Mugi Tolosak 2018ko horma-egutegi propioa du, parte-hartzaileak irudi dituena

Tolosako Udala
2017/12/13 | Kirolak

Mugi Tolosa ekimenak bere IV. edizioa abiatu zuen urrian eta asteazkenero, gazte zein heldu, Tolosan barrena ibilbideak egitera ateratzen dira. Ikasturteko lehen saio hauetan, bataz beste, 141 pertsona inguru atera dira astero.

Orain, ekimena gehiago ezagutarazi eta belaunaldi ezberdinen elkargune izateak duen aberastasuna bistaratzeko asmoz, egutegi bat osatu da. Guztira 500 ale kaleratu dira.

Edizio ezberdinetako argazkiek osatzen dute Mugi Tolosaren I. horma egutegi hau, protagonista parte-hartzaile zein boluntarioak izanik.

Hain zuzen, parte-hartzaile guztien artean banatu dituzte Patxi Amantegi alkateordeak eta Cristian Fernandez kirol zinegotziak, boluntarioen laguntzaz. Beste hainbat ale parte hartzen duten eragileen egoitzetan utzi dira: Iturriza, Harizpe eta Beti Gazte jubilatu elkarteak; Ilarki elkartea, Goienetxe Fundazioa, Gurutze Gorria, Iurramendi Egoitza, Uzturre Asistentzia Gunea, Osasun Publikoa, Osakidetza; Nagusilan adin nagusikoen boluntariak; eta Herrikide, Laskorain eta Inmakulada ikastetxeak. Tolosako Udalean eta ekimenaren babesle den Super Eko supermerkatuan ere izango da egutegia eskuratzeko aukera.

Ekimena herritarrei zabalik dago, eta nahi duen orok du ibilbide osasuntsu hauetan parte hartzeko aukera. Hitzordua: asteazkenero, 10:30etan eta 11:00etan, Zerkausian.

'Haurren Hiria'-rekin bat

Tolosatzen egitasmoaren baitan, belaunaldi ezberdinen arteko harremanak sustatzeko ekimenak eta topalekuak sortzea proposatu zuten herritarrek iaz. Udalak horri helduz, Haurren Hiriako kideek goiza partekatu dute Mugi Tolosa ekimeneko kideekin. Parte-hartzaileekin batera, Tolosatik barrena zirkuitu bat egin dute. Jolasak eta ekintzak partekatuz, elkarreragina, elkarlana eta kolaborazioa sustatzea izan da helburua, Tolosako etorkizunari begira, eta Haurren Hiriako plangintza betez, ideia berriak eta proposamenak jasotzeaz gain.

 

 

 

Fitxategiak: 
PDF icon Egutegia / Calendario