Apatta industrigunearen 2. fasearen garapenerako Plan Berezia eta Urbanizatze Jarduketa Programa behin betikoz onartuta

Tolosako Udala
2023/03/16 | Hirigintza azpiegiturak
  • Hirigintza-plangintzarako tresna garrantzitsu bezain beharrezkoak izapidetu dira legealdi honetan etorkizunean Apatta industriagunean industriara bideratutako eremu berria sortzeko eta enpresa berriak bertan koka daitezen sustatzeko.
  • Hiri Antolamenduko Plan Berezia eta Urbanizatze Jarduketa Programa garatu eta behin betikoz onartzeaz gain, eremua prestatzeko betelanak ia amaitzear daude eta hasita daude Urbanizazio Proiektuaren eta Industrialdeko Mugikortasun Planaren garapenak.

 

Tokiko garapen ekonomikoa sustatzea helburu estrategikoa izan da legealdi osoan zehar. Industria, eskualdeko motor nagusia izanik, lehentasunezkoa izan da Apatta Industriagunearen bigarren fasea aurrera eramateko beharrezkoak diren hirigintza-plangintzarako tresnak izapidetzea. Gauzak horrela azken urteetan, plangintza ugari garatu eta onartu dira, hirigintza lanei datozen urteetan hasiera eman ahal izateko.

ApattaErreka industrialdearen 18.1. azpieremua garatzeko era koordinatuan eta elkarlanean lan egin da Tolosaldeako Apattaerreka Industria Lurra, S.A. soziedade publikoa eta Ibarrako Udalarekin. Izan ere, bigarren fase honetako orubeak Ibarran eta Tolosan kokatuta baitaude. Ibarrako zatian, 30.817 metro karratuko zorua garatuko da eta Tolosako eremuan berriz, 31.593 metro karratu bideratuko dira industria erabilerara. Guztira, 62.410 metro karratuko azalera izango du industriagune berriak.

Legealdi honetan, aurrerapauso garrantzitsuak egin dira industriagunea egikaritzeko. Aurreko legealdian abiatutako betelanak amaitzear daude eta eremuaren garapenerako  Hiri Antolamenduko Plan Berezia garatu eta onartu da, Urbanizatze Jarduketa Programa izapidetu eta behin betikoz onartu da, eta abiatuta daude Urbanizazio Proiektua eta Industrialdeko Mugikortasun Plana garatzeko lanketak ere.

Helburu nagusia da industriara bideratutako orubeak sortzea. Industria pabiloiez gain, berdegunerako espazioa ere sortzea aurreikusita dago.

Datozen urratsak

Urbanizazio Proiektua eta Industrialdeko Mugikortasun Plana behin betiko onartzea izango dira datozen urratsak, eta ondoren ekingo zaie eremua urbanizatzeko lanei. Landutako proiektuaren arabera urbanizazio obren gastua 9.778.191,52 eurokoa izango da (BEZ barne). Eremua urbanizatzeko lanekin amaitu ostean, partzelak eskuragarri jarriko dira, enpresa berriak Tolosan eta eskualdean koka daitezen ahalbideratu eta sustatzeko, eskualdearen industria izaera sendotu eta kalitatezko enplegua bultzatzen jarraitzeko helburuarekin.

 

Cita previa EU

Tolosako Udalak herritarrei arreta emateko zerbitzua eta erregistroa (UDATE)

Erosoago aritzeko eta itxaron beharrik ez izateko, aldez aurretik hitzordua hartzea gomendatzen dizugu. Horretarako, bete inprimaki hau, eta zuk emandako telefono-zenbakira deituko dizugu 24 ordu igaro baino lehen (egun baliodunean), eta zure kontsultari erantzun, edo hitzorduaren eguna eta ordua baieztatuko dizkizugu.

ESKATU HITZORDUA