Ekainaren 28ko LGBTIQ egunean kolektiboaren eskubideak aldarrikatuko ditu Tolosako Udalak
- Olatz Peon Ormazabal, Tolosako alkatea: "Gure gizartean dibertsitatearen ordezkari dira; errealitate ezberdinen aniztasuna; eta jakin badakigu ez dagoela eskubide berdintasunik errespeturik ez badago eta are gutxiago aniztasunari babesik ematen ez bazaio".
- Maite Ruiz de Eguilaz, Berdintasun zinegotzia: "Homofobia, lesbofobia eta transfobiaren aurkako informazio eta sentsibilizazio kanpainak sustatuko ditugu".
- Beste hainbat ekintzen artean, Zerkausia LGBTIQ banderaren koloreez koloreztatuko dugu ekainaren 23tik 28ra.
- Lesbiana, gay, transexual, bisexual, intersexual eta queer-en eskubideen aldeko nazioarteko egunerako Tolosako Udalak antolatu dituen ekimenen berri eman du.
- Olatz Peon Ormazabal Alkateak ekin dio Zerkausian egindako prentsaurrekoari, eta bertan pasaden asteburuan Orlandon jazotako masakreari heldu dio: “ezin dugu ahaztu kolektibo honek joan den astean Orlandon, Estatu Batuetan, pairatu zuena: berrogeita hamar gazte balaz josi zituzten. Ekintza guztiz arbuiagarria, guk gaur hemen gogor gaitzesten duguna”.
- Olatzen ustetan horrelako gertaerek gogorarazten digute herrialde askotan LGBTIQ pertsonek jazarpena jasaten dutela, hilketak eta lege homofoboak, “zenbait tokitan heriotza zigorreraino iritsiz”.
- Gure gizartean dibertsitatearen ordezkari direla azpimarratu du; errealitate ezberdinen anistasuna; eta adierazi du jakin badakigula ez dagoela eskubide berdintasunik errespeturik ez badago eta are gutxiago aniztasunari babesik ematen ez bazaio.
- Eguneroko bihurtu dira, gaur egun oraindik gay, lesbiana edo transexualek pairatzen dituzten arazoak alkatearen iritziz: “bisibilizatzeko, lasaitasunez eta parekidetasunean bizitzeko, ezkutuan gazteenek dituzten arazoak, hain zuzen ere, diren bezala agertzeko eta sentitzen dutena adierazteko beraien ingurunean, lagunekin, ikastetxean”. Aniztasuna aberasgarria dela gaineratu du: “berdintasunaren isla, eta oinarrian gure gizartea denaren erakusgarri”.
Funtsean Olatz Peonen ustetan aurreratu dugu eskubideen berdintasunean; baina oraindik bide luzea daukagu egiteke: “Tolosako Udalak bide hori egiten jarraitu nahi du gay, lesbiana, bisexual, transexualekin eta pertsona horien eskubideen alde lan egiten duten kolektiboekin elkarlanean”.
Lau hitzetan argitu du etorkizuneko jarduna: “egon, aztertu, jardun eta aurrera egin Tolosan eta baita Tolosatik kanpo ere”.
Horretan dabil Berdintasun saila. Ekainaren 28an ekintza ugari izango ditugu, baina 28tik haratago lanean jarraituko dugula azpimarratu du alkateak.
Ekainaren 28an honako ekintzak izango ditugu:
- Sanjoanen bezperan bertan, Zerkausia LGBTIQ banderaren koloreez koloreztatuko dugu. 23tik 28ra luzatuko da hori, biak barne.
- Ekainaren 28an, EHGAMen triangelu arrosa, gay komunitatearen ikur ezagunenetako bat (naziek egindako homosexualen garbiketa irudikatzen du), eta LGBTIQ bandera ezarriko dira.
- Eta azkenik, 28an bertan egingo den osoko bilkuran 'EKAINAREN 28A, LESBIANA, GAY, BIXESUAL, TRANSEXUAL, INTERSEXUAL ETA QUEEREN ESKUBIDEEN NAZIOARTEKO EGUNA' izeneko adierazpena onartuko du. Aldarte, EHGAM, Gehitu eta MEDEAK, LGBT pertsonen eskubideen alde ari diren taldeen laguntzarekin osatua izan da.
Bertan biltzen da Tolosako Udalak gai honekiko konpromisoa eta lanketa:
- Homofobia, lesbofobia eta transfobiaren aurkako informazio eta sentsibilizazio kanpainak sustatuko ditugu.
- Hezkidetza Proiektuaren bidez, Tolosako ikastetxeei diskriminazio hau jasaten egon daitezkeen ikasleei laguntzeko eta babesteko materiala eta laguntza emango diegu.
- Eta Udal Protokolo Mahaiaren bitartez, kolektibo honen aurka egiten diren indarkeria matxisten aurrean jarduketa protokolo bat garatuko dugu.