Zabalik da Tolosako aurrekontu parte-hartzaileen baitan proiektu gogokoenaren alde boza emateko epea

Tolosako Udala
2023/11/06 | Tolosatzen
  • 16 urtetik gorako Tolosan erroldatutako herritarrek 17 proiektuz osatutako zerrendaren aurrean bozka bakarrarekin hiru egitasmo lehenenesteko aukera izango dute
  • Tolosako Udalak gaur astelehena, azaroak 6, 18:00etan, zalantzak argitu eta azalpenak emateko saio irekia egingo du kultur etxeko bigarren solairuan

 

Tolosako Udalak, gaur astelehena azaroak 6 zabaldu du aurrekontu parte-hartzaileen bozka fasea eta 16 urtetik gorako Tolosan erroldatutako herritarrek 17 proiektuz osatutako zerrendaren aurrean hiru egitasmo lehenesteko aukera izango dute azaroak 12ra arte. Bakoitzak behin bakarrik izango du bozkatzeko aukera. Bozka eskuz postontzietan, UDATEn eta kultur etxean edo telematikoki ondoko estekan eman ahalko da: https://aurrekontuak.tolosa.eus/  

Udal teknikariek ekonomikoki eta teknikoki bidegaragarriak diren 17 proiektu zerrendatu dituzte, guztira 1.290.000 euroko kostuarekin. Baina gehienez 500.000 euroko mugarekin bideratu ahalko dira 2024 urtekoak eta horregatik, Udalak premiazkoenen alde boza ematera animatu nahi ditu herritarrak. Beraz, herritarren bozkak ezarritako lehentasunaren arabera eta ezarritako diru mugaren baitan bideratuko dira 2024 urterako herritarrek lehenetsitako egitasmoak. 

Eskaera-proposamen asko ez dira bozketa fasera igaro, jada 2024 urteko aurrekontu aurreikuspenaren baitan jaso direlako edota udal mantenu planaren baitan jaso eta beraren bitartez bideratuko direlako. Esate baterako, tren estazioko plaza berritzeak proiektu bat idaztea eskatzen du eta aurreikusita dago beraren kontratazioa hurrengo urtean.

Ingurumena, Hirigintza eta haurren beharrekin lotutakoak

Zerrendan ikusi ahal denez, proposamen gehienak Ingurumena, Hirigintza eta haurren beharrekin zerikusia dute. Hala, hiru atal bereizi dira. Tolosa, pertsona adatz duen herria atalean, ondoko lau proiektu gailendu dira:  Kalistenia eta kaleko kirol parkeak, 40.000 euro; Alondigan haur parkea, 115.000 euro; Tolosako haur eta nerabeei zuzendutako udaleku irekiak, 150.000 euro eta Tolosaldeko emakumeen historia ikertzea, 20.000 euro. Ingurunearen babesa eta udalerriaren nortasuna mantenduko duen herri garapen iraunkor eredugarria atalean, berriz, 12 proiektu bideragarri aukeratu ditu Udalak: Zabalarretan kiosko-aterpe bat, eszenatoki-aterpe itxi batekin, 50.000 euro; Bedaio auzoko frontoi egokitua, 20.000 euro; komun publikoa Larramendin, 80.000 euro; hilerrian komuna, 110.000 euro; Larramendin jolas eta ariketa fisikorako gunea, 110.000 euro; Emeterio Arreseko eraikina berritzea, 200.000 euro; haurrentzako ur parkeak, 50.000 euro; terraza publikoa Zerkausian, 150.000 euro; bizikleta aparkaleku egokiak jarri, 20.000 euro; Iurramendi eta Amarotz auzoak bidegorri bidez lotu, 60.000 euro; baso eskola programaren zabalpena, 20.000 euro eta energia bulegoa sortu, 65.000 euro.  

Bere aldetik, Tolosako garapen ekonomikoa sustatu hiri-ekonomia, industria eta lehen sektorea oinarritzat hartuz atalean, ondoko proiektua izan da gailendu dena: merkataritza sustatzeko plana, 30.000 euro. 

Orain, herritarrek horien guztien artean hiru lehenenesteko epea zabaldu da, azaroaren 12ra arte eta informazio gehiago nahi duenak gaur astelehena, azaroak 6, 18:00etatik aurrera kultur etxeko bigarren solairuan zalantzak argitu eta azalpenak jasotzeko saio irekian parte hartzeko aukera izango du. Horrez gain, behin bozketa fasea amaitzean, emaitzekin batera, prozesua eta proiektu desberdinen bideragarritasunaren azterketaren inguruko azalpenak emango dira.