Kirol Galak Tolosako kirolari aitortza egingo dio datorren asteazkenean

Tolosako Udala
2017/12/15 | Kirolak

Tolosako Udalak herriko kirolari, kirol talde eta elkarteen lana balioan jarri eta izandako lorpenengatik errekonozitu nahi ditu. Hori horrela, datorren asteazkenean, hilak 20, arratsaldeko 19:00etatik aurrera, Tolosako Kirol Galaren edizio berri bat ospatuko da Leidor Aretoan. Tolosako kirol elkarteek urtez urte egiten duten lan bikaina goraipatzeko aukera ezin hobea eskaintzen du kirol Galak, kirolarien emaitzak ezagutu eta txalotzeaz gain.

Aurtengo edizio honetan, ohikoa den eran, Tolosako Kirol elkarte guztiak beren hautagaiak proposatu dituzte, bakoitzaren lorpenak adieraziz. Ondorengo pausu batean, kirol elkarteek, beste eragile batzuekin batera, bozkatu dute nortzuk diren kirolari onenaren sarirako eta etorkizuneko kirolari aipagarriaren sarirako kirolariak.

Ekitaldi honetan, kirolarien garaipenak ez ezik, Tolosako Udalak errekonozitu nahi ditu kirolaren beste baloreak sustatzen dituzten pertsona zein eragileak.

Beraz, aurtengo kategoriak eta sariak honako hauek izango dira:

  • Kirolari edota kirol talde onenak: lorpenaren diploma, 2018rako doako abonoa Usabal eta Berazubirako kirol guneetarako eta Tolosa&Co-ko elkartekide diren establezimenduetarako erosketa baleak.

  • Etorkizuneko kirolari edo kirol talde aipagarrienak, diploma jasoko dute.

  • Errekonozimendu berezia jasoko dutenak, berriz, diploma eta Lurlan-eko produktuekin osatutako opari poltsa bat.

Aitor Elduairen gidaritzapean gauzatuko da ekitaldia. Ohitura zaharrari eutsiz, gimnasia erritmikako taldeak galan parte hartuko dugu koreografi pare bat eskainiz.