Interesguneak

Interesguneak toki jakin batzuk dira, gai zehatz bati lotutako materiala dutenak erabiltzaileen informazio-beharrak asebetetzeko, esate baterako, hizkuntzak ikasteko materialak edo bidaiekin lotutako funtsa. Hala, erabiltzaileek denbora aurrezten dute bilaketan, autonomia sustatzen da eta interesgarriak izan daitezkeen atal tematiko berriak eskaintzen dira.

Helduen eta haurren liburutegietan, noizean behin aldi baterako interesguneak sortzen ditugu, baina baditugu beste batzuk finkoak.

Finkoen artean, batzuk bi liburutegietan daude, hala nola, Tolosa bilduma, eta beste batzuk, berriz, liburutegi batean bakarrik, esate baterako, Gurasoen txokoa, haurrenean, edo Irakurketa erraztu, helduenean.

Tolosa bilduma

Tolosarrei buruzko, tolosarrek sortutako edo Tolosa hizpide duten liburuxkak, liburuak, aldizkariak, DVDak, CDak kontsultatzeko aukera izango duzu interesgune hauetan. Oso erraza da gunea identifikatzen, funts guztiak “Tolosa” hitza baitu bizkar-etiketan.

Bestalde, bilduma handitzeko zure laguntza beharrezkoa da, izan ere, hainbat dokumentu ezin dira inon erosi, bakarrak edo aspaldikoak baitira. Beraz, tokiko bilduma hornitzeko bideetako bat herritarrek egindako emaitzak dira. Tolosari buruzko edo tolosarrek sortutako eskuizkribu, gutun, bertsopaper, liburuxka, liburu, jai-egitarau, postal, irudi, argazki eta abarrek dute lekua tokiko bilduman. Horrez gain, ezagutzen baduzu Tolosari lotutako Interneteko estekaren bat, eskertuko genizuke bidaltzea helbide honetara: liburutegia@tolosa.eus

Jatorrizko bertsioa

Apurka-apurka kulturartekotasuna integratu nahi da liburutegian, gure eskaintza herriko aniztasunaren adierazgarri izan dadin.

Hori dela eta, hainbat hizkuntzatan idatzitako liburuz (hiztegiak, gidaliburuak, gramatikak eta eleberriak) osatutako guneak sortu ditugu helduen eta haurren liburutegietan. Jatorrizko bertsioa dute izena, eta hamahiru hizkuntzatan irakurtzeko aukera ematen dute: portugesez, arabieraz, errumanieraz, ukranieraz, frantsesez, urduz, ingelesez, errusieraz, txineraz, bulgarieraz, alemanez, katalanez eta italieraz. Hizkuntza horiek lantzeko materialez gain, euskara eta gaztelania ikasteko metodoak ere badaude. Liburu gehienak mailegagarriak dira.

Haurren liburutegian, gainera, aipatutako hizkuntza horietan idatzitako ipuinez gain, Hego Amerikako hainbat lurraldetan zein Ekuatore Ginean erositako gaztelaniazko herri-ipuinak ere bildu dira; eta katalanezko ipuin-sorta bat ere badago, Gironako Palafrugeleko Udal Liburutegitik urtean bitan ipuinak bidaltzen dizkigute-eta.

Irakurketa erraztu

Ohiko literatura-eskaintza irakurtzeko zailtasunak dituzuenontzat sortu dugu interesgune hau helduen liburutegian, hau da, ikusmen urritasuna edo muga fisiko, psikologiko edo sozialengatik irakurketaz gozatzeko aukerarik ez duzuenontzat.

Interesgunea hiru azpiatalez osaturik dago: atal batean, Audioliburuak daude; beste batean, XL atala, hau da, tamaina handiko letran idatzitako liburuak; eta azkenekoan, Irakurketa erraza.

Irakurketa erraza (IE)

Gurasoen txokoa

Haurren heziketari eta osasunari buruzko baliabidez beteriko gunea da. Haur liburutegiko sarreran kokatuta dago.

Badakit Irakurtzen

Irakurtzen ikasten ari diren 5-7 urte bitartekoentzako gunea. Bertan, honako liburuak daude eskuragarri: letra larrian eta etzanean idatzitako irudi-liburuak eta eleberri laburrak. Haur liburutegiko irakurgelan kokatuta dago.