Tolosarrek etxebizitzen alokairuaren dirulaguntza eskatzeko epea zabalik izango dute bihartik (azaroak 7) aurrera

Tolosako Udala
2023/11/06 | Etxebizitza
  • Eskatzaileek, besteak beste,  gutxienez urtebeteko alokairu kontratua izan beharko dute eta Tolosan erroldatuta egon.
  • Azaroaren 27ra arte UDATEn edo telematikoki erregistro elektronikoan aurkeztu beharko dira eskaerak.

 

Tolosako Udalak 85.000 euro bideratuko ditu ohiko bizilekurako etxebizitzen alokairuaren zati bat diruz laguntzeko. Eskaerak egiteko epea bihar asteartea, azaroak 7 zabalduko da udal bulegoetan. 

Dirulaguntza hau eskatzeko aukera ondoko herritarrek izango dute: 18 eta 35 urte bitarteko gazteek, beti ere, Eusko Jaurlaritzako Gaztelagun programatik kanpo badaude; bananduak eta dibortziatuak; amaitutako izatezko bikoteak; guraso bakarreko familiak; alokairuan bizi diren 70 urtetik gorakoak (etxebizitza baten jabe ez direnak); alargunak (etxe baten jabe ez direnak); etxebizitza tutelatu bat eskuratzeko duten pertsonak udalak behar adina baliabide ez baditu eta mugikortasun urria (7-15 puntu) edo ezgaitasun absolutua duten pertsonak. 

Gainera, laguntza hau jasotzeko, eskatzaileek gutxienez urtebeteko alokairu kontratua izan beharko dute eta Tolosan erroldatuta egon (gutxienez 3 urteko etenik gabeko antzinatasunarekin). Ezingo dute eskaera luzatu beste erakundeen antzeko dirulaguntzak jasotzen dituzten bizilagunek. 

Alokairuaren eta etxeen baldintzak 

Alokairuak hainbat baldintza bete beharko ditu Udalak eskainitako dirulaguntza jaso ahal izateko. Hala, alokairuaren gehieneko zenbatekoak ondokoak izan beharko dute: indibiduala, 750 euro; bi kideko familiak, 800; hiru edo lau kideko familiak, 900 eta familia ugariak, 1.000 euro. 

Dirulaguntzaren zenbatekoa errentaren araberakoa izango da. Halaber, eskatzaileen bizikidetza unitateko diru-sarrera gordinen mugak ondokoak izango dira bizikidetza unitate bakoitzean: 

BIZIKIDETZA UNITATEA

GAZTEAK (GAZTELAGUN programatik kanpo)

GAINERAKOAK

Eskatzaile indibiduala

25.921€ - 30.000€

3.000€ - 30.000€

2 kideko familia unitateak

31.741€ - 35.000€

3.000€ - 35.000€

3 edo 4 kideko familia unitateak

31.741€ - 40.000€

3.000€ - 40.000€

Familia ugariak

33.857€ - 45.000€

3.000€ - 45.000€

Eskaera bakoitzeko hileko gehienez 250 euro jasoko dira eta gehienez 12 hilabetetan. Alde Zaharrekoen kasuan, 300 eurora arteko dirulaguntza jasoko dute. 

Herritarrek etxebizitzen alokairuaren dirulaguntza jasotzeko etxebizitzek hainbat baldintza bete beharko dituzte. Hala nola, kanpoan geratuko dira babes ofizialeko etxeak, berrakuratuak, logelen alokairuak, etxebizitza gisa erabilitako lokalak eta Bizigune programaren barruko alokairuak. 

Eskaerak, azaroaren 7tik 27ra

Alokairurako dirulaguntza eskatzeko epea azaroaren 7an, astearte honetan irekiko da eta  azaroaren 27ra arte izango dute interesa dutenek epea zabalik. UDATEn, Herritarren Arreta Zerbitzuan edo telematikoki erregistro elektronikoan egin beharko da eskaera.  Aurretiko zita hartu beharra dagoela adierazi behar dugu, eta horretarako edota informazioa eskatu ahal izateko 943 65 44 66 zenbakira eta 906 luzapenera deitu edo alokairua@tolosa.eus-era idatzi beharko da.

Informazio gehiago hemen