Udalak hitzarmena berrituko du Galtzaundi Euskara Elkartearekin euskara sustatzen jarraitzeko

Tolosako Udala
2020/10/22 | Euskara eta Hezkuntza
  • Euskararen normalizaziora bidean, Tolosako Udalak hitzarmena berritu du Galtzaundi Euskara Elkartearekin.

  • Egun, euskararen erabilera Tolosako kaleetan %49,1ekoa da datuen arabera, lehen aldiz euskara gaztelaniaren aurretik kokatuz emaitzetan. Horregatik da hain garrantzitsua, euskararen sustapenean aurrera pausuak emateko, Galtzaundirekin elkarlanean aritzea, helburu amankomunak finkatu eta eragin handiagoa izateko.

 

Xabier Balerdi, Tolosako euskara zinegotziak eta Endrike Amonarriz, Galtzaundi Euskara Elkarteko lehendakariak, euskararen erabilera eta normalizazioa sustatzen jarraitzea xede duen elkarlanerako akordioa izenpetu berri dute. Hori horrela, Udalak diruz lagunduko ditu Galtzaundik burutuko dituen ekimenak. Urtebeteko epealdia izango du hitzarmenak.

Akordioan jaso dira hainbat egiteko, hala nola, Tolosako Euskara Batzordean aktiboki parte hartzea, Euskarak 365 egun markoa garatzea, alfabetatzea eta euskalduntzea bultzatzea, euskararen erabileraren inguruko behaketa eta azterketa lanak egitea etab.

Udalak euskara sustatzen jarraitzeko apustua egin du beste behin hitzarmen honen bidez. Aurtengo datuek adierazten dute ehun urtean lehen aldiz, euskara gehiago entzun dela Tolosako kaleetan gaztelera baino. Maiatzean argitaratutako ikerketaren arabera, “azken 34 urtetan erabilerak 20 puntu egin ditu gora eta 2019ko datua 1985tik erregistratutako altuena da; lehen aldiz gaztelaniaren aurretik kokatu da euskara emaitzetan.” Beraz, ezinbestekoa da hizkuntza normalizaziora bidean aurrera pausuak ematen jarraitzea, eta Galtzaundi elkartearekin lankidetzan orain arte egindako lanari jarraipena ematea.

Cita previa EU

Tolosako Udalak herritarrei arreta emateko zerbitzua eta erregistroa (UDATE)

Erosoago aritzeko eta itxaron beharrik ez izateko, aldez aurretik hitzordua hartzea gomendatzen dizugu. Horretarako, bete inprimaki hau, eta zuk emandako telefono-zenbakira deituko dizugu 24 ordu igaro baino lehen (egun baliodunean), eta zure kontsultari erantzun, edo hitzorduaren eguna eta ordua baieztatuko dizkizugu.

ESKATU HITZORDUA