Udalak dirulaguntza deialdi bateratua abiarazi du

Tolosako Udala
2022/05/04 | Udate (HAZ-SAC)
  • 19 dirulaguntza lerro argitaratu berri ditu Tolosako Udalak, udalerriko herritarrei, taldeei eta eragileei haien jardueretan laguntzeko helburuarekin.
  • Eskaerak egin daitezke dagoeneko eta informazio guztia eskuragarri dago hemen.

             

Tolosako Udalak iaz argitaratu zituen dirulaguntza guztiak batera lehen aldiz, Legealdi Planean jasota zegoen moduan, bi helbururekin: herritarrei dirulaguntza bat eskatzeko prozedura errazteko eta barne kudeaketa eraginkorragoa izateko. Aurten ere, dirulaguntza deialdi bateratua abiarazi berri du.

Guztira 19 dirulaguntza lerro jarri ditu abian Udalak, Tolosako herritarrei, taldeei eta eragileei haien jardueretan laguntzeko helburuarekin. Honakoak dira deialdian jasotzen diren laguntzak: kultura arloko dirulaguntzak, emakume eta berdintasunerako laguntzak, euskara arlokoak, kirol arlokoak, gizarte zerbitzuetako dirulaguntzak, enpresen lehiakortasunaren arlokoak eta gazteria arloko dirulaguntzak.

Azken hauek elkarteei zein norbanakoei zuzenduta daude, eta laguntzen helburua da Tolosako gazteen berezko sormen ekimenak sustatzea, udalerriko bizitza sozial eta kulturala aberasteko. Gazteek esperimentatzeko aukera izatea eta proiektu propioak garatuz ikastea bultzatu nahi du Udalak. Hala, lerro honi lotutako laguntzak 30 urte arteko tolosarrek eskatu ditzakete. Gutxienez bi pertsonako taldeak izan behar dira, baina ez dute zertan elkarte bezala eratuta egon behar.

Hiri-ekonomia indarberritzeko laguntzak

Hiri-ekonomia indarberritzeko dirulaguntzetan hiru laguntza lerro nagusi daude: “Berriz” laguntza programa Tolosako saltokietan belaunaldi aldaketa eta negozioen eskualdaketa bermatzeko, “Ekin” programa enpresa ekimen bat abiarazten laguntzeko eta, azkenik, Gune Biziak ekimena, merkataritzako eremuak erakargarri eta atseginak egin eta kale-espazio eta lokal hutsak dinamizatzeko Udalak sustatuko dituen ekintzei dagokiena.

Eskaerak egiteko epea zabalik

Dirulaguntzak eskatzeko epea zabalik dago eta hemen eskuratu daiteke informazio guztia: dirulaguntza bakoitza eskatzeko epealdia eta jarraitu behareko araudia, zein helburu dituen, nori bideratzen zaion, zenbateko laguntza jaso dezakeen, bete beharreko baldintzak etab.

Informazio gehiagorako edo izapide elektronikoak egiteko laguntza jasotzeko KZgunea herritarren zerbitzura dago, eta dagokion departamentuarekin ere jarri daiteke harremanetan 010 edo 943 65 44 66 telefono zenbakian.

Cita previa EU

Tolosako Udalak herritarrei arreta emateko zerbitzua eta erregistroa (UDATE)

Erosoago aritzeko eta itxaron beharrik ez izateko, aldez aurretik hitzordua hartzea gomendatzen dizugu. Horretarako, bete inprimaki hau, eta zuk emandako telefono-zenbakira deituko dizugu 24 ordu igaro baino lehen (egun baliodunean), eta zure kontsultari erantzun, edo hitzorduaren eguna eta ordua baieztatuko dizkizugu.

ESKATU HITZORDUA