- Bost fasetan gauzatuko da plana, eta lehen bietarako kontratua egin du udalak hiri-planifikazio prozesuetan aditua den Paisaje Transversal estudioarekin.
- Besteak beste, irisgarritasuna, etxe eta lokal hutsak, aparkalekuak, aisiaren eta atsedenaren arteko oreka, garbitasuna, merkataritza edo mugikortasuna izango dira aztergai, bizilagun eta eragileekin batera.
Tolosako Udalak abiatu du Alde Zaharra biziberritzeko Plan Integrala garatzeko prozesua. Ikuspegi ezberdinetatik gune historikoaren egoera aztertu eta nola hobetu jasoko duen bide orri bat izango da, modu parte hartzailean garatuko dena.
Andu Martinez de Rituerto alkateak eta Ander Figuerido Hirigintza zinegotziak eman dituzte planaren inguruko xehetasun guztiak gaur goizean. Biek ala biek, nabarmendu dute udal gobernuarentzat «estrategikoa» dela Alde Zaharra biziberritzea: «Bere bizigarritasunean moteltze zantzuak eman dira, eta etorkizunera begirako plan bat behar du, bizitzeko, negozio bat izateko edota gozatzeko gune atsegina izan dadin».
Plan hau egitearen arrazoiak azaltzeko, alkateak gogora ekarri du «etxebizitza bakoitzeko errenta baxuena, langabezia eta etorkin tasa handiena, bizilagunen eskura lurrazaleko aparkaleku kopuru txikiena eta etxebizitza huts gehien duen gunea» dela herrian.
Aldi berean, ordea, komertzio txikiaren garrantzia, kultur eta aisialdi eskaintza eta ondare historikoa ere azpimarratu ditu: «Herriaren bihotza da Alde Zaharra. Herriaren izaeran eta bizian garrantzia handia du. Baina bizilagunen artean, eta herrian oro har, bada nolabaiteko kezka bat bere egoeraren inguruan. Eta arreta berezia behar du».
Parte hartzea izango da plan hau sortzeko ezinbesteko tresna. Izan ere, bizilagun, eragile eta merkatariekin batera garatu nahi da prozesua: elkarrizketa eta saio irekiak egingo dira, iritziak trukatu, ideiak partekatu eta eztabaidatu, eta lehentasunak finkatzeko. «Bizilagunek ezinegona azaldu izan digute elkarrekin egin ditugun bileretan, eta plan hau, kezka eta eskakizun horiei erantzuteko modu bat izango da», argitu du alkateak.
Aztergaiak eta jarduera-esparruak
Alor askotan jarri nahi da azpimarra prozesu honekin. Udalaren lehen asmoen arabera, aztergaiak lau multzotan banatu dira, nahiz eta ondorengo parte hartze prozesuekin aberastuko eta guztiz definituko diren jarduera-esparru horiek.
Alde batetik, etxebizitza izango da multzo nagusienetako bat: hala nola, eraikinen egoera eta ordenantzak, irisgarritasuna edota etxe hutsen merkaturatzea aztertu nahi dira.
Beste alorretako bat ondarea izango da, eraikin historikoen egoera, ondarearen zabalkundea, turismoaren inpaktua edota zerbitzuen eskaintza aztertzeko.
Hirugarren multzoan, elkarbizitza eta konektibitatea landuko dira, besteak beste, auto eta bizikletentzako aparkalekuen egoera, mugikortasuna, segurtasuna, mantenua, aisialdiaren eta atseden uneen arteko oreka, zaratak, eremu berde edo jolastokiak aztertzeko.
Eta, azkenik, erabileraren aniztasunean jarriko da fokua: merkataritza eta ostalaritza, lokal erabilgarriak, ekipamendu publikoak, arte urbanoa, ekitaldietako guneen errotazioa…
«Alde Zaharrak esparru askotako beharrak ditu, eta batak bestearekin eragin zuzena izan lezake. Modu integralean aztertuta, uste dugu horietako zenbaiten egoera iraultzeko aukera izango dugula. Azken batean, guztion arteko adostasunak bilatuz, auzoa biziberritzeaz gain, bizitzeko eremu atseginago batean bihurtu dezakegu», azaldu du Ander Figerido, Hirigintza, Obra eta Zerbitzuetako Saileko zinegotzi arduradunak.
Bost faseak
Alde Zaharreko Plan Integralak bost fase izango ditu, eta lehen biak gauzatzeko kontratua egin du dagoeneko udalak, hiri-planifikazio prozesuetan aditua den Paisaje Transversal estudioarekin. Hain zuzen, Olot (Herrialde Katalanak), Gijon edo Gasteizen, besteak beste, antzeko proiektuak egin ditu enpresa honek, hirigintza eta biziberritze proiektuak garatu ez ezik, hori ahalbidetzeko parte hartze prozesuak ere antolatuz.
-
Lehen fasea: Udalaren eta Paisaje Transversalen artean gauzatuko da, hurrengo bizpahiru hilabeteetan. Dokumentazioa bildu (planoak, ordenantzak, datu eta estatistikak…), aztertu eta jarduera-esparruen lehen planteamendua zehaztuko da.
-
Bigarren fasea: Proposamen hori, bizilagun, eragile eta gainerako herritarrekin kontrastatuko da, ekarpenak jaso eta estrategiaren oinarriak, landu beharreko puntuak, lehentasunak eta bide-orria elkarrekin finkatzeko. Horretarako, elkarrizketak eta saio irekiak antolatuko dira.
Behin bi fase horiek amaituta, landutako eta adostutako puntuetatik abiatuta eratuko da estrategia integrala. Hiru fasetan banatzea aurreikusten da:
-
Hirugarren fasea: Modu parte hartzailean estrategia berrikusi, indartu eta proiektuen akzio plana garatuko da. Horretarako, egin beharreko laneen aurrekontuen azterketa egin eta lehentasunak adostuko dira.
-
Laugarren fasea: Elkarrekin adostutako lehentasuna duten proiektuen garapen zehatza egingo da. Ezustekorik ezean, eta aurreikuspenak beteko balira, 2025 amaierarako lan horiek gauzatzea da helburua.
-
Bosgarren fasea: Fase iraunkorra izatea da planteamendua, urtero, estrategia gauzatzen jarraitzeko. Lehentasunak bete ostean, prozesuan ateratako ideia eta proiektu egingarriekin aurrera jarraitzeko bidea ematea da helburua.
Hala eta guztiz ere, Figueridok azaldu duenez, «plan hau martxan jartzeak, ez du esan nahiko bitarte horretan ez denik Alde Zaharrean bestelako interbentziorik egingo. Behar batzuk dagoeneko identifikatuta daude, eta lan horiek aktibatzen joango gara».