38,2 milioi euroko aurrekontua izango du udalak 2024rako

Tolosako Udala
2023/12/29 | Ogasuna
  • Lurrazpiko aparkalekuen tarifak edota pentsio eta tren zerbitzuen inguruko mozioak izan dituzte hizpide, besteak beste, abenduko osoko bilkuran.

Abenduko osoko bilkuran, ohikoa den eran, hurrengo urterako Aurrekontu Orokorra izan da eztabaidagai nagusi. Hiru aurrekontuk osatzen dute: alde batetik, udalarenak; eta bestetik, Tolargi SL eta Tolosa Gasa SA sozietateenak. 

EH Bilduren aldeko botoekin eman diote onespena aurrekontuari. EAJ, berriz, aurka agertu da. Horrenbestez, Tolosako Udalak 38,2 milioi euroko aurrekontua izango du 2024rako. Tolargirena 962.888 eurokoa izango da, eta Tolosa Gasarena, berriz, 317.814 eurokoa.

Ia bost milioi euro gehiago

2023ko aurrekontuarekin alderatuta, ia bost milioi euro gehiago izango ditu Tolosako Udalak datorren urtean, %14,8 haziko baita aurrekontua, 38.245.967 eurora. 

Joan den astean eman zituen udal gobernuak aurrekontuaren inguruko xehetasunak. Hutsik dauden lanpostuak betez udaleko lantaldea indartzea izango da helburu nagusiena, modu horretara, inbertsioen egungo %30eko betetze edo exekuzio maila hobetu ahal izateko. Hori dela eta %6ko gorakada izango da pertsonaleko gastuan. Pertsonal Saila, Hirigintza Saila, Gizarte Zerbitzuak edota Udaltzaingoa dira, besteak beste, indartuko diren sailetako batzuk.

Inbertsioetara, berriz, 4,6 milioi euro bideratuko ditu udalak, 2023an baino %17 gehiago, horietako asko hirigintza esparrukoak. Urbanizazio obretarako 262.000 euro gehiago izango dira, eta mantenu lanetarako partida ere bikoitza baino gehiago hazi da, 100.000 eurora iritsiz.

2024an egin asmo diren lanen artean daude, besteak beste, Iturritza Jauregiaren fatxada eta teilatua eraberritzeko lanak, Idoiaga-San Inazio bidegurutzean segurtasuna hobetzeko lanak edota Soldadu kalearen egokitzapena. 

Beste hainbat lan egin ahal izateko proiektuak idatzi edo azterlanak abiatzea ere aurreikusi du udalak. Era berean, aurrekontuan jasota daude parte hartze bidezko aurrekontuen prozesuan, herritarrek bozkatutako bost proiektuak.

[Kontsultatu hemen xehetasun guztiak].

Zaintza ekosistemaren diagnosi orokorra, Abegi eguneko eta gaueko zerbitzua –ia milioi erdi bideratuko da– udaleratzea, etxebizitzak birgaitzeko diru-laguntzen hazkundea –bikoitza baino gehiago haziko da, 120.000 eurotik 300.000 eurora–, Energia Bulego publikoaren sorrera, Amarotzeko alokairuko babes ofizialeko etxeengatik Visesari egin beharreko 666.000 euroko kapital transferentzia edota kiroldegiaren itxieragatik, herriko kirol taldeek izan dituzten ezohiko gastuak konpentsatzeko 50.000 euroko diru-laguntza lerroaren sorrera dira, besteak beste, aurrekontuak jasotzen dituen bestelako aldaketa esanguratsuenak.

 

Aparkalekuen tarifak

Lapurdi plazako eta Alondegiko aparkalekuetako tarifak eguneratzea ere onartu zen atzoko osoko bilkuran, aho batez. 2013tik eguneratu gabe zeuden prezioak, eta denbora horretan, %23ko igoera izan du KPIak. Tarifak, ordea, indize horren azpitik –erdia gutxi gora behera– eguneratuko dira.

BPXport XXI, S.L.U enpresak Usabal kiroldegiko udal-langileen bajen ordezkatze gainkostuarengatik eskatutako konpentsazioak ere izan dira hizpide. Udalbatzak, aho batez, ebatzi du langileen ordu-sindikalengatik eta udaletxean dituzten bilerengatik galdutako orduak baino ez dituela konpentsatuko, betiere enpresa emakidadunak langile horiek ordezkatu baditu eta hori dagokion dokumentazioarekin justifikatzen badu. 

Udalak enpresaren esku lau funtzionario jarri eta horien kostuak bere gain hartzen ditu, baina lau funtzionario horien lana eragozten duen edozein ezusteko gertatzen bada, zerbitzu-emakida bat izanik, enpresak hartu behar du bere gain ordezkapenaren kostua, berari baitagokio kontratua gauzatzeko behar diren langileak jartzea.

 

Hiru mozio eztabaidagai

Pentsioak ere izan dira mintzagai osoko bilkuran, EH Bilduk, Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduaren izenean, eta EAJk mozio bana aurkeztu baitute gaiaren inguruan. Bietako lehena onartu da, EH Bilduren aldeko botoekin. EHPMk mozioan eskatu bezala, udalak eskaera egingo dio Eusko Jaurlaritzari 1.080 eurora arte osatu dezan pentsiodunen gutxieneko pentsioa.

Irun eta Brinkola artean ADIFen trenbidea eta RENFEren aldiriko zein distantzia erdiko zerbitzuak hobetzea, eta maiztasunak eta ordutegiak betetzea eskatzeko EH Bilduk aurkeztutako mozioa onartu da, aho batez.

Cita previa EU

Tolosako Udalak herritarrei arreta emateko zerbitzua eta erregistroa (UDATE)

Erosoago aritzeko eta itxaron beharrik ez izateko, aldez aurretik hitzordua hartzea gomendatzen dizugu. Horretarako, bete inprimaki hau, eta zuk emandako telefono-zenbakira deituko dizugu 24 ordu igaro baino lehen (egun baliodunean), eta zure kontsultari erantzun, edo hitzorduaren eguna eta ordua baieztatuko dizkizugu.

Ostegunetan 17:00etatik 19:00etara etortzeko, EZINBESTEKOA da hitzordua izatea.

ESKATU HITZORDUA