Auzolana eta bere etorkizuna ardatz dituen ‘Auzolangiltza’ dokumentalaren aurrestreinaldia, asteazkenean

Ayuntamiento de Tolosa
25/09/2023 | Medio Ambiente
  • Tolomendi Tolosaldeko Landa Garapenerako Elkarteak sortu du lana, eta  aurrestreinaldia irailaren 27an, Topicen, izango da, 19:00etan.
  • Auzolanaren iraganari, bere balioei eta etorkizuneko bideei buruz hausnartzeko helburua duen proiektu baten harira sortu da ikus-entzunezkoa.


Bi urte igaro dira Tolomendi Tolosaldeko Landa Garapenerako Elkartea ‘Auzolangiltza: XXI. mendeko Gipuzkoaren eraikuntzan auzolana iraganeko kontua ala etorkizuneko giltza? Tolosaldean saiakera’ proiektua lantzen hasi zenetik. Auzolanaren kultura eguneratzea eta erronka berriei aurre egiteko lankidetza, erantzukidetasuna, gizartearen inplikazioa eta talde-lana sustatzea du helburu lanketa honek.

Bada, proiektuaren barruan jasotako esperientzia eta ikasbideak jasotzen dituen dokumental bat osatu du orain Tolomendik. Iker Iriarte alegiarra eta Pablo Dendaluze tolosarra izan dira 45 minutuko ikus-entzunezkoa honen egileak. 

Auzolangile eta elkarte ugari dira protagonista eta beren bizipenak jasotzen dira bertan: Zumardia Elkartea, Amezketako Antzerki Taldea, Euskal Herriko Bertsozale Elkartea, eta Tolosaldeko, Etxalarko, Avilako edota Marokoko auzolangileak, besteak beste.

«Iraganeko kontu, etorkizunerako giltza»

Egileek aitortu dutenez, «azken urteetan “auzolana” hitza modan jarri da, eta hitza asko erabiltzeak berekin du hura edukiz husteko arriskua. Auzolanaren kulturak bere baitan balio sistema bat, mundu ikuskera oso bat eta antolakuntza sozial modu batzuk jasotzen ditu; beraz, ez da elkarlan hutsera edo lankidetzan aritzera mugatzen. Ohartu gara auzolanaren kontzeptuak forma berriak hartu dituela, eta ulerkerak zabaldu egin dira, baina, funtsean, auzolanak herriak, herritarrak eta komunitatea ditu erdigunean, kultura demokratikoan sakondu, herriaren identitatea indartu eta herrikideen arteko harremanak lantzen baititu». 

Iraganean ez ezik, etorkizunean ere jarri du jomuga lanak: «Auzolana iraganeko kontua da akaso, baina etorkizunerako giltza zalantzarik gabe; gaur gaurkoz, modu batera edo bestera, auzolana egiten baita gure herrietan. Ekimen honek, oraindik bizirik dauden balio, kultura eta ohituretatik abiatuta, etorkizuna indartzeko bideak ireki nahi ditu, eta, horretarako, Auzolangiltza dokumentala tresna baliotsua izango delakoan gaude. Dokumentalak proiektuan zehar jaso diren esperientzia eta ikasgaiak komunikatu eta gizarteratzeko eta horretaz hausnartzeko tresna bat izan nahi luke», azaldu dute. 

Aitor Agirresarobe, Tolosako Udaleko Landa Garapeneko zinegotziak aurkezpen ekitaldian auzolanak gizartean duen balioa nabarmendu nahi izan du: «Oinarrian auzolana duten dozenaka adibide daude gure herrian: aisialdi taldeak, auzoetako elkarteak, gizarte eragile mordo bat… Egitasmo ugari sortzen dituzte lankidetzan. Martxan jarri nahi ditugun egitura komunitarioek zerikusi zuzena dute auzolanarekin. Balio indartsuak daude horren atzean eta, erakundeetatik, hori sustatzen eta bide ematen jarraitu behar dugu».

Aurkezpen ekitaldiak, herriz herri

Aurrestreinaldia, asteazken honetan izango da, hilaren 27an, 19:00etan Tolosako Topic Zentroan. Aurkezpen ofiziala, berriz, urriaren 5ean izango da, Alegiako zinean. Ondoren, eskualdeko nahiz eskualdez kanpoko hainbat herri eta auzotan egingo dira emanaldiak: urriaren 20ean Amezketako San Martinen edo urriaren 21ean Etxalarren, besteak beste.

2021. urtean abiatu zen proiektua, Gipuzkoako Foru Aldundiaren Etorkizuna Eraikiz programaren laguntzarekin eta HUHEZI Koop. E. eta Eusko Ikaskuntzarekin batera. Horrez gain, babesle eta laguntzaile izan ditu, Tolosako eta Alegiako Udalak, besteak beste.

 

Informazio gehiago: www.tolomendi.eus/auzolangiltza

Dokumentalaren aurrerapena: https://youtu.be/ZIzuz5a4I9k