Inauguratu da Nafarroa etorbidea, eraberritze lanen ostean

Tolosako Udala
2017/12/05 | Obrak, Zerbitzuak, Auzoak
  • Oinarrian, autoen eremua murriztu da eta oinezkoena zabaldu. Kale osoa maila berean geratu da, eta aurretik zeuden hainbat elementu mantentzeaz gainera, jasangarritasunaren bidean, ur zikinak eta euri-urak bereizteko sistema jarri da eta kaleko argiak berritu, led sistema ezarriz.

  • Olatz Peon Ormazabal alkateak nabarmendu du Tolosarrentzat “eremu zabalagoa, irisgarriagoa, jasangarriagoa eta atseginagoa dela orain” Nafarroa etorbidea, eta bizilagunen eta bertako merkatari zein ostalarien “pazientzia eta Udalarekin izan duten hartu-emana” eskertu die.

 

Inauguratu berri da Nafarroa Etorbidearen eraberritzearen ondorengo itxura berria. Aurreikusi bezala, eguberrietarako amaitu dira lanak eta zonaldeka burutu dira, fase ezberdinetan banatuta, bizilagun zein herritarrei ahalik eta eragozpen gutxien eragiteko. Merkataritza Biziberritzeko 2012ko Plan Berezia zegoen proiektuaren oinarrian, PERCO deiturikoa, eta birmoldaketa Tolosako Udalaren inbertsio nagusia izan da 2017an: milioi baten bueltako euroko aurrekontua izan du.

Eguberrietako argien piztueraren ondoren izan da ekitaldia. Olatz Peon Ormazabal alkateak, kaleko merkatariak eta bizilagunen ordezkariek hartu dute hitza. Alkateak nabarmendu du tolosarrentzat “eremu zabalagoa, irisgarriagoa, jasangarriagoa eta atseginagoa dela orain” Nafarroa etorbidea: “helburu dugu erdiguneko trafikoa arindu eta oinezkoei lekua egitea. Gainera, merkatari zein ostalaritzari begira, eragin positiboa izango duelakoan gaude”. Unea baliatu du alkateak herritar ororen, baina bereziki bizilagunen eta bertako merkatari zein ostalarien “pazientzia” eta Udalarekin izan duten “zuzeneko harremana” eskertzeko.

Bertaratu direnek, Musika Eskolako akordeoi taldearen soinuez, Udaberri Taldeko dantzaz eta Gorrotxategiko txokolate beroaz gozatzeko aukera izan dute.

Tolosako Udala lanean ari da jada honako kaleak birgaitzeko proiektuetan: Batxiler Zaldibia, Pedro de Tolosa, Kale Nagusia Korreo eta Enperadore kalearekin lotzen duten pasadizoak eta Gudari kalea.

Birmoldaketaren xehetasunak

Oinarrian, kalean autoen eremua murriztu da eta oinezkoena zabaldu. Oro har, gaur egungo zirkulazioaren norabideak mantendu dira, eta batez ere aparkalekuak eta beste kale batzuetarako sarbideak aldatu dira; eta, era berean, oinezkoentzako baldintzak hobetu.

Kale osoa maila berean geratu da: bidearen eremu berria asfaltozkoa da, nahiz eta baldosa itxura eman zaion, eta espaloiak, berriz, “tolosana” izendun baldosa hidraulikozkoak bi aldeetan. Espaloiak, hala, askoz zabalagoak geratu dira; beti ere 4,5 metro ingurukoak.

Zirkulazioko erraien zabalera murriztu da, gutxi gorabehera 3 metroraino, eta horrela, ibilgailuen abiadura murriztea lortu da. Zirkulazioaren norabide bakarra mantendu da, aparkaleku ilara bakar batekin (lerroan), iparraldeko espaloiaren ondoan (Posta bulegoa), etorbidearen zati luzeenean. Foruen etorbideko bidegurutzearen ondoren, berriz, zirkulazioaren bi noranzkoak mantendu dira: lehen zatian zama-lanetarako gune bat dago hegoaldeko espaloiaren ondoan, eta hurrengo zatian, zirkulazioko bi errai, zubiranzko noranzkoan. Modu horretara, oro har, aparkalekuak zirkulazio-erraiaren ipar aurpegian geratu dira; alde horretan ez dago ez pasabiderik ez plaza-kopurua murriztuko duen bestelako etenik.

Beste kale batzuekiko loturak eta bidegurutzeak espaloien bidez (ibilgailuek norantz biratu beharko duten adierazten dute) eta seinale horizontal berri eta argiagoen bidez ordenatu dira.

Eraberritzearen baitan, ur zikinak eta euri-urak bereizteko sistema ezarri da. Orain, euri-urak, araztegira joan beharrean ur zikinarekin batera, zuzenean ibaira doaz.

Kaleko altzariei dagokienez, gaur egun eremu honetan dauden elementu batzuk mantendu dira: postontzia, loteriako kioskoa eta TAOko makinak. Bidearen bi aldeetara, aparkalekuetan nahiz errepidean, zuhaitzak jarri dira, kalearen itxura orokorra leuntzeko eta hobetzeko, eta txorkoak eta zuhaitzen enborren babesak gehitu dira. Horretarako, udaberrian ikusgarri loratzen den neurri txikiko espezie bat aukeratu da. Zezen plazaren inguruan berriz, lorontziak jarri dira, Oria kalekoen berberak, atmosfera berdina izan dezan inguruak.

Bizikleteroak ezarri dira ere. Aurretik zegoena berrezarri da eta beste hainbat jarri dira kalean barrena. Oinezkoen erosotasuna bermatzeko ere, eserleku kopurua handitu da.

Horrez gain, jasangarritasunaren bidean, kaleko argiak berritu dira, led sistema ezarriz, oinezkoen segurtasun-baldintzak hobetzeko eta ingurumena babesteko.

Banaketa horren bidez, elementuak ordenatzea, etorbidearen itxura orokorra garbiagoa izatea eta oinezkoen eremuak zabaltzea lortu da, era horretara kalearen funtzionamendua arinagoa eta erosoagoa izan dadin.

Eraberritzeak Eusko Jaurlaritzaren babesa jaso du Hirigune programaren bitartez.

Argazkiak