Usabalgo kirol parkea, erabilgarri

Tolosako Udala
2024/01/25 | Kirolak
  • Skate-park handiagoa, pump track pista, trialerako oztopoen eremua eta tirolina izango ditu gune berriak.
  • Udalak obrak egiteko ardura zuen enpresari zehapen edo isuna jartzeko proposamena egin du, lanek izan duten atzerapena dela eta.

 

Zabalik da Tolosako kirol parke berria. Gaur arratsaldean inauguratu da, haur eta erabiltzaile ugariren presentziarekin, Usabalgo hirugarren fasean jasotako eremua. 

14.300 metro karratuko eremu honek, elkargunerako, kirola egiteko, paseatzeko edota aisialdirako espazioa eskainiko du, eta horietako 6.600 m2 pasatxo hartuko ditu kirol parkeak. Lau gune nagusi izango ditu: skate-park pista, pump track zirkuitua, trial modalitaterako oztopoak eta tirolina. Horrez gain, atsedenguneak sortu dira, eta Alegiara doan oinezkoentzako eta bizikletentzako pasealekua berritu da.

Kirol parke berriaren hiru ezaugarri nabarmendu ditu Andu Martinez de Rituerto alkateak: «Alde batetik, irekitasuna, edonork eta edonoiz doan erabiltzeko moduan izango den gunea baita. Bestalde, espazio bakoitzaren ezaugarriak diseinatzeko kirol talde eta eragileek egin duten ekarpena. Eta, azkenik, gunearen erreferentzialtasun eta kalitatea. Inguruan ez dago azalera hau duen horrelako gunerik. Gainera, txapelketak antolatzeko aukera izango dugu».

Skate parka, maila altuagoko erabiltzaileentzat ere bai

Aurrez kirol instalazioak zituen guneak berritu eta horien erabilera optimizatu eta indartu dira proiektu honen bitartez. Skate-parkaren adibideak ondo islatzen du hori.

Orain arteko kirol-instalazioa handitu da, eta elementu berriak gehitu zaizkio. Esate baterako bi pool edo bainuontzi izango ditu aurrerantzean gune horrek, eta sekuentzia bat eratu da arrapala, barriers, slide street, Fun-box eta bestelako elementuekin. 

Modu horretara maila altuagoko skater edo erabiltzaileek ere bertan ibiltzeko aukera izango dute, orain artekoa bitarteko maila edo skateboard munduan hasiberrientzat aproposagoa izan baita. Aldaketarekin, hauek ere izango dute guneaz gozatzeko aukera.

Pump track pista berria

Bizikletarekin ibili nahiago dutenentzat berriz, aukera berria izango da aurrerantzean: pump track gisa ezagutzen den ibilbide edo zirkuitua. 

Zailtasun maila ezberdineko hormigoizko hiru trazatu izango ditu, bakoitza kolore batekin bereizita. Pista berdea hasiberrientzat izango da; urdin kolorea izango du zailtasun erdikoak; eta, maila altuagoko ibilbidea, berriz, gorriz markatu da. Halaber, pista horietako bakoitza berez bi norabidetan erabiltzeko diseinatu da. Hala eta guztiz ere, norabide bat finkatu da lurrean, erabiltzaile askoko uneetan, hori izan dadin lehenetsiko den norabidea, guztiek modu seguruan parte har dezaten.

Zirkuituaren albo banatan, trial gunea eta tirolina izango dira. Trial eremua berrantolatu egin da. Eremu naturala da, lur soltekoa eta arroka txikiak jarri dira. Beharren arabera multzokatu ahal izango dira gerora, elementuen sekuentzia ezberdinak osatzeko. Tirolina berriz, lehen zegoen bera izango da, baina lekuz aldatuta. Tirolina bikoitza da, 40 metroko luzerakoa.

Naturan integratuta

Natura ikuspegia izan du hasieratik proiektuak, eremu berde bat sortu nahian. Berdegunea egokitu eta hiri altzariak ere jarri dira, elkargunerako eta aisialdirako espazio ere izan dadin.

Horrez gain, Tolosa-Alegia arteko bidearen trazatu berria ere egin da. Horretarako, bidearen konfigurazioa aldatu da, eta oinezkoen eta bizikleten arteko bizikidetza bermatzeko bide berria egin da, 3,6 metroko zabalerarekin. 

Kirol eragileen parte hartzea

Proiektu hau herriko kirol eragile eta Usabalgo erabiltzaileekin batera garatu da, guneetako bakoitzaren diseinua osatzerako orduan behar, nahi eta proposamenak entzun eta kontutan hartu baititu udalak.

Gaurko inaugurazioan presente izan dira eragileetako batzuk, hala nola, Zumardia elkartea, Oriako Txirrindulari Eskola, Irene Caminos eta Trial Eskola edota Skate elkartea. Esker oneko hitzak izan ditu alkateak guztientzat: «Parte hartze horrek balio handia du, nahiz eta batzuetan ez diren egikaritu proposamenetako batzuk; azken batean, erabiltzaile nagusiak zarete, eta behar horiei ahal bezain beste erantzutea bilatu du proiektuak». Proiektu hau garatzeko aurreko udal gobernuan lan egin zuten ordezkariak ere eskertu ditu alkateak.

Zehapen proposamena enpresari, lanen atzerapenagatik

Joan den urteko otsailean abiatu ziren kirol gune berria eraikitzeko lanak. Hasieratik, baina, obra egiteko ardura izan duen enpresak ez ditu hitzartutako epeak errespetatu, udaletik behin eta berriz errekeritu zaion arren. Hori dela eta, eta lanen amaiera beranduago egin dela ikusita, zehapen edo isuna jartzeko proposamena egin du udalak.