Aparkaleku alternatiba berriak aurkeztu dizkie Udalak Alde Zaharreko bizilagunei

Tolosako Udala
2023/02/02 | Udaltzaingoa, Herritarren Segurtasuna, Mugikortasuna eta Garraioa
  • Udalak aparkalekuen gaia lantzen jarraitzen du eta Zumarditxikiko 100 aparkalekuak lurazpiko aparkalekuetan bizilagunentzat erabilgarri jartzeaz gain, TAOa zabaltzeko aukera aztertzen eta Arrillagako aparkalekuan (Larramendi) Alde Zaharreko bizilagunak ere lehenesteko proposamena lantzen ari da Udala.
  • Era berean, epe ertainera begira lantzen ari diren aparkaleku aukeren eta Alde Zaharrari lotutako 2023ko proiektuen berri ere eman zaie bizilagunei: Gorriti plazako eremua berreskuratzeko lanak Inauterien ostean hasiko dira eta aurten Alde Zaharrari buruzko Plan Estrategikoa ere egingo da, aurrez Udalak eginak dituen Alde Zaharrari lotutako hainbat plan osatuko dituena.
  • Udal gobernuak lasaitasun mezu bat helarazi du: “Zumarditxikia berreskuratzeko lanei ekingo zaie, aparkalekuaren gaiaren lanketa amaitzean, ez lehenago”.

 

Aste honetan bertan elkartu da Udal Gobernua Alde Zaharreko bizilagunen ordezkariekin aparkalekuaren gaiaren zein beste hainbat gairen inguruan hitz egiteko eta Udalak abiatuak dituen lan lerro ezbedinak azaldu eta proposamen berriak aurkezteko.

Bizilagunen ekarpenak eta eskaerak jaso eta aztertu ostean, Zumarditxikiko 100 aparkalekuak, Lapurdi eta Alondegiako lurazpiko aparkalekuetan Alde Zaharreko bizilagunentzat erabilgarri jartzeaz gain Udalak egonaldien kostua hobarituz, beste bi aukera jarri ditu mahai gainean udalak: batetik, TAOaren zabalkundea aztertzea Alde Zaharreko bizilagunek eremu gehiagotan aparkatzeko aukera izan dezaten; aukera horrek baina, beste hainbat egokitzapen ere ekarriko lituzke berekin; eta bestetik, Arrillagako aparkalekuen esleipen berrian, laster abiatuko dena, Alde Zaharreko bizilagunen eskura jartzea hainbat plaza.

Momentu honetan ari da Udala Arrillagako aparkalekuen zozketarako baldintzak zehazten, eta noski, Larramendiko auzotarrek izango badute ere lehentasuna horien zozketan, Alde Zaharreko bizilagunekiko diskrimazio positiboa aplikatzea aztertzen ari da Udala.

Epe ertainera begirako aparkaleku proposamenak ere bai

Epe motzerako alternatibak horiez gain, epe ertainerako egitasmoak ere lantzen ari da udal gobernua: Santa Klara- Izaskungo aldaparen eremuan aparkalekua sortzeko aukera esaterako, hurrengo legealdian garatuko litzatekeena, Alde Zaharrari zein herriari zerbitzu emango dion aparkaleku berria sortzeko helburuarekin. Halaber, Lapurdiko lurazpiko aparkalekua berreskuratzean, errotazio-aparkalekuak eta bizilagunentzako, hau da, egoiliarrentzako aparkalekuak ezartzeko aukera ere aztertzen ari da Udala, aparkaleku aukerak areagotzeko helburuarekin.

Olatz Peon Ormazabal alkateak azpimarratu du: “udal gobernu honentzat Tolosako hirigune historikoak garrantzia berezia du; dirulaguntza lerro guztietan trataera berezia du Alde Zaharrak, laguntzak handiagoak dira Alde Zaharrean: negozio berrien irekierarako, etxebizitzetan irisgarritasun hobetzeko obrak egiteko, etxebizitza hutsak birgaitu eta alokairuan jartzeko edota alokairu ordainketarako”.

 

Eta legealdi honetan ere egin ditugu hainbat lan: haur jolastokiak berritu dira, Plaza Berrian eta Armeria plazan; Iturriza Jauregia eskuratu du Udalak inbertsio garrantzitsu bat eginez; Euskal Herria plazako arkupe azpiko zorua berritu da; Triangulo plazako zorua berritzeko diagnosia egin da eta orain proiektua garatzen ari gara eta aurrerapauso garrantzitsuak egin ditugu Gorriti plazako eremu osoa berroneratzeko; prest ditugu eraispenerako proiektua eta eremua eraberritzeko proiektua ere eta eraispen lanei inauterien ondoren ekingo zaie. Halaber, etxebizitza berrien sustapena bultzatu dugu Alde Zaharrean, Kale Nagusian, Letxuga kalean eta Korreo kalean. Era berean, Alde Zaharreko patioen diagnosia egitea aurreikusia dago, baita Barrena, Beotibar eta Antonio Lekuona kaleak berurbanizatzeko proeiktuak egitea ere, eta aurten Alde Zaharrari buruzko Plan Estrategikoa ere egingo da, aurrez udalak eginak dituen Alde Zaharrari lotutako hainbat Plan Berezi osatuko dituena” adierazi du alkateak.

Aparkalekuen lanketa amaitu bitartean, Zumarditxikiaren proiektuaren baitan urratsik ez

Amaitzeko alkateak lasaitasun mezu bat helarazi nahi izan du aparkalekuaren eta Zumarditxikiaren proiektuaren harira: “aparkaleku proposamenak lantzen ari gara, bizilagunekin , eta elkarlan bide horri eutsiko diogu; aukera bakoitzak bere denborak beharko ditu, beraz lanketan jarraituko dugu; lanketa amaitu arte ez dugu Zumarditxikia berreskuratzeko proiektuaren baitan urratsik egingo”.

Zumarditxikia berreskuratzeko proiektuaren inguruan alkateak adierazi du, prozesu osoan zehar izan dutela tolosarrek beren iritzia emateko aukera eta orain ere badutela “tolosar guztien, iritziak eta ekarpenak jaso nahi ditugu, horrregatik proiektua gizarteratzera bideratu ditugu azkenaldian gure indarrak, proiektua ezagututa tolosar guztiek beren iritzia eman dezaten, iritzi guztiak izango ditugu kontuan” gaineratu du.

Udal gobernu honek egin du Zumarditxikia berreskuratzeko apustu ausarta eta konpromiso horri eusten diogu; adostasun zabala dago eremu berreskuratzeko beharraren inguruan, abiapuntuan adostasuna badago, aukera dugu bidea elkarrekin egiteko proiektu honek balio behar duelako herritarrak erakarri eta herritarren artean ilusioa pizteko, herria kohesionatzeko eta ez zatikatzeko, eta gaitasuna izan beharko genuke, guztion iritziak jaso ondoren elkarlanean, proiekturik onena aurkezteko eta aurrera eramateko”.

Zentzu horretan, alkateak adierazi du, herritar guztien iritzi eta ekarpenak jaso ondoren, proiektua landu duen arkitekto eta ingeniariekin elkartzeko asmoa dutela proiektua berraztertu eta jasotako ekarpenak txertatzeko egon litezkeen aukerak aztertzeko.

Cita previa EU

Tolosako Udalak herritarrei arreta emateko zerbitzua eta erregistroa (UDATE)

Erosoago aritzeko eta itxaron beharrik ez izateko, aldez aurretik hitzordua hartzea gomendatzen dizugu. Horretarako, bete inprimaki hau, eta zuk emandako telefono-zenbakira deituko dizugu 24 ordu igaro baino lehen (egun baliodunean), eta zure kontsultari erantzun, edo hitzorduaren eguna eta ordua baieztatuko dizkizugu.

ESKATU HITZORDUA