Tolosako hilerrian komuna eraiki, hilobi gehiago sortu eta irisgarritasuna hobetzeko lanak egiten ari da udala

Tolosako Udala
2024/02/28 | Obrak, Zerbitzuak, Auzoak
  • 140 horma-hilobi, 114 kolunbario eta 60 hezurtegi berri sortuko dira.
  • Sarrerako eraikinaren irisgarritasuna hobetu eta gaur egun erabilerarik ez duen biltegi bat komun eta aldagela bihurtuko dira.

 

Tolosako Udala hilerria eraberritzeko lanak egiten ari da azken asteotan, besteak beste, egun bertan eraikita dagoen espazioa handitu eta eremuko irisgarritasuna hobetzeko. 

Hilobi berriak eraikitzea izango da lan nagusienetako bat: 140 horma-hilobi, 114 kolunbario eta 60 hezurtegi berri eraikiko dira guztira, lau modulotan banatuta. Eraberritze lan horiek 1.246m² ko azalera hartuko dute; baina lursail horren zati handiena lorategi modura mantenduko da.

Hilerriko irisgarritasuna hobetuz

Eraberritze lanekin batera, eremuko irisgarritasunari ere heldu dio Udalak, sarrera-irteera baldintzak hobetu asmoz. 

Gaur egun eremuak koskak ditu eta ez dago oinezkoen espaloirik. Hori dela eta, gainbide edo pasabide altu bat eraikiko da oinezkoentzat, hilerriko eraikinaren maila bera izango duena. Horrela, aparkalekutik hilerrinainoko ibilbidea irisgarria izatea bermatuko da, koska edo bestelako oztopo arkitektonikorik gabea, alegia. Pasabide altuak, gainera, inguruan dabiltzan ibilgailuen abiadura murrizteko balioko du, oinezkoen segurtasunaren mesedetan. 

Komun irisgarria hilerriaren barruan

Sarrerako eraikinaren barruan gaur egun erabilerarik ez duen biltegi batean obra egin eta komun irisgarri bat eta aldagela bat sortuko dira.