2013 Azaroak 25

Cita previa
Más información

TOLOSAKO UDALAREN ADIERAZPEN INSTITUZIONALA, AZAROAREN 25a  “EMAKUMEENGANAKO INDARKERIAREN KONTRAKO NAZIOARTEKO EGUNA” DELA ETA.

 

Azaroak 25, “Emakumeenganako indarkeria desagerrarazteko nazioarteko eguna” dela eta, Tolosako Udalak azpimarratu nahi du alor horretan behar-beharrezkoa dela politikari eta herritarren adostasunean eta konpromisoan sakontzea, eta hortik abiatuta, batera bizitzeko guneak sortzea, non emakumeek, azkenean, indarkeria matxistatik aske bizitzeko aukera izango duten.

Emakumeen eta gizonen arteko harremanetan aurrerapen handiak izan arren, asko dago egiteko oraindik. Aurten, Tolosako bi emakume gaztek eraso sexualak salatu dituzte. Egunerokotasunean, emakumeen aurkako biolentziak indarrean jarraitzen du. Indarkeria matxistaren alderik gordinena hori da, ikusten eta ezagutzen duguna. Baina, indarkeriak askotariko aurpegi eta adierazpenak dauzka, eta emakume guztiei eragiten die bizitza osoan zehar.

Gizarteak errotutako ezberdintasunean eraikitzen jarraitzen du eta erlazio horietan kokatu behar dugu indarkeria sexista. Sarritan “normaltzat” ematen dugu eta ez da erraza antzematea, bereziki emakume gazteen aldetik: etengabeko neskatilen sexualizazioa; emakumeen gorputzaren irudia desio-objektu hutsa hartzea; gizonen estereotipoa, non bere sexualitatea kontrolaezina eta erantzukizunik gabekoa ikusten den; sexu-jazarpena hurbilpen sexual bezala ulertzea; edo maitasuna autonomia ezarekin nahastea.

Ikuspegi horretatik begiratuta, eraso matxistak ez dira gizon gutxi batzuen jokaera soilak, emakumeen eta gizonen elkarrekiko bizitza antolatzeko eraikitako giza eredu ezberdin baten parte baizik.

Zentzu horretan, familia antolaketa, emakumeen gorputza, afektuak, denbora eta lana, gizonen eta gizartearen zerbitzuan oinarritzen dira. Halaber, emakumeei eskatzen zaie lan egoera familiaren beharretara moldatzea eta, aldi berean, emakumeak dira lan merkatuan prekarietate handiagoa jasaten dutenak. Espainiako gobernutik ezarritako lan-erreformak eta Mendekotasun Legearen murrizketak direla medio, emakume askok zaintzailearen rola areagotu behar izan du derrigorrean. Horrez gain, oztopatzen zaie parte hartze aktiboa, elkarte, erakunde eta erabaki sozial eta politikoetan. Egun, abortu legearen erreforma dela eta, euren sexu eta ugalketa eskubideak arriskuan daude.

Giza eredu horrek, berez legitimatzen eta ahalbidetzen du, kontzienteki edo inkontzienteki, emakumeen aurkako begi-bistakoa den indarkeria. Erlijioak, komunikabideek, hizkuntzak, ohiturek eta tradizio sinboliko eta kulturalek ere zeresan handia dute indarkeria iraunarazten laguntzen.

Bestalde, neurri asistentzial, juridiko eta polizialak soilik ez dira nahikoak indarkeria matxistari aurre egiteko.

Hori guztia aintzat hartuz, emakumeok indarkeria matxistatik aske bizitzeko bermean aurrera egiteko, Udal honek honako konpromiso hauek hartu ditu:

  • Erakundeen eta emakume taldeen arteko lan kolektiboa indartzen jarraitzea, indarkeriaren aurkako Protokolo Mahaiko jarraipenaren bidez.
  • Tokiko arreta-zerbitzuak moldatzea, emakumeen premia eta interes desberdinei erantzuteko.
  • Indartzea Udalaren berdintasun politikak, barnera begirakoak eta Tolosako emakumeei eta herritarrei zuzendutakoak, giza baliabide eta ekonomikoen bitartez.
  • Sendotzen jarraitzea Jabetza Eskola, hain zuzen, autodefentsa feminista jardueren inguruko askotariko emakumeen harremanak eta sareak (gazteak, zaharrak, etorkinak …), desberdintasunei eta indarkeria matxistari aurre egiteko behar dituzten tresnak eskura eduki ditzaten.
  • Parte-hartzean oinarritutako prozesuak bultzatzen jarraitzea, jai-giroko erritu sinbolikoetan eta eremu soziokultural guztietan emakumeen parte-hartzea sendotzeko.
  • Ikastetxeetako neska-mutilei bideratutako hezkidetza proiektua eta Beldur Barik eta Hi Haiz Hi programak indartzen jarraitzea. Ekimen horietan, berdintasunean oinarritutako sexualitateak, nesken jabetza, eta mutilen papera jorratzen dira, era guztietako erasoak prebenitzeko.

Azkenik, mugimendu feministak antolatutako jarduera eta mobilizazio guztiekin bat egiteko deia egiten dugu.

Azaroaren 25ean kalera irten behar dugu, eta emakume guztiak mota guztietako indarkeria matxistatik aske izan arte borrokan jarraituko dugula oihukatu.

Tolosan, 2013ko azaroaren 12an

Cita previa

Servicio de atención ciudadana y registro del Ayuntamiento de Tolosa (UDATE)

Para mayor comodidad y evitar esperas, le recomendamos concertar una cita previa. Para ello, le llamaremos al teléfono que nos ha facilitado en las 24 horas (día hábil) siguientes a la cumplimentación de este formulario, para contestar a su consulta o confirmar la fecha y hora de la cita.

SOLICITAR CITA PREVIA