Tolosako Lore eta Landareen, eta bigarren eskuko bizikleten elkartrukerako Azokak, larunbat honetan

Tolosako Udala
2024/05/07 | Merkataritza, Feriak eta Turismoa
  • Zazpi mintegik hartuko dute parte aurtengo Lore eta Landareen Azokan.
  • Alondegia plazan egingo da halaber, bigarren eskuko bizikleten elkartrukerako azoka, goizeko 09:00etatik 14:00etara bitartean. 

 

Larunbat honetan, maiatzaren 11n, Tolosako Trianguloa kolorez eta lore usainez beteko da Lore eta Landareen Azokari esker, 09:00etatik 14:00etara, eta udaberri sasoiko lore eta landare mota nagusiak bilduko ditu.

Aurten, gune eta udalerri ezberdinetako mintegiek eta artisauek parte hartuko dute azokan, eta bisitariei gozatuko dietela agintzen duten produktuak eskainiko dituzte. Hauek dira aurtengo postuak:

  • Ines Flores, Anoeta: hazi, landare, lore eta fruitu deshidratatuetan berezitua.

  • Iñigo Azpiazu Moreno, Anoeta: loreetan berezitua.

  • Txomin Bilbao Echevarría, Kortezubi: lore, zuhaixka eta landare sorta.

  • Karolina Peños Salinas, Bergara: ukendu sendagarriak, gorputzeko xaboiak eta desodorante naturalak.

  • Guillermo Guillen Monreal, Puiu: lore eta landare sorta zabala.

  • Jose Javier Beaskoetxea, Iurreta: sasoiko landare eta loreak.

  • Daniel Larena Santos, Zaragoza: bere landare eta lore bilduma.

Tolosako Lore eta Landareen Azoka aukera bikaina da gure mintegizain eta artisauek eskaintzen duten edertasun naturalaz gozatzeko eta  gure etxeak apainduz udaberriari ongietorria emango dioten produktuak eskuratzeko.

Lorategi efimeroa Gaztelako Arkuan

Azoka berezi honen bueltan egiten den modua, Gaztelako Arkua lore eta landarez atonduko du Gureak Berdeak lorezaintza taldeak, lorategi efimero bihurtuz. Banbu landareekin hostotza berdea eta kolore urdineko elementuak uztartuko ditu aurtengo proposamenak, zutoin, hesi, lorontzi eta tauletan. Landare hauek, udazkenean landatuko dira Elosegi parkean.

Bigarren Eskuko Bizikleten Elkartrukerako Azoka, Alondegian

Egun berean, goizeko 09:00etan hasita, bigarren eskuko bizikleten elkartrukerako azoka jasoko du Alondegia plazak, Zumardia elkarteak sustatuta. Jasangarritasuna, elkartrukea eta objektuen berrerabilpena bultzatzea da helburua. 

Bertan bizikleta, patin, patinete, kasko eta bestelako bigarren eskuko materialak elkar trukatu, saldu edo erosi ahal izango dira eguerdiko 14:00ak bitarte. 

Materiala, baina, aurrez entregatu behar da, hain zuzen maiatzaren 9an eta 10ean Gurpilgunean (Zumardiandian), 17:00etatik 19:00etara eta azoka egunean bertan Alondegian, 09:00etatik 11:00etara.

Cita previa EU

Tolosako Udalak herritarrei arreta emateko zerbitzua eta erregistroa (UDATE)

Erosoago aritzeko eta itxaron beharrik ez izateko, aldez aurretik hitzordua hartzea gomendatzen dizugu. Horretarako, bete inprimaki hau, eta zuk emandako telefono-zenbakira deituko dizugu 24 ordu igaro baino lehen (egun baliodunean), eta zure kontsultari erantzun, edo hitzorduaren eguna eta ordua baieztatuko dizkizugu.

ESKATU HITZORDUA