Lehen aldiz inauterietan emakumeen pilotaz gozatzeko aukera egongo da Beotibar pilotalekuan

Tolosako Udala
2023/02/15 | Kirolak
  • Zaldunita bezperan, otsailak 18, emakumeen binakako txapelketa nagusiaren final laurdenak jokatuko dituzte arratsaldeko 18:00etan, Ados pilota elkarteak antolatuta. Horrez gain,  Aspe eta Baikok antolatutako binakako txapelketa eta promoziozko partiduak ere jasoko ditu Beotibarrek astelenitan eta asteartitan.
  • Beotibar pilotalekuak instalazioetan egindako hainbat berrikuntzekin jasoko ditu, gainera, aipatu partiduak:  markagailu berriak jarri eta argiterian hobekuntzak egin dira.
  • Olatz Peon, Tolosako alkatea: “Tolosako Udalak berdintasunaren aldeko lanketan, helburu du emakume kirolarien ahalduntzea, beharrezkoa delako kirol esparru guztietan emakumeen presentzia areagotzea gizarte berdinzaleagoa eraikitzeko, pertsonak berdintasun balioetan hezteko eta gazteengan erreferentziazko emakume kirolariak sustatzeko, kirol esparrua ere emakumeona badelako”.

 

Tolosak hasiera emango die bihar inauteriei eta horren harira egitarau anitz eta oparoa antolatu du Udalak, hau, gazte, heldu eta adinekoen gozamenerako. Gaurkoan, jai egitarau hori biribiltzeko Beotibar pilotalekuan antolatutako pilota partiduen berri eman du goizean egindako agerraldian.

Emakumeen pilotaz gozatzeko aukera lehen aldiz inauterietan

Maila altuko pilotariak eta maila altuko pilota partiduak jasoko ditu aurtengo inauterietan Beotibar  pilotalekuak. Gainera, aurten lehen aldiz inauterietan emakumeen pilotaz gozatzeko aukera egongo da, Ados pilota elkartean antolatuta, emakumeen binakako txapelketa nagusiaren final laurdena jokatuko baita Beotibarren. Partidua zaldunita bezperan, otsailaren 18an, izango da, arratsaldeko 18:00etan.

Tolosako alkateak, Olatz Peonek adierazi du partidu horrek helburu duela “nesken esku-pilota bisibilizatzen laguntzea” eta bide horretan, Udalak emakumezkoen kirol txapelketa oro babestu duela azpimarratu du: saskibaloia, aizkolaritza, pilota… “Tolosako Udalak berdintasunaren aldeko lanketan, helburu du emakume kirolarien ahalduntzea, beharrezkoa delako kirol esparru guztietan emakumeen presentzia areagotzea gizarte berdinzaleagoa eraikitzeko, pertsonak berdintasun balioetan hezteko eta gazteengan erreferentziazko emakume kirolariak sustatzeko, kirol esparrua ere emakumeona badelako”.

Aspe eta Baikoko binakako txapelketa eta promoziozko partiduak

Astelenita eta asteartitan, halaber, Aspe eta Baikok antolatutako pilota partiduak jasoko ditu Beotibarrek, binakako txapelketa eta promoziozko partiduak, alegia.

Astelenitan, esaterako, 16:30ean hasita, lehenbizi promoziozko partidua jokatuko da eta ondoren, Jaka - Aranguren eta Altuna III – Tolosaren arteko binakako txapelketa. Asteartitan, halaber, ordu berean hasita, Agirre – Iztueta eta Zabala – Gaskueren arteko promozio partidua jokatuko da lehenbizi eta Ezkurdia - Martija eta Peña II – Mariezkurrena IIren arteko binakako txapelketa, ondoren.

Berrikuntzak Beotibar pilotalekuan

Tolosako Udalak, gainera, hainbat berrikuntza egin ditu Beotibar pilotalekuan, espazio honek bere betiko indarra mantendu dezan eta, orain arte bezala, kalitatezko partiduak jasotzeko azpiegitura egokiak bermatu ditzan.

Hori horrela, bi markagailu berri jarri dira, ikusleek partiduaren markagailua pilotalekuko edozein puntutatik ikusteko aukera izan dezaten. Horiek 7.000€ko kostua izan dute. Horrez gain, 62 foko alogeno zahar kendu eta horiek led teknologiadun 40 foko berriengatik ordezkatu dira. Horrek pilotalekuko argiteria nabarmen hobetzeaz gain, energia kontsumoa %30ean murriztea ahalbidetuko du, energia jasangarritasunaren alde urrats bat gehiago emanez.

Horiekin batera, halaber, pilotalekuan beste hainbat hobekuntza egitea aurreikusia du Tolosako Udalak, hala nola, espazioa megafoniaz hornitzea, sarearen sistema modernizatu eta automatizatzea edota kalefazioaren sistema eguneratzea. Guztira, 100.000 euroko inbertsioa egingo du Udalak datozen urteotan aipatu espazioa berritu, egokitu eta hobetzeko.

Inbertsio lanak Berazubin

Beotibar pilotalekuarekin batera, tolosarrei kirol instalazio egokiak eskaintze aldera, Berazubin ere hainbat hobekuntza egitea aurreikusi du Udalak 2023an zehar.

Horri lotuta, une honetan pista garbitzeko lanetan dihardu eta inauterietan homologazioa lortzeko lanak egingo dira, horien artean, margoketa lanak. Era berean, padeleko pistetan eguzkiaren erreflexuak saihesteko binilo sistema berria ere ezartzea aurreikusi du.

Cita previa EU

Tolosako Udalak herritarrei arreta emateko zerbitzua eta erregistroa (UDATE)

Erosoago aritzeko eta itxaron beharrik ez izateko, aldez aurretik hitzordua hartzea gomendatzen dizugu. Horretarako, bete inprimaki hau, eta zuk emandako telefono-zenbakira deituko dizugu 24 ordu igaro baino lehen (egun baliodunean), eta zure kontsultari erantzun, edo hitzorduaren eguna eta ordua baieztatuko dizkizugu.

Ostegunetan 17:00etatik 19:00etara etortzeko, EZINBESTEKOA da hitzordua izatea.

ESKATU HITZORDUA