Konpromiso zehatzak indarkeria matxistari aurre egiteko eta emakume eta neskek beren herritartasuna eskubide osoz gauzatzeko

Tolosako Udala
2022/11/25 | Idazkaritza
  • Tolosako Udalak herritarrei dei egiten die gaurko egunerako Udalak eta mugimendu feministak deitutako mobizilizazioekin bat egitera.

 

Atzoko Osoko Bilkuran aho batez onartu zen Emakumeenganako Indarkeriaren Kontrako Nazioarteko Egunari buruzko mozioa.

Udalbatzak emakumeek espazio publikoa berdintasun-baldintzetan erabili eta gozatzeko eskubidea izatea aldarrikatu zuen. Gaur egun, oraindik, desberdintasun handiak daudelako batzuek eta besteek bizitza publikoaren parte hartzean egin dezaketen erabileran.

Emakume eta neskek beren herritartasuna eskubide osoz gauzatu ahal izateko, konpromiso zehatzak hartu zituen atzoko Osoko Bilkuran Tolosako Udalak:

  1. Indarkeria matxistaren biktima diren pertsonen eskubideak arreta prozesu osoaren erdigunean jartzea, haien beharrei eta eskaerei entzunez eta erantzunez.
  2. II. Protokoloari jarraipena egitea, erakundeen arteko jarduera eta koordinaziorako, emakume eta indarkeria matxistaren beste biktima batzuei arreta hobea emateko.
  3. Jai giroan zein bestela ematen diren erasoei erantzuteko eta hauek prebenitzeko protokoloa berritu eta hobetzen jarraitzea.
  4. Ikastetxeetako eskola-komunitate osoari zuzendutako hezkidetza-proiektua indartzen jarraitzea.
  5. Neskei, gazteei eta emakume helduei zuzendutako Jabetze Eskola sustatzen jarraitzea.
  6. Andragora Tolosaldeko Emakumeen Etxean behar diren zerbitzu eta baliabideak sortzea edo egokitzea.
  7. 2023rako berdintasuneko gastuaren eta inbertsioen aurrekontua behar beste handitzeko konpromisoa hartzea, bai eta Berdintasun Saila sendotu eta indartzekoa ere.

Amaitzeko, udal ordezkariek tolosarrei dei egin zieten gaurko egunerako Udalak eta mugimendu feministak deitutako mobizilizazioekin bat egitera.

Behin betiko onespena, ostalaritza ordenantzari

Aipatu mozioaz gain, beste hainbat gai eta puntu jorratu eta onartu ziren atzoko Osoko Bilkuran; horien artean, ostalaritza ordenantzari behin betiko onespena ematea.

Ordenantza honek helburu du ostalaritza jarduerak baimentzea eta arautzea, jarduera berriak sustatzeko asmoz, betiere elkarbizitza bermatuz. Ordenantza behar eta eskakizun berrietara egokitu da, ostalariekin zein herritarrekin elkarlanean. Bizilagunek aurkeztutako helegiteak aztertu dira, batzuk onartu egin dira, esaterako, arautzea terrazen kasuan kanpoan egiten den kontsumizioa, leiho zein kanpoko-barrei dagokienez, eta beste batzuk, Zarata eta Bibrazioaren Ordenantzan aztertu eta arautuko dira.

Halaber, aho batez onartu ziren, 2022. urterako udal langileen ordainsaria %1,5 igotzea eta 2022ko dirulaguntzen eranskina aldatzea Babarrun Kofradiari 3.500€ laguntza emateko, Babarrun Festan Buruhandi eta Erraldoien konpartsak eskainitako emanaldia ordaintzeko. Itxitako ekitaldiko fakturak ere onartu ziren, baita ere, Gipuzkoako Foru Alundiaren eta Tolosako Udalaren arteko lankidetza hitzarmena, Udalak berezkoak dituen zuzenbide publikoko sarrerak bide exekutiboan biltzeko.

Berri emateko puntuei dagokienean, Etxebizitzak eta Bizitegi Eraikinak birgaitzeko dirulaguntzak emateko udal ordenantzan egindako akats aritmetikoen zuzenketen berri eman zen. Dirulaguntzak eskatzeko deialdia martxan da. Eta alkatetza dekretu bidez egindako 2 kreditu aldaketen berri eman zen.

Bata, 40.600€koa azoka berezien gastuetarako eta bestea 21.000€koa Babarrun Kofradiari laguntza emateko, bide publikoan animaliak biltzeko gastuei aurre egiteko eta landa bideak garbitzeko.

Fitxategiak: 
PDF icon Mozioa A25 2022.pdf

Cita previa EU

Tolosako Udalak herritarrei arreta emateko zerbitzua eta erregistroa (UDATE)

Erosoago aritzeko eta itxaron beharrik ez izateko, aldez aurretik hitzordua hartzea gomendatzen dizugu. Horretarako, bete inprimaki hau, eta zuk emandako telefono-zenbakira deituko dizugu 24 ordu igaro baino lehen (egun baliodunean), eta zure kontsultari erantzun, edo hitzorduaren eguna eta ordua baieztatuko dizkizugu.

ESKATU HITZORDUA