Emakumeen autonomiaren eta erabakitzeko eskubidearen defentsan
Aurreko abenduaren 20an, Estatu espainolean PP buru den Ministroen Kontseiluak “Kontzebituaren eta emakume haurdunaren eskubideen babeserako” Lege Organikoaren aurreproiektua onartu zuen, egungo osasun sexual eta erreproduktiboaren eta borondatezko haurdunaldia eteteko 2/2010 LO aldatuz. Aldaketa horrek emakumeen autonomiaren kontra egiten du bete-betean edo, bestela esanda, oinarrizko giza eskubide gisa onartutako eskubide sexual eta erreproduktiboen aurka (*).Zartada batez ezabatu nahi dute hamarkadatako borrokaren bidez lortutako eskubidea: emakumeek beraien bizitza sexual eta erreproduktiboaren inguruan erabakitzeko eskubidea izatea, alegia, inolako tutelarik eta jarraipenik gabe. Egin asmo duten kontrarreformak emakumeen autonomia urratzen du, emakumeei heldutasuna, erabakitzeko gaitasuna eta ardura ukatzen die eta infantilizatu egiten ditu, abortatu ahal izateko beste batzuekiko menpekotasuna ezarriz. Hala, Estatuak eta medikuntzak interbenitutako erreprodukzio hutsera murriztu ditu emakumeon gorputzak. Finean, lege egitasmo honek emakumeak gutxi egiten ditu; haien borondatea eta haien bizitzarekiko kontrola haien eskuetatik kendu eta Estatuaren tutelapean ezarri.
Gaur egun, nahi gabe haurdun geratu izana izan ohi da haurdunaldia eteteko arrazoi nagusia. Bada, kontrarreformak emakume horiek guztiak ama izatera behartu nahi ditu, emakume horien guztien bizitza baldintzatu. Eta, era berean, nahi izandako haurdunaldia izan arren, malformazioak edo gaixotasunak identifikatutako kasuetan erabakitzeko aukera ukatu nahi dute, edozein modutan haurdunaldiarekin jarraitzera behartuz. Bortxaketarik legokeen kasuetan soilik baimendu nahi dute abortua baina horretarako salaketaren baldintza jarriz, jakin badakitenean bortxaketa asko salatu gabe geratzen direla.
Noren izenean egin nahi dute basakeria hau? Noren hobe beharrez? Zalantzarik ez dago emakumeen bizitzak behintzat ez dituela bereziki kezkatzen. Izan ere, indarkeria matxistaren itzalpean erailtzen eta erasotzen dituzten emakumeen bizitzak ez dira Gobernu espainiarraren lehentasuna. Ez da neurri edo baliabide berezirik ezartzen etengabeko eraso eta erailketa hauekin bukatzeko. Era berean, emakumeen bizi-kalitatea okerrera doa, zerbitzu publikoak deuseztearekin batera emakumeen bizkar geratzen ari baitira gero eta zaintza-lan gehiago. Esaterako, PPren Espainiako gobernua pertsona dependienteentzako laguntzak deusezten ari da, izan helduak, adin txikikoak edo dibertsitate funtzionala duten pertsonei bideratuak. Estatuak bere zereginetatik ezabatzen dituen zaintza-lanak familien gain geratzen ari dira eta, zehazki, familiako emakumeen gain.
Esanguratsua da, baita ere, kontrarreformarekin tematzen diren bitartean, prebentzioa lantzeari uko egiten diotela, haur eta gazteen hezkuntza afektibo-sexuala garatzeko baliabidea gero eta urriagoak eskainiz.
Edozein modutan, gauza jakina da (eta Munduko Osasunaren Erakundeak ere hala onartzen du) lege murriztaileek ez dutela abortu-kopurua gutxituko. Aldiz, haurdunaldia etetea erabakitzen duten emakumeak klandestinitatera edo atzerrira joatea behartuko ditu. Baliabide ekonomiko gutxi dituzten emakumeek klandestinitatera joko dute, emakume izateagatik jasotako bazterketari klase edo egoera sozio-ekonomikoarena gehituz. Bestalde, kontrarreforman ezarri asmo diren abortatzeko baldintza horiek ibilbide eta tramite korapilatsuak ezartzen dituzte, haurdunaldia eteteko unea atzeratuz eta emakumeon bizitzen gaineko arriskuak handituz.
Beraz, PPren gobernuak, jaio ez denaren eskubideak defendatzearen aitzakian, emakumeen eskubideak zapaldu nahi ditu, eta ez da kezkatzen emakumeek bizitzea merezi duen bizitzak izan ditzaten.
Emakumeen autonomiaren, bizitzaren eta gorputzaren aurkako eraso honen aurrean, Udal honek:
- PPk aurkeztutako “Kontzebituaren eta emakume haurdunaren eskubideen babeserako” legearen aurreproiektua gaitzesten du, atzerakoia delako eta emakumeen eskubideak urratzen dituelako.
- Udal honek emakumeen autonomiarekiko eta, zehazki, ugalketarako autonomiarekiko duten eskubidearekiko konpromisoa berresten du. Haurdunaldia eteteko erabakiak emakumeen borondatea izan behar du ardatz eta baldintza nagusi.
- Eusko Jaurlaritzari eskatzen dio emakumeek haien gorputzarekiko eta ugalketarekiko erabakiak askatasunez hartu eta gauzatu ahal izateko lege-babesa, osasun-babesa eta babes soziala berma ditzala.
- Udal honek, Haurdunaldiaren Borondatezko Eteteak osasun sistema publikoaren baitan egitearen aldeko hautua egiten du, pertsonal sanitarioaren kontzientzia objekzioa arautuz eta aipatutako zentro publikoetan emakumeek Haurdunaldiaren Borondatezko Eteterako duten eskubidea gauzatu ahal izateko beharrezkoak diren talde profesionalak daudela bermatuz.
- Udal honek, martxoaren 3ko 2/2010 legearen baitan egiten den edozein aldaketa, emakumeentzat oinarrizkoak eta berezkoak diren eskubideak zabaltzera bideratu dadila eskatzen du, emakumeek ama izan ala ez erabakitzeko ahalmena izan dezaten.
- Erreforma honi erantzun bateratu bat emateko mugimendu feminista eta emakumeen mugimenduak egindako lan itzelari errekonozimendua egiten dio, eta Udal honek bat egiten du eskubide hau babesteko mobilizazioekin.
- Herritarrei dei egiten diegu emakumeen autonomiaren alde eta, zehazki, oinarrizko eskubide honen alde egin dezaten eta Espainiako gobernuaren kontrarreformaren aurkako mobilizazioetan parte har dezaten.
- Honako pleno akordioa Eusko Jaurlaritzari, Espainiar Estatuko Gobernuari eta Justizia Ministro den Alberto Ruiz Gallardoni helaraziko zaie.
Tolosa, 2014ko urtarrilean