Zumarditxikiaren berreskuratze proiektua ardatz du Aleka Udal aldizkariaren ale berriak

Tolosako Udala
2022/12/13 | Idazkaritza

Udal aldizkariaren ale berri bat argitaratu du Udalak. Bertan, Zumarditxikia herria zein herritarrentzat berreskuratzeko Tolosako Udalak tolosarrekin elkarlanean garatutako proiektuaren nondik-norakoak eta ezaugarri nagusiak aipatzen dira.

Esate baterako, proiektua hasi zenetik gaur arte emandako urratsen ibilbidea egiten du aldizkariak eta argazki bidez, parkearen etorkizuneko itxura erakusten du, egingo diren lanen inguruko azalpenak emanez. Hori horrela, prozesuan zehar egindako parte-hartze prozesuak, proiektuaren helburua, parkearen ezaugarri nagusiak, parkearen eremuak, ingurumen eta mugikortasun ardatzak edota aparkalekuaren alternatiba jasotzen ditu.

Izan ere, Zumarditxikiaren berreskuratzea 2019-2023 Legealdi Planean jasotako proiektu estrategikoa da, udal gobernuak aurreko legealdian abiatu zuena eta helburu du garai batean eremu honek izandako erabilera zein izaera soziala berreskuratzea, Zumarditxikia, aisialdiari eta ibaiari lotuta, tolosar guztientzako espazio sozial eta ludikoa izan dadin, herritarren erabilerarako, elkargunerako eta topalekurako.

Horrez gain, ohi bezala, udal aldizkariaren ale berriak albisterik esanguratsuenak ere jasotzen ditu, oraingoan gizarte alorrarekin, berdintasunarekin, hirigintzarekin eta udazkeneko azokan bereziekin lotutakoak.

Ale berria ere zeinu hizkuntzan

Oraingoan ere Tolosako Udalak Aleka zeinu hizkuntzara itzuli du, entzumenaren funtzio-aniztasuna duten tolosarrek ere informazioa eskura izan dezaten.

Helburua da herritar guztien informazio eta berdintasun eskubideak bermatzea eta entzumenaren funtzio-aniztasuna duten pertsonei komunitatean parte hartzeko dituzten aukerak areagotzea; baita zerbitzuak entzumen arazoak dituzten pertsonen behar eta gaitasunetara egokitzea ere.

Tolosako etxe guztietara banatu da Aleka aldizkariaren ale bat, eta nahi duenak udal eraikinetan zein webgunean ere eskuragarri du. Hemen ikus daiteke edukia zeinu hizkuntzan.

Fitxategiak: 
PDF icon ALEKA_13.pdf

Cita previa EU

Tolosako Udalak herritarrei arreta emateko zerbitzua eta erregistroa (UDATE)

Erosoago aritzeko eta itxaron beharrik ez izateko, aldez aurretik hitzordua hartzea gomendatzen dizugu. Horretarako, bete inprimaki hau, eta zuk emandako telefono-zenbakira deituko dizugu 24 ordu igaro baino lehen (egun baliodunean), eta zure kontsultari erantzun, edo hitzorduaren eguna eta ordua baieztatuko dizkizugu.

ESKATU HITZORDUA