Tolosaldeko Emakumeen Etxea

 

TOLOSALDEKO EMAKUMEEN ETXEA GARATZEKO PARTE-HARTZE PROZESUA

Tolosaldeko Emakumeen Etxea Tolosan eta eskualdean emakume eta gizonen arteko berdintasun erreala sustatzea helburu duen proiektua da, eta estrategikoa da Udalarentzat.

Emakumeen Etxea erreferentziazko gunea izango da eskualdeko emakume guztientzat, elkargune bat elkar ezagutzeko, elkarlanean feminismoaren aldeko ekimenak antolatzeko eta emakumeen arteko eztabaida eta hausnarketa sustatzeko.

Tolosaldeko Emakumeen Etxeak hainbat jarduera eta zerbitzu eskainiko ditu, besteak beste: Jabetze Eskolaren jarduerak; informazio- eta harrera- zerbitzua eta arreta juridikoa; arreta psikologikoa; sexologia-zerbitzua; ikasketen homologazioa; indarkeria matxista prebenitzeko eta aurre egiteko zerbitzuak; emakume-talde eta eragile feministen jarduerak garatzeko espazioa. Udaleko Berdintasun Saila ere bertan kokatuta egongo da.

Tolosan eta eskualdean berdintasuna sustatzeko proiektu estrategikoa izanik, Udalak Tolosaldeko Emakumeen Etxea sortzeko urratsak egiten dihardu, batetik espazioa egokitzeko lanak bideratzen eta, bestetik, Tolosaldeko Emakumeen Etxearen zehaztapena garatzeko partaidetza-prozesua egiten.

Parte-hartze prozesuaren lehen fasean Etxearen printzipioak, helburuak, filosofia, erabilerak, eskaini beharreko zerbitzuak eta beharko liratekeen giza baliabideak zehaztu ziren. Azken fase honetan, berriz, Etxearen araudia eta funtzionamendua definitu, finantziazioa zehaztu eta dinamizatzailearen kontratazioa bideratuko da.

Lan horiek burutzeko, hasieran zehaztutako 4 lantaldeak mantenduko dira: Talde Motorra, Talde Eragilea, Lantalde Politiko-teknikoa eta Emakumeen Gune Zabala. Aipatu taldeek bilerak egingo dituzte datorren urteko martxora bitarte.

Lantalde horien osaera hau da:

  • Talde Motorra: Elhuyarreko teknikari batek eta Tolosako Udaleko berdintasun- teknikariak osatua.

  • Lantalde Politiko-teknikoa: Tolosako, Berastegiko eta Asteasuko alkateek, Tolosako Udaleko hainbat zinegotzik eta berdintasun-teknikariak eta Elhuyarreko bi teknikarik osatua.

  • Talde Eragilea: mugimendu feministaren ordezkariek, emakumeen taldekoek, norbanako emakumeek eta Tolosako Udaleko berdintasun-teknikariak osatutakoa.

  • Emakumeen Gune Zabala: interesa duten Tolosako zein eskualdeko emakume orok osatua.

Honenbestez, berariazko atal hau sortu dugu prozesuaren inguruko informazio guztia (bileren deialdiak, aktak…) egitasmoan interesa duen edonork kontsultatu ahal izateko.

Egitasmoan parte hartu nahi baduzu edota egitasmoarekin lotuta ekarpenik egin nahi baduzu, idatzi berdintasuna@tolosa.eus helbidera.

Cita previa EU

Tolosako Udalak herritarrei arreta emateko zerbitzua eta erregistroa (UDATE)

Erosoago aritzeko eta itxaron beharrik ez izateko, aldez aurretik hitzordua hartzea gomendatzen dizugu. Horretarako, bete inprimaki hau, eta zuk emandako telefono-zenbakira deituko dizugu 24 ordu igaro baino lehen (egun baliodunean), eta zure kontsultari erantzun, edo hitzorduaren eguna eta ordua baieztatuko dizkizugu.

ESKATU HITZORDUA