Ospitale berria eraikitzeko HAPOaren Aldaketa Puntuala egiteko urratsak ematen jarraitzen du udalak

Tolosako Udala
2024/04/12 | Hirigintza azpiegiturak
  • Gaur goizeko Planeamenduko Aholku Batzordeari dokumentazioa aurkeztu ostean, ekarpenak egiteko epea eman zaie batzordekideei.

  • Udalak egin beharreko lanak aurreikusitako epeen barruan ari dira aurrera egiten.


Udalak bere gain dauden urratsak egiten jarraitzen du, Iurre 24 eremuan ospitale berria eraiki ahal izateko egin behar den Hiri-Antolamenduko Plan Orokorraren Aldaketa Puntualari dagokionez.

Udal teknikariek dagozkien txostenak egin ondoren, gaur goizean Plan Orokorraren Aldaketaren dokumentazioaren aurkezpena egin zaio Planeamenduko Aholku Batzordeari. Orain ekarpenak egiteko 15 eguneko epea izango dute batzordea osatzen duten kideek. 

Era berean, dagoeneko Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Sailari ingurumen-agiri estrategikoa egiteko eskaera egin dio udalak, dagokion dokumentazioa igortzearekin batera. Osasun Sailari ere erakunde arteko talde eragilerako ordezkaria izendatu dezan eskatu dio.

Udalak egin beharreko izapideak, epeen barruan

Azken asteotan zabaldutakoaren kontrara, udalak egin beharreko lanak aurreikusitako epeen barruan eta normaltasunez ari dira aurrera egiten. 

2023ko ekainaren 6an esleitu zion orduko jarduneko udal gobernuak, HAPOaren aldaketa puntuala idazteko zerbitzuaren kontratua, Rehabite Aholkularitza Teknikoa S.L.P. enpresari. 

Kontratu horren iraupena hamaika hilabete eta astebetekoa da, eta lau fasetan banatzen da. Hala ere, aurreikusitako lau faseetako epeak eten egiten dira, agiriak aurkeztu eta izapidetu eta onetsi bitartean, edota beste administrazio batzuei eskatutako txostenen zain edo jendaurrean dauden bitartean. 

Prozesua abiatu ahal izateko, ordea, nahitaezkoa zen Osasun Sailak aurretik emandako informazioa osatzea, eta hura jaso arte ezin izan zen lanekin aurreratu. Azaroan izan zuten udalak eta Osasun Sailak informazio hori jasotzeko bilera teknikoa, eta urte amaieran jaso zuen udalak, enpresak idatzitako lehen faseko lanari dagokion dokumentua. Geroztik, udal teknikariak dagozkien txostenak egiten aritu dira, eta goizean Planeamenduko Aholku Batzordeari eman zaio horren guztiaren berri. 

Ondoren, zer?

Behin hau eginda, eta Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Sailaren txostena jasotakoan, HAPOaren Aldaketa Puntualari hasierako onespena eman ahalko dio udalak. 

Gero, jendaurreko entzunaldia zabaldu eta txosten sektorialak eskatuko dira –URA, GFAko Bide Azpiegituretako Departamentua, Osasun Saila, etab.–. Epe horretan, herritarren parte hartzeko bigarren bilera irekia ere antolatuko da. 

Ondoren, txosten sektorialek esandakoarekin eta herritarrengandik jasotako ekarpenekin dokumentua osatuko da, behin behineko onespena eman ahal izateko. 

Azkenik, Eusko Jaurlaritzako Lurralde Plangintza Sailak dokumentuari oniritzia eman ondoren, behin betiko onartu ahal izango du udalak HAPOaren Aldaketa Puntuala. Aldaketa hori gauzatuta, udalak Osasun Sailaren esku utziko ditu lurrak, eta ordutik aurrera ospitalea eraikitzeko aukera izango luke, dagokion proiektua idatzi eta gero.