Ingurumen Astea ospatuko du Tolosak ekainaren 5etik 8ra

Ayuntamiento de Tolosa
30/05/2024 | Medio Ambiente
  • Ura izango da aurtengo gaia eta antolatutako egitarauak helburu du uraren zaintzak duen garrantziari buruzko kontzientziazioa sustatzea.

 

 

Tolosako Udaleko Ingurumen Sailak, Tolosako Ingurumen Zentroarekin elkarlanean,  Ingurumenaren Nazioarteko eguna ospatzeko egitaraua antolatu du. Ura gai nagusitzat hartuta, elementu honen inguruan kontzientziazioa sustatzea da helburu nagusia. Uraren zaintzan jarraiko da azpimarra bereziki, itsaspeko edota lurpeko ekosistemetan dauden arazoak ezagutzera eramatearekin batera. Hiru ekintza izango dira:

  • Ekainak 5,  Ingurumenaren Nazioarteko Eguna: CIMASUB Itsaspeko Zinemaren Nazioarteko Zikloaren proiekzioak. 

10:00etan, Leidor aretoa ikaslez beteko da, haur eta gaztetxoei bideratutako proiekzio hezitzaileak egingo baitira. Egistamo honen helburua da ozeanoen kontserbazioa sustatzea eta haurrek itsasoaren inguruan duten pertzepzioa indartzea, ‘Etorkizun urdina eraikitzen’ lelopean, gure ozeanoak baloratu eta zainduko dituzten belaunaldi berriak sortzeko. 

19:00etan Topic itsaspeko zinemaren agertoki izango da, munduko argazkilari eta bideografo onenen esperientziak biltzen dituzten lan zinematografikoak eskainiko baitira, doan, CIMASUB, Itsaspeko Zinemaren Nazioarteko Zikloaren barruan.

  • Ekainak 7: ‘SALUBITA, Gipuzkoako iturbururik handienaren sekretua agerian’ dokumentalaren proiekzioa eta mahai ingurua. 

Lurpea Garbi elkartearen laguntzarekin antolatutako  “Salubita” dokumentalaren proiekzioa izango da 19:00etan Topicen. Segidan, mahai ingurua eskainiko da euskaraz, Eneko Agirre biologoarekin, Inma Mugertza hidrogeologoarekin eta Maddi Agirre arkeologia ikaslearekin.

Salubitako iturburua ren ur emaria Tolosako lurretan kokatzen da, eta Bidania-Goiatz eta Albiztur inguruko akuiferoak elikatzen ditu, Gipuzkoako akuiferorik handiena da. Dokumentalaren helburua da ur sistema hau ulertaraztea eta aldi berean ekosistema hau babesteak duen garrantzia azaltzea. 

Dokumentalaren proiekzioa doakoa izango da, baina beharrezkoa da sarrerak eskuratzea: www.topic.eus webgunean edo leihatilan bertan.

  • Ekainak 8: Erakusketa San Frantziskon eta Salubita urmaelera irteera.

Lurpea Garbi elkartearekin elkarlanean, 10:00etatik 14.00etara erakusketa bat jarriko da San Frantzisko pasealekuan. 9 panelen bidez, eskualdeko koben egungo egoera islatuko da argazki bidez. Panelen aurrean, metakrilatozko kaxetan, kobetatik ateratako zaborra ikusi ahal izango da: beira, plastikoa, antibiotikoak,  xiringak, fitosanitarioak, obra-hondakinak… 

Horrez gain, Salubitako urmaela ezagutzeko bisita gidatua egingo da. Irteera 10:00etan egingo da Santa Klaratik, autobusez. Salubitako urmaela bera eta akuiferotik datozen uraren urbegiak erakutsiko dira bisitan, Inma Mugerza hidrogeologoak gidatuta.

Parte hartzeko beharrezkoa da aurrez izena ematea, plazak mugatuak direlako, tolosakoingurumenzentroa@gmail.com helbidera idatzita.

Beste bi ekitaldi, Biodibertsitate Gunean

Biodibertsitate Gunearen ikasturteko azken bi hitzorduak ere datorren astean izango dira. Ekainaren 5ean, asteazkena, orkideak ezagutzeko mintegia izango da, 18:00etan, Antxon Bandres Bidaiarien Txokoan. Hilaren 9an, igandez, Aralar Parke Naturalera irteera egingo da, Ausa Gaztelu mendia ezagutzeko. 09:00etan jarri dute hitzordua, Dama Berdean.