Zubien azpialdean sareak jarri eta erreka garbiketa lanak egingo ditu Tolosako Udalak, Uraren Mundu Egunaren harira

Ayuntamiento de Tolosa
09/03/2023 | Medio Ambiente
  • Ohiko moduan, erreka garbiketa lanak egingo dira herriko hiru ikastetxeetako ikasleekin zein herriko elkarte desberdinekin elkarlanean eta horrekin batera, sareak jarriko ditu Araba etorbideko zubiaren azpialdean, zaborra errekara jausi ez dadin.

 

Datorren martxoaren 23an Uraren Mundu Eguna ospatuko da eta horren harira, Tolosako Udalak ekintza desberdinak antolatu ditu.

 

Lehenik eta behin, erreka garbiketa lanak eramango ditu aurrera, urtero egiten duen bezala, herriko hiru ikastetxeekin zein elkarte desberdinekin elkarlanean. Hori horrela, guztira 300 lagun inguru, 2-3 orduz arituko dira erreka ertzak garbitzen, martxoaren 21ean, 22an eta 23an. Horretarako, beharrezko materiala banatuko zaie parte-hartzaile guztiei. Ekimen hau, halaber, Eskola Agenda 2030ren baitan kokatzen da.

Ikasle eta elkarteen lanaren osagarri gisa, enpresa aditu baten zerbitzua ere kontratatuko da, kasu honetan, zailagoak diren puntuak garbitzeko.

Sareak zubien azpialdean

Garbiketa lanek helburu dute gure herriko ibaia eta ibai ertzak txukun eta garbi mantentzea, ingurumenaren mesedetan. Eta hain zuzen helburu hori oinarri, garbiketa lanez haratago, Tolosako Udalak sareak jarri ditu jada herriko hainbat zubien azpialdean, kaleko zaborra ibaira jausi edo erori ez dadin.

2020an esaterako, Zumalakarregi kalean jarri zituen aipatu sareak eta iaz Berazubi eta Euskaldun Berrien zubian. Oraingoan, Araba etorbidean jarriko ditu sareak; guztira 211 metro saretuko dira. Datozen urteetan, herriko zubi eta kale desberdinetan sare gehiago jartzea aurreikusita du Udalak.

Amaitzeko, Eguzki taldeak egindako eskaera aintzat hartuta eta honi erantzuna emanez, lan hauek guztiak aurrera eramateko Foru Aldundiak ematen dituen dirulaguntza deialdira atxiki da Tolosako Udala.