Alde Zaharreko diagnosia tolosarrekin partekatzeko saio irekia egingo da martxoaren 2an

Tolosako Udala
2024/02/22 | Hirigintza azpiegiturak
  • Alde Zaharreko Plan Integralaren hasiera garatzen ari den Paisaje Transversal enpresak goiz osoko (10:00-14:00) saioa antolatu du, tolosar orori zuzenduta.
  • Hiri berroneratzeko hiru proiektu ezagutzeko aukera izango da eta ondoren kalez kale ibilbide bat egingo da ondorioztatutakoak azaltzeko.

 

Tolosako Udalak azaroaren amaieran abiatu zuen Alde Zaharra biziberritzeko Plan Integrala. Bost fase ezarri zituen, eta lehen faseko lanak eginda, bigarrenera igaroko da orain.

Lehen fase honetan, Tolosako Alde Zaharraren aurre-diagnostiko bat eratu du Paisaje Transversal enpresak, plano, ordenantza, historia eta datu ugari bilduz. Horretarako udal ordezkari, teknikari eta bestelako eragileekin elkarrizketak egin dira denbora honetan, eta jasotakoaren ondorioetatik abiatuta jarduera-esparruak definitu ditu.

Herritarrekin kontrastatzeko saioa

Azterketa hori Alde Zaharreko bizilagunekin eta gainerako tolosarrekin elkarbanatu eta kontrastatzeko, saio irekia izango da hurrengo larunbatean, martxoaren 2an Topic-en. Mugarria izango da saioa, lehen fasearen amaiera eta bigarrenaren abiapuntu izango baita.

Bitan banatuko da jardunaldia. Lehen erdia Topic Zentroan egingo da. Lehenengo, prozesua azalduko dute Paisaje Transversaleko teknikariek, baita diagnosiaren ondorio nagusiak ere. Ondoren, beste udalerri batzuetan garatu dituzten hiri-berroneratzeko plan integralak ezagutzeko mahai ingurua izango da. Hain zuzen, Zaragoza, Olot eta Gasteizko alde zaharretako proiektuak emango dituzte ezagutzera bertan parte hartu duten hiru gonbidatuk.

Zaragozatik Juan Rubio del Val etorriko da, 30 urtez bertako hiri-berroneratze proiektua garatu zuen teknikaria. Egun Observatorio Ciudad 3R, hiri-berroneratzeko plataforma nagusienetako baten zuzendaria da; Jordi Güell, hirigintza zinegotzi izandakoak azalduko du Oloteko esperientzia; eta, azkenik, Gasteiz Txiki auzo elkarteak emango du bertan egiten ari diren prozesuaren berri. Gaiaren hiru ikuspegi izango dira: teknikoa, politikoa eta herritarra.

10:00etan abiatuko da saioa, eta interesa duen edonork parte hartu ahal izango du. Ez da izen-ematerik beharko.

Bigarren zatia kalean egingo da, eta bizilagunak protagonistak bihurtuko ditu. Mapatze kolektibo bat egin asmotan, bi taldetan banatu eta bakoitzak 1,5 km inguruko ibilbide bana egingo du Alde Zaharrean zehar. 

Bidean zehar lauzpabost geldialdi egingo dira, eta zenbait puntu izango dira aztergai. Horietako bakoitzarekin parte hartzaile bakoitzak bere kezkak, ikusten dituen arazoak eta proposamenak azaldu ahal izango ditu orri batean. Ibilbidearen amaieran, jasotako ikuspuntuak elkarbanatuko dira beste taldearekin. Behin ariketa hori eginda, 14:00ak aldera, mokadu bat eskainiko zaie parte hartu duten guztiei.

Udalak parte hartzera gonbidatu ditu herritarrak, diagnosi hori ahalik eta osatuena eta anitzena izan dadin. 

Jardunaldiaren programa

09:45. Ate irekiera

10:00. Harrera

10:10-10:30. Prozesuaren nondik norakoak: metodologia, faseak eta kronograma. Diagnosiaren aurkezpena, Paisaje Transversalen eskutik.

10:30-11:30. Beste udalerrien Alde Zaharren Hiri-Berroneratze Plan Integralak: Zaragoza, Olot eta Gasteizko kasuak, bertako protagonisten hitzetan. Juan Rubio del Val, Jordi Güell eta Gasteiz Txiki auzo elkartea.

11:30-12:00. Galdera-erantzunak.

12:00-12:15. Atsedena.

12:15-13:45. Mapeo kolektiboa: ibilbide bat eginez, hausnarketa kolektibo bat sustatuz mapatze bat egingo da, Alde Zaharrari lotutako problematikak eta proposamenak jasotzeko

13:45. Parte hartzaileentzat mokadua eta amaiera.