- Orain artean txosten sektorialak bideratu ditu Udalak eta parte hartze programa diseinatu eta onartu du. Atzo esleitu ziren HAPOaren aldaketa puntuala idazteko lanak.
- Prozesua 4 fasetan gauzatuko da, herritarren parte hartzea bermatuz. Aurreikuspenen arabera, 2024. urterako hirigintza izapide guztiak amaituak izango ditu Udalak. Orduan sinatuko da Jaurlaritzaren eta Udalaren arteko hitzarmena, zoruen lagapena egiteko.
- Ondoren, ekingo die Jaurlaritzak ospitale publiko berria Tolosan eraikitzeko obra-proiektuaren idazketari eta obren esleipen prozesuari.
Urrats berria egin du Tolosako Udalak ospitale publiko berria Tolosan kokatu ahal izateko.
2020an Tolosako Udalerrian eskualdeko ospitalea kokatzeko eremuen aukeren inguruko azterketa egin zen. Lan horrek bi fase izan zituen. Lehen fasean, 13 kokaleku aztertu ziren; bigarren fasean, aldiz, bideragarritasun maila altuena zuten 4 kokapen zehatzen azterketa sakona egin zen behin betiko kokapena zehazteko.
Azterketa xehetu horren ondorio eta emaitzak kontuan izanda, eta irizpide ezberdinak kontuan hartuta –irisgarritasuna, mugikortasuna, herritarrenganako eraginak- ondorioztatu zen suhiltzaileen etxe pareko kamioien aparkalekua zela ospitale publiko berria kokatzeko eremurik egokiena Osasun Sailarekin elkarlanean eta Osasun sailaren oniritziarekin.
Kokapena zehaztuta ondorengo urratsa HAPOaren aldaketa egitea
Behin betiko kokapena erabakita, 2021. urtean Tolosako Udalak Hiri Antolamendurako Plan Orokorraren aldatzeko prozedura abiatu zuen HAPOak suhiltzaileen etxe pareko eremuan (24, Iurre eremuan) ospitale publikoaren eraikuntza aurreikusi dezan.
Geroztik, Udalak beharrezko txosten sektorialak bideratu ditu eta herritarren partaidetza bermatzeko parte hartze programa garatu eta onartu du. 2022ko azaroan jaso zuen Udalak HAPOaren aldaketa puntuala egiteko ospitale berriari buruzko beharrezko informazioa (azalerak etab.) eta Hiri Antolamenduko Plan Orokorraren aldaketa puntuala idazteko esleipena abiarazi zen orduan.
Atzo esleitu ziren idazketa lanak, Rehabite Aholkularitza Teknikoa SLP enpresari 29.645 euroko aurrekontuarekin (BEZ barne). Enpresa esleipendunak bideragarritasun teknikoa, juridikoa eta ekonomikoa aztertu beharko ditu, indarrean sartu diren araudi ezberdinak ere kontuan hartuz eta herritarren parte hartzeko saioak aurreikusiz, aho batez onartutako partaidetza programa aurrera eramateko.
HAPOaren aldaketa puntuala 4 fasetan
Hiri Antolamendurako Plan Orokorraren aldaketa puntuala egiteko prozedura 4 fasetan gauzatuko da.
Lehenengo fasean, ingurumen ebaluazioa egingo da eta ingurumen dokumentu estrategikoa eta plan orokorarren aldaketa idatziko dira. Herritarren parte hartzeko lehenengo bilera irekia fase honetan egingo da.
Bigarren fasean, hasieraz onartuko da aldaketa. Herritarren parte hartzeko bigarren bilera irekia hase honetan antolatuko da. Bilera horretan hasierako onespeneko hirigintza-dokumentuaren aurkezpena egingo da.
Hirugarren fasean, behin behineko onespenaren dokumentua egingo da, alegazioen balorazioa, alegaziorik balego eta txosten sektorialen azterketa egingo da.
Amaitzeko, laugarren fasean, behin betiko onespena emango zaio aldaketa puntuala egiteko dokumentuari.
HAPOaren aldaketa puntuala egin ostean, hau da, hirigintza izapide guztiak amaitu ondoren, aurreikuspenen arabera, 2024. urtean, Tolosako Udalak Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailaren esku utziko ditu lurrak eta Eusko Jaurlaritzak, orduan ekingo dio obra-proiektua egin eta obrak esleitzeko prozesuari.