‘Habemus Amam’ eta ‘Tenfe’, karrozen eta konpartsen lehiaketako irabazleak, hurrenez hurren

Tolosako Udala
2024/02/23 | Kultura, Gazteria, Jaiak
  • ‘Aquarium’ eta ‘Rafa Txokolategi’ karrozek jaso dute bigarren eta hirugarren saria, hurrenkera horretan.

 

2024ko Inauterietako karroza eta konpartsen lehiaketak baditu saridunak. Aurten guztira 22 karrozak parte hartu dute eta, urtero moduan, hiru onenak izendatu dira; konpartsen kasuan, berriz, orotara 45 ibili dira kalez kale, eta horien artean onena hautatu da. 

Plataformarik gabeko konpartsa hauek ekarpen handia egin dute Inauterietan, eta herriko txoko asko umorearekni eta sormenarekin bete dituzte. Denen lana zoriondu du udalak.

Karroza saridunek 2025eko Inauterietan kokapena aukeratzeko lehentasuna izango dute; bi irabazleek, gainera, afari bat jasoko dute.

Karrozak, lehen saria: ‘Habemus Amam’

Umore askoko parodia zirikatzailea landu dute, eta Inauteriek hori ere behar dute. Antzezlan originala sortu dute, estilo ezberdinak uztatuz: koreografiaz gain, jendearen parte hartzea bilatu dute, ikusleak ere abesten jarrita; ikuskizunaren zati batean txirula ere jo dute. Mezuak ere ondo josita zeuden parodiaren barruan, eta euskara maila ona erakutsi dute. Mozorroak sortu egin dituzte. Emakumeen ahalduntze bat ere erakusten du.

Karrozak, bigarren saria: ‘Aquarium’

Mozorro benetan original eta koloretsuak izan dituzte, eskuz bikain landuak. Koreografia landua egin dute, aquarium bat irudikatuz eta amaieran burbuilak botaz. Gauean, gainera, argiekin zeuden arrain guztiak, eta oso deigarria izan da hori. Ikuskizun asko eskaini dituzte kalean izan diren bi egunetan, baita gauean ere, eta horri balioa eman behar zaio. Gainera, adin tarte ezberdinetako inauterizaleak bildu ditu taldeak, belaunaldi artekotasuna sustatuz.

Karrozak, hirugarren saria: ‘Rafa Txokolategi’

Tolosarekin erabateko lotura duen ikuskizun eta karroza sortu dute: herriko txokolategi bat irudikatu dute karrozan, eta pertsonaia ere bikain irudikatu dute. Ikuskizunari dagokionez, txokolatearekin zerikusia duten pertsonaia eta istorio asko uztartu dituzte, koherentzia bat emanez. Musikak eta antzezlanak ere txokolatearekin izan dute lotura zuzena. Berariek sortutako bertso eta kantuak sartu dituzte, gainera, guztiak euskaraz.

Konpartsak, sariduna: ‘Tenfe’

Trenen atzerapenak gai nagusitzat hartuta, mota eta garai askotako pertsonaiak landu dituzte ikuskizun beraren barruan. Umore askoko ikuskizuna landu dute, euskaraz. Konpartsa beraren iruditeria eta mezuak tonu zirikatzailearekin moldatuta daude, eta sormen hori balioan jartzekoa da.