Euskaraldia martxan da Tolosaldean

Cita previa
Más información

Ayuntamiento de Tolosa
23/05/2018 | Euskara y Educación
  • Euskal Herri osoan batera egingo da EUSKARALDIA: Azaroaren 23tik abenduaren 3ra euskararen erabilera hauspotzea da asmoa.

  • Tolosaldean, momentuz, 25 herrik eman dute izena EUSKARALDIAn. Herri bakoitzak bere erritmora egokituko du ariketa baina modu koordinatuan ere arituko dira.

  • EUSKARALDIAn parte hartzeko erabakia norbanakoena izango da. Pertsona bakoitzak erabakiko du hamaika egun horietan Ahobizi edo Belarriprest izango den.

Tolosaldeko ia herri guztietako herritarrak eta udal ordezkariak bildu dira Zizurkilgo Joxe Arregi plazan astearte arratsaldean. Izan ere, azaroan egingo den EUSKARALDIAri begira jarrita daude eskualdeko herri gehien gehienak. Azaroaren 23tik abenduaren 3ra euskararen erabilera hauspotzeko asmoz antolatutako egitasmoa da EUSKARALDIA, euskalgintzako hainbat erakunde eta Eusko Jaurlaritza, Nafarroako Gobernua eta Euskal Hirigune Elkargoaren babesarekin, besteak beste. Euskaldunak direnen eta euskara ulertzen dutenen hizkuntza ohiturei eragiteko asmoz, hamaika egunetan zehar Euskal Herri osoan burutuko da EUSKARALDIA eta Tolosaldean ere, baiezkoa eman diote herriek ariketa honi.

Euskal Herriko lurralde guztietako herriek eman dute izena EUSKARALDIAn eta guztira 300 herri baino gehiagok hartu dute beraien herrian EUSKARALDIA antolatzen hasteko erabakia. Tolosaldearen kasuan, 28 herrik osatzen dute eskualdea eta dagoeneko 25 herrik eman dute izena ariketa sozial horren antolaketan parte hartzeko. Beraz, aurkezpenean bildu dira Abaltzisketa, Aduna, Albiztur, Alegia, Alkiza, Altzo, Amasa-Villabona, Amezketa, Anoeta, Asteasu, Baliarrain, Berastegi, Bidania-Goiatz, Elduain, Gaztelu, Hernialde, Ibarra, Ikaztegieta, Irura, Larraul, Leaburu-Txarama, Lizartza, Orendain, Tolosa eta Zizurkilgo udal ordezkariak eta herritarrak.

Argi dago EUSKARALDIAren bidez jauzi bat emateko aukera dagoela eskualdean. Aldi berean, azpimarratu nahi da EUSKARALDIA ariketa sozial erraldoi bat dela, ez euskararen aldekotasuna adierazteko kanpaina bat. Beraz, Azaroaren 23tik abenduaren 3ra bitartean, hizkuntza-ohiturak aldatu eta euskararen erabilera hazteko ariketa egingo pertsonala egingo dute EUSKARALDIAn parte hartzen dutenek. Horretarako, ahobizi edo belarriprest gisa eman ahalko da izena udazkenetik aurrera. Beraz, ekimenean parte hartzeak ariketa egitea esan nahiko du, praktikatzea edo euskara erabiltzea, bi modutara egin ahalko delarik:

  • Ahobizi: Azaroaren 23tik abenduaren 3ra bitartean, euskara ulertzen duten guztiei euskaraz egiteko konpromisoa hartuko duen pertsona izango da ahobizia, baita kideek erdaraz erantzuten dutenean ere. Era berean, ezezagunei lehen hitza, gutxienez, euskaraz egingo die.

  • Belarriprest: Ekimenak irauten duen hamaika egunetan, dakienari berarekin euskaraz aritzeko gonbitea egingo dion pertsona da belarripresta, berak euskaraz zein erdaraz erantzun arren. Euskara ulertzea da gutxieneko baldintza, baina hitz egiteko gaitasunari dagokionez, hitz egiteko gaitasun txikia duten pertsonak eta oso ondo moldatzen direnak izan daitezke. Hainbat arrazoi tarteko, hamaika egunetan aho bizi izateko prest ez daudela uste dutenak ere belarriprest izan daitezke.

Herritar bakoitzak erabakiko du nola hartu nahi duen parte ekimenean eta kolkoan zein txapa jantziko duen. Baina hori guztia aurrera eramateko lanean hasi dira eskualdeko hainbat herri. Beste batzuk ere buruan dute lanketarekin hastea, herri bakoitzak bere erritmoan. Aldi berean, guztiek batera modu koordinatuan lan egiteko erabakia ere hartu dute herriek, Tolosaldean euskaraz bizitzea posible dela bistarazi nahi baita, hamaika egun horietan aukera praktikan jarriz.

Eskualdeko herriek errealitate desberdina bizi dute. Baina kontuan izan behar da bertako biztanle ia denek herritik kanpora ere oso maiz jo behar izaten dutela. Euskal Herri osoan batera horrelako ariketa bat garatzeak are eta zentzu gehiago ematen dio Tolosaldean EUSKARALDIA bultzatzeari. Lanean, etxean, kalean edota lagunartean euskara zabaldu eta mihia astintzeko aukera ederra ekimena. EUSKARALDIA badator, herriak martxan daude eta hamaika egun horiek baliatu nahi dira euskarari beste aire ufada bat emateko Tolosaldean ere.

INFORMAZIO OSAGARRIA eta KONTZEPTUEN AZALPENA:

Hitza hartu dutenak:

  • Maite Amenabar, Zizukilgo zinegotzia.

  • Jokin Azkue, Tolosako zinegotzia.

  • Nora Iñurrita, Irurako Euskaraldiaren antolaketa taldeko kidea.

Izena eman duten herriak: Abaltzisketa, Aduna, Albiztur, Alegia, Alkiza, Altzo, Amasa-Villabona, Amezketa, Anoeta, Asteasu, Baliarrain, Berastegi, Bidania-Goiatz, Elduain, Gaztelu, Hernialde, Ibarra, Ikaztegieta, Irura, Larraul, Leaburu-Txarama, Lizartza, Orendain, Tolosa eta Zizurkil.

Euskaraldia: Erakundeek eta euskalgintza sozialak elkarlanean antolatutako “ariketa soziala” da Euskaraldia. Euskaraldia ez da kanpaina bat, ez da jai bat, eta 2018an duen helburua herritarren hizkuntza ohiturei eragitea da. Euskaraldia ez dugu erronka moduan aurkeztuko; 16 urtetik gorakoei zuzendutako egitasmoa da.

Informazio gehiagorako: www.euskaraldia.eus | tolosaldea.euskaraldia.eus

Cita previa

Servicio de atención ciudadana y registro del Ayuntamiento de Tolosa (UDATE)

Para mayor comodidad y evitar esperas, le recomendamos concertar una cita previa. Para ello, le llamaremos al teléfono que nos ha facilitado en las 24 horas (día hábil) siguientes a la cumplimentación de este formulario, para contestar a su consulta o confirmar la fecha y hora de la cita.

SOLICITAR CITA PREVIA