Aldaketak parte hartze bidezko aurrekontuekin herritarrek aukeratuta egingo diren proiektuetan

Hitzordua
Informazio gehiago

Tolosako Udala
2024/03/06 | Komunitatea eta Gobernantza
  • Oztopo administratibo bat tarteko, aurtengo udan ezingo dira udaleku irekiak egin, baina udalak hurrengo ikasturtera begira antolatzeko konpromisoari eutsiko dio, eta aurten gazteen aisialdirako ekintza puntualak antolatuko ditu.
  • Proiektu horretara bideratzea aurreikusten zen diru kopurua bozka gehien jaso zuten hurrengo hiru proiektuetara bideratuko da.

 

Azaroaren amaieran aurkeztu zituen udalak parte hartze bidezko aurrekontuen egitasmoaren barruan herritarrek aukeratutako bost proiektuak. Proiektu horiek 2024ko udal aurrekontuan jasota daude, eta horietako batzuren lanketarekin hasia da udala. 

Aldaketa izango da horietako batean, ordea: haur eta nerabeei zuzendutako udaleku irekien eskaintza sortu eta garatzeko proiektua garatzen hasia bada ere, traba administratibo bat tarteko ezingo da eskaintza hori uda honetarako prest izan, eta horrek aurten egingo diren egitasmoen planteamenduaren aldaketa ekarriko du.

Zergatik aldaketa?

Bozketa fasea amaitu eta aukeratutakoen artean zela jakin bezain pronto abiatu zuen udalak udako programa hori diseinatzeko eta kontratatzeko prozesua, Gazteria Sailak gidatuta. 

Lizitazioa gauzatzeko oinarriak amaitzear zela, ordea, inork aurreikusi gabeko traba administratibo batekin egin dute topo udal teknikariek: halako zerbait inoiz egin ez denez, lizitazioa martxan jarri aurretik guztia arautzen duen erregelamendu bat onartu behar da. Araudi hori sortzeko prozesuak eta bere onarpenak, eta ondorengo lizitazioak, hilabeteak eskatzen dituzte, eta horrek ezinezko egiten du uda honetarako eskaintza martxan izatea. 

Zer gertatuko da udaleku irekiekin?

Eskaintza uda honetan martxan jarri ezingo bada ere, prozesuak eskatzen dituen lanekin aurrera egingo du udalak datozen hilabeteotan, hurrengo urterako prest egon dadin. Hain zuzen, erregelamendua sortzeko lanari ekin zaio jada, eta gainerako urratsak egingo ditu behin hori amaitu ondoren. Udal gobernuak 2025. urteko udal aurrekontuan eskaintza hau txertatzeko konpromisoa hartu du.

Eta aurtengo aurrekontuan gordea zegoen diruarekin, zer?

150.000 euroko diru-kopurua zegoen aurreikusita udaleku irekiak garatzeko. Diru horren zati bat, 60.000 euro inguru, udan haur eta nerabeen aisialdirako ekintza puntualak antolatzera bideratuko da.

Gainerako kopurua, parte hartze bidezko aurrekontuen prozesuan, herritarrek gehien bozkatutako hurrengo proiektuetara bideratuko da. Hiru dira finantzatuko diren proiektuak:

  • Bizikletentzako aparkalekuak: Udal gobernuak 20.000 euro aurreikusi zituen jada helburu horretarako, parte hartze bidezko aurrekontuen egitasmotik kanpo. Orain 20.000 euro gehiago txertatuko dira. Modu horretara, Korreo kaleko Belena patioko aparkalekuen sistema aldatuko da: egungo barandak kendu eta beste sistema bat jarriko da, espazio berean bizikleta gehiagorentzako lekua sortzeko, eta modu horretara itxaron zerrenda arintzeko. Kentzen diren barandak, berriz, herriko beste puntu batzuetan jarriko dira.

  • Zabalarreta parkean kiosko-aterpea: Estalkia duen eszenatoki bat egitea da asmoa. Proiektuarentzat aurreikusitako aurrekontua 50.000 eurokoa da.

  • Kalistenia eta kaleko kirol parkeak: Parte hartze bidezko aurrekontuetatik kanpo aurreikusia zegoen partida bat, eta dagoeneko lizitatua du bi guneren sorrera. Orain 15.000 euro gehiago bideratuko dira gune gehiagotan jarri ahal izateko.

Cita previa EU

Tolosako Udalak herritarrei arreta emateko zerbitzua eta erregistroa (UDATE)

Erosoago aritzeko eta itxaron beharrik ez izateko, aldez aurretik hitzordua hartzea gomendatzen dizugu. Horretarako, bete inprimaki hau, eta zuk emandako telefono-zenbakira deituko dizugu 24 ordu igaro baino lehen (egun baliodunean), eta zure kontsultari erantzun, edo hitzorduaren eguna eta ordua baieztatuko dizkizugu.

ESKATU HITZORDUA