Mintzoan Kux-Kux

Bularretik Mintzora (BM) haur txikien guraso eta hezitzaileei zuzendutako egitasmoa da, eta bere helburu nagusia da 0-8 adin tarteko haurrengan irakurketa-ohiturak sustatzea gurasoekin eta haien hezitzaileekin, beren ingurune naturalean: etxean, eskolan eta liburutegian, hain zuzen.
Galtzagorri elkarteak sortu zuen 2007an, eta Tolosa izan zen egitasmoa martxan jartzeko aukeratu zuten herria. Gaur egun, 24 herrik baino gehiagok hartzen dute parte kanpainan: Tolosa, Ermua, Iurreta, Oñati, Amurrio, Aramaio, Markina-Xemein, Legazpi, Donostia…
Afektibotasuna eta irakurketa batzen dituen egitasmo honek urtero neurtzen du izaten ari den eragina. Helburu du ziurtatzea ea ohiko irakurle bihurtzen diren jaioberritik pizgarriak jaso dituzten umeak.

BMa Tolosan

Hezitzaileentzako eta gurasoentzako prestakuntza

Kanpainaren hasieran, Tolosako ikastetxe guztiek hartu dute parte prestakuntza saioetan. Horrez gain, gurasoei zuzendutako ikastaro bat eta hitzaldi batzuk antolatu dira haur liburutegian. Gaur egun, irakasleen eta gurasoen prestakuntza web orriaren bidez eta, batez ere, Galtzagorrik argitaratzen duen buletinaren bidez egiten da.

Motxila txikiak

Ikastetxea, etxea eta biblioteka lotzen dituen ekintza da. Haur hezkuntzako ikastetxe guztiek gela bakoitzeko motxila bat dute. Aste batean, ikaskide batek hartzen du motxila horren ardura, eta gurasoekin joaten da liburutegira, gustuko liburu bat aukeratzera.

Pare bat egunetan etxean izaten dute liburua, irakurtzeko eta gozatzeko, eta ondoren, ikasgelara eramaten du. Bertan, astebetez, liburu gonbidatua izango da. Epea bukatutakoan, beste ikaskide batek ekingo dio zirkuitu berari.

Horrez gain, liburutegian BM interesgune bat sortu dugu; alde batetik, ume horiei aukeraketa errazteko, eta, bestetik, bermatzeko kalitatezko liburuak eramaten dituztela gelara. Interesgunean dauden ipuinak BM bibliografietarako hautatako liburuak dira.

Maletak

Egitasmoaren beste euskarrietako bat liburuz hornitutako maleta batzuk dira. Maletak Galtzagorrik gomendatutako liburuz hornituta daude eta epe baterako etxera maileguan eramateko aukera dago. Bi motatako maletak eskura ditzakezu haurren liburutegian: 0-3 urte bitarteko haurrentzat eta 3-6 urte bitartekoentzat.

Bestelakoak

Aipatutakoaz gain, BM kanpainak eskaintzen ditu, alde batetik, difusiorako materialak (CD-liburuxkak, esku-orriak...), liburutegian eskura daitezkeenak, eta, bestetik, baliabide literarioak eta bibliografiak, web orriaren bidez lor daitezkeenak, harpidetuz gero. Era berean, ekintza osagarri batzuk ere eskaintzen ditu: irakurketa klubak, tailerrak, hitzaldiak... Liburutegian noizean behin baten bat antolatzeko asmoa dugu, urteko aurrekontuaren arabera.