Mintzoan kux-kux

Galtzagorri elkarteak Eusko Jaurlaritzarekin elkarlanean 10 urtez gauzatu zuen Bularretik Mintzora kanpainaren oinordekoa da Mintzoan kux-kux egitasmoa, eta bere helburua da haurren inguruko bitartekariak (gurasoak, liburuzainak, irakasleak, hezitzaileak...) formatzea, irakurketa-ohiturak susta ditzaten haurraren ingurune naturalean: etxean, eskolan, liburutegian...

Mintzoan kux-kux Tolosan

Motxila txikiak (ez erabilgarri une honetan)

Ikastetxea, etxea eta liburutegia lotzen dituen ekintza da. Haur hezkuntzako ikastetxe guztiek gela bakoitzeko motxila bat dute. Astean, ikaskide batek hartzen du motxila horren ardura, eta gurasoekin joaten da liburutegira, gustuko liburu bat aukeratzera. Pare bat egunetan etxean izaten dute liburua, irakurtzeko eta gozatzeko, eta ondoren, ikasgelara eramaten du. Bertan, astebetez, liburu gonbidatua izango da. Epea bukatutakoan, beste ikaskide batek ekingo dio zirkuitu berari. Horrez gain, liburutegian Mintzoan kux-kux interesgune bat sortu dugu; alde batetik, ume horiei aukeraketa errazteko, eta bestetik, bermatzeko kalitatezko liburuak eramaten dituztela gelara. Interesgunean dauden ipuinak Mintzoan kux-kux bibliografietarako hautatutako liburuak dira.

Maletak

Egitasmoaren beste euskarrietako bat liburuz hornitutako maleta batzuk dira. Galtzagorrik gomendatutako 8 liburu, liburuen zerrenda eta egitasmoaren liburuxka bat daude maleta bakoitzean, eta 3 astez eraman daitezke etxera, berritzeko aukerarik gabe. Bi motatako maletak eskura daitezke: 0-3 eta 3-6 urte bitartekoak eta guztiak ezberdinak dira. Guztira 12 maleta daude, sei adin tarte bakoitzerako, eta zenbakituta daude. Mailegatzeko, Haur liburutegiko 1. solairura joan behar da, baina gutxi batzuk udal liburutegiko sarreran egongo dira eskuragarri.

Bestelako ekimenak eta baliabideak

Aipatutakoaz gain, Mintzoan kux-kux kanpainak eskaintzen ditu, alde batetik, difusiorako materialak (CD-liburuxkak, esku-orriak...), liburutegian eskura ditzakezunak; eta bestetik, ekintza osagarri batzuk: irakurketa-klubak eta lantegiak. Liburutegian noizean behin ekintzak antolatzen ditugu, urteko aurrekontuaren arabera. Kanpainari buruzko informazio gehiago: https://www.galtzagorri.eus/euskara/egitasmoak/mintzoan-kux-kux