Amarotz Basoa | Helduentzako | Gazteleraz
Aitor Ventureira (Euskal Herria) - El bosque mítico: un paseo por las creencias, ritos y leyendas de nuestros árboles

Martxoak 23 | 9:30-17:00 | Amarotzeko Auzo-Etxean | Haur eta helduentzat
VIII. Euskal kontalarien topaketa

9:30 - Ahozkotasunetik sortua hitzaldiak 

12:00 - Urrezko kalabaza sariak

12:30 -  Kulunka denbora emanaldia

17:00 - Rockaren klasikoak akustikoan musika emanaldia + Dj Aritz leepun

 

Ikusi hemen Jaialdiaren egitarau osoa, gainerako herrietan eskainiko diren ikuskizunekin