- 2024ko aurrekontu proiektuan aurreikusitakoaren arabera, %14,8 handiagoa izango da Tolosako Udalaren aurrekontua, 38,2 milioi eurokoa.
- Udaleko lantaldea indartzea, urbanizazio eta mantenu obretarako partiden igoera eta kiroldegiaren itxieragatik kirol taldeek izan dituzten ezohiko gastuei aurre egiteko diru-laguntza lerroa aurreikusi dira, besteak beste.
Ia bost milioi euro gehiagoko aurrekontua izango du Tolosako Udalak 2024rako. Iazkoarekin alderatuta %14,8 haziko da datorren urtean, 38.245.967 eurora. Gaur goizeko batzordeetan xehetasunak eman ostean, abenduaren 28ko osoko bilkuran bozketara eramango den aurrekontu proposamena aurkeztu du udal gobernuak.
Lantaldea indartu, inbertsioen exekuzio maila hobetzeko
Udaleko giza baliabideak indartzea izango da hurrengo urtera begirako asmo nagusienetako bat, horregatik %6 igoko da pertsonaleko gastua. Asko dira hutsik dauden lanpostuak, eta hauek betez gero inbertsioen eta proiektuen exekuzio mailan nabarmen hobetu daitekeela uste du udal gobernuak.
Esti Kortejarena Kontuhartzailetza eta Diruzaintzako zinegotziak azpimarratu duenez, «aurreko urteetako inbertsioen betetze maila %30 ingurukoa izan da. Proiektuetako asko ez dira garatu eta pilaketa handia da. Alferrikakoa litzateke proiektu eta asmoen zerrenda luze bat egitea, gero gauzatzea posible ez bada. Zerbait errealistagoa eta egingarriagoa osatzea izan da gure asmoa. Horregatik aurten indarrak lantaldea indartzera bideratuko ditugu, behin hori eginda etorkizuneko proiektuak egin ahal izateko».
Pertsonal Saila izango da, esaterako, indartuko den departamentuetako bat, hain zuzen, hautaketa prozesuekin dagoen atzerapena desblokeatu asmoz. «Prozesu horiek gauzatu eta behar diren gainerako kontratazioak egingo balira, beste sail batzuetan pilatuta dagoen lanari irteera emateko moduan izan gintezke». Hirigintza Saila eta Udaltzaingoa dira, besteak beste, hornituko diren sailetako bi. Udaltzaingoaren kasuan, gainera, ibilgailuen flota berrituko da, garabi batekin, bi motorekin eta beste ibilgailu elektriko batekin.
Inbertsio nagusiak, hirigintzako lanetan
Guztira 4,6 milioi euro bideratuko dira inbertsioetara, iazkoarekin alderatuta, %17 gehiago. Hirigintza da inbertsioen atalean garrantzia handiena izango duen esparrua.
Urbanizazio obretarako, esaterako, 262.000 euro gehiago izango ditu udalak. Hala, egingo diren lanen artean daude, besteak beste, Soldadu kalearen egokitzapena, Apattara bidean dagoen San Inazio kaleko bidegurutzean segurtasuna hobetzeko eremu horren eraldaketa –Ibarrako Udalarekin elkarlanean egingo da–, Zuloaga auzoko bidearen egonkortze-lanak, Korreo kaleko Iturritza Jauregiko fatxada eta teilatuaren eraberritzeak edota Larramendi auzo elkartearen eta Zutani elkartearen lokalen egokitzapenak. Mantenu lanetarako partida ere bikoitza baino handiagoa izango da: 100.000 eurora iritsiko da aurrekontu hori.
Inbertsio ez materialen atalean, etorkizunean errealitate izango diren beste hainbat lanen oinarri izango diren azterketa eta proiektuen idazketak aurreikusi ditu udalak. Esaterako, Iurreamendiko babes ofizialeko alokairuko etxeen proiektua idatziko da, baita Samaniego ikastetxeko sarreraren, Iurre auzoko plazetako lurraren aldaketaren edota Iturriza, Abastos eta Iturzaeta pabiloiaren barrualdeen egokitzapen lanenak ere. Alde Zaharreko Plan Integralaren hurrengo faseetako lizitazioak martxan jartzea ere aurreikusia du udalak.
Garrantzia handiko beste bi proiekturen lehen urratsak ere eman nahi dira: Triangulo plazako lurra aldatzeko eta Tren geltokiko plaza egokitzeko azterketak martxan jarri nahi ditu udalak 2024an.
Arlo soziala, etxebizitzen birgaitzea eta energia
Beste hainbat esparrutan ere azpimarra berezia jarriko du udalak datorren urtera begira. Arlo sozialari dagokionez, Zaintza ekosistemaren diagnosi orokorra egingo da. Horrez gain, aurrerantzean udaleko Gizarte Zerbitzuek kudeatuko duten Abegiren eguneko eta gaueko zerbitzurako ia milioi erdia bideratuko da.
Etxebizitza alorrean, aldaketarik esanguratsuena etxeak birgaitzeko diru-laguntzetan emango da: bikoitza baino gehiago haziko baita ekarpena: 120.000 eurotik 300.000 eurora. Kapital transferentziak ere igoera nabarmena izango du, Amarotzeko alokairuko babes ofizialeko etxeengatik Visesari, Eusko Jaurlaritzaren etxebizitza sozietate publikoari, 666.000 ordaindu behar zaizkiolako. Lanak 2024 amaieran hastea aurreikusten da.
Energia bulego publikoaren sorrera da udalak eskuartean duen beste proiektuetako bat, eta horretarako 65.000 euro bideratuko ditu.
Hiri ekonomiari dagokionez, asteroko Azoka sustatzen jarraitzearekin batera, azoka berezietarako udalak egiten duen ekarpena ere mantendu egingo da. Ekarpenaren beste erdia HAZI Fundazioak egiten du, udalarekin duen hitzarmenaren bidez, eta hori berritzeko hizketan ari dira bi aldeak.
Kirol arloan aldaketa nabarmenak
Kiroldegiaren ezohiko itxierari aurre egiteko ere aldaketak izango dira udal aurrekontuan. Gauzak horrela, herriko kirol taldeen ezohiko gastuak konpentsatzeko diru-laguntza lerro bat sortu da, 50.000 eurokoa. Aurrerago emango dira xehetasun guztiak. Inbertsioetarako eta azpiegituraren mantenurako ere gastuak aurreikusi ditu udalak, ia 400.000 euro.
Herritarrek lehenetsitako proiektuak, aurrekontuan
Aurrekontu parte hartzaileen bidez tolosarrek aukeratutako 5 proiektuak ere barnebiltzen ditu aurrekontu proposamenak. Horrenbestez, jaso dira Zerkausi gaineko terraza egokitzeko eta irekitzeko, udaleku irekiak sortzeko, haurrentzako ur parkeak egiteko, auzoetako Merkataritza Plan bat garatzeko eta Larramendi auzoko jolas eta ariketa fisikorako gunea eraikitzeko diru kopuruak. Azken honen kasuan, komun publikoa jartzea ere aurreikusi da.
Oposizioaren proposamenak, «begi onez»
Oposizioak egindako proposamenen inguruan ere hitz egin du udal gobernuak. Begi onez hartu dituela nabarmendu du Andu Martinez de Rituerto alkateak: «Proposamenetako batzuk dagoeneko martxan edo aurreikusita daude, Iurre auzoko lurra berritzeko eta Iurreamendi pasealekuko proiektuak, edota zaintza diagnostikoa egitearena, esaterako. Lanketa horiekin ari gara. Beste proposamenetako batzuk, ez dira agian aurten gauzatu ahal izango, baina jasotzat hartzen ditugu agintaldian zehar martxan jartzeko. Beotibarren kasua izan daiteke hori: erreboteko harmailak berritzea da lehentasuna, horretan gaude, eta teilatuarena aurrera begirako lan bat izan daiteke. Antzeko kasua da Ferialekuarena: komunak eta dutxak 2024an zehar egokitzeko asmotan gaude, baina eraikinak bere osotasunean azterketa sakon bat behar du etorkizunera begira, bere erabilera definitzeko».
Santa Klara eta Zumarditxikiaren eremuari dagokionez, berriz, lanean jarraituko duela azaldu du udal gobernuak. «Aparkalekuen diagnosi integrala berehala jarriko da martxan, eta horrek erakutsiko digu herri mailan ditugun aukera guztiak. Zumarditxikiko lanak egiteko autoak bertatik atera behar dira lehenengo, eta azterketa horrekin ikusiko dugu nora bideratu. Eremua ere bere osotasunean moldatzea aurreikusten dugu, bi irizpiderekin: bata, Zumarditxikiko azalera mantentzea, eta bestetik, Santa Klarako lorategi eta baratzeak mantentzea. Herriarentzat espazio atseginak izan daitezke».