Haurren Hiria

Haurren Hiria egitasmoan landu dituzten ideiak bideoz aurkeztu dituzte

 

“Haurrak kaleetatik desagertzeak herriari erabat eragiten dio:

 haur gabeko hiriak / kaleak okerragoak dira” (Francesco Tonucci)


- Herritartasuna jaiotzetik -

Sarrera

Egitasmo honen bidez, Tolosan bizi diren 8-12 urte bitarteko haurrei entzun nahi zaie, protagonismoa eman. Horretarako, haurren hiria proiektua gureganatu nahi dugu herriko neska-mutilei hitz egiteko aukera emanez. Hau da, helburu nagusietako bat da jakitea beraien ikuspegitik herria nola bizi duten. Eguneroko bizipenak abiapuntutzat hartuta eta kontuan izanda espazio publikoaren erabiltzaileak direla, zeresan handia dute eta beraien neurrira egokitutako hiribildua herritar guztientzat onuragarria izan daitekeelakoan gaude.

Hau bideratu ahal izateko, Haurren hiria nazioarteko proiektua oinarritzat hartuko genuke Tolosan Francesco Tonucciren (Italiar pedagogo ospetsu honek “La Cittá de i Bambini” nazioarteko proiektua bultzatu du) esperientzia abiapuntutzat hartuta. Proiektuak partaidetza du ardatz nagusi, non haurren parte-hartze aktiboa proposatzen den eta gizartegune komunak ikasteko gune inklusibo eta malgu bihurtu nahi dituen.

Erromako haurren kontseiluko gazte batek honakoa esan zion bere hiriko alkateari: “Etxetik ateratzeko baimena eskatu nahi diot hiriari”. Gogoetarako tartea ematen duen eskaera da. Hirietako espazioa antolatzeko erak txikienei kalte egin ziela uste zuen haurrak. Francesco Tonuccik Haurren Hiria proiektua abiatu zuen Fano (Italia) jaioterrian, eta ordutik, mundu osoko hamaika herri murgildu dira proiektu horretan. Baita Euskal Herriko hainbat herritan ere. Esperientziak jaso, zabaldu eta koordinatzeko asmotan, haurren hirien sarea osatu nahi da. Azken finean, “hiria oso deseroso bihurtu da gizonezko heldu eta langile ez direnentzat” Tonucciren esanetan.

Proiektu honetan haurrak hiriko protagonistak bihurtzen dira eta hiria fisikoki zeharkatzen dute beraien bizipenak azalarazten dituztelarik. Herriko neska-mutilen segurtasuna hartzen da marka gisa, hiri modernoen arazo larrienetako bat baita: segurtasun eza. Administraziotik arriskuak gutxitzen diren heinean, beldurra handitzen da: polizia, kamerak, oinezkoen bide “seguruak”. Haurrek, aldiz, presentzia handiagoa eskatzen dute, hots, hiribilduko espazio gehiago okupatzea. Haurrak kalean badabiltza, automatikoki halako elkartasunezko giro bat sortzen da eta kaleak seguruago bihurtzen dira.

Tolosari begira, proiektuak duela hamalau urte Mugi Hadi izeneko ekimenean izan zuen enbrioia. Hala ere, momentu hartan egindako saiakeran gelditu zen, nahiz eta bizpahiru ikasturtez luzatu. Eskolako Agenda 21 proiektua sortu zen momentuan, aurrekoa berri honetan diluitu zen eta ingurumen gaiak nagusitu ziren ikas-komunitatea inplikatuz. Oraingoan, bi proiektuen indarguneak ezagutuz, bien arteko sinergiak aprobetxa daitezkeelakoan gaude. Eskolako Agenda 21 proiektuak hezkuntzan eta ingurumenean ditu ardatz nagusiak eta Haurren Hiriak, aldiz, aisian eta hirian. Dena den, partaidetzan dute espazio komuna eta hainbat gaitan trukaketarako zubiak eraiki daitezke, besteak beste, mugikortasunean, jolastokien erabileran...

Helburuak

  • Tolosan eratzen ari garen parte-hartze sistemaren baitan neska-mutilen parte-hartzea bermatuko duen azpisistema osatzea, lehen unetik eta berengan eragina izan dezaketen gai guztietan aukera izan dezaten hitza hartzeko eta ekarpenak egiteko. Hau da, zeharkakotasuna helburu, ingurumena eta generoa aintzat hartzen diren bezala, haurrak eta beren nahiak eta beharrak aintzat hartuko dituen parte-hartze sistema osatzea.

  • Tolosako neska-mutilen parte-hartze prozesua sustatzea, beraien bizipenak herriko espazioen erabileran eskala-balore bihurtuz.

  • Haurrak herritar sentitzea. Subjektu sentiaraztea, komunitate baten zati direla ikusaraztea eta beraien hitzak garrantzia duela erakustea. Etorkizuneko herritarrak sortu nahi ditugu, kritikoak, askeak, parte-hartzaile eta interesdunak.

  • Tolosako espazio publikoaren banaketa haurren begietatik ikustea Udalak, eta etorkizuneko ildoetan kontuan hartzea.

  • Etorkizuneko herritarra baino gehiago herritartasuna gazteetatik lantzea, besteen ahotsa entzun eta errespetatuz, dibertsitatetik eraikiz.

  • Epe ertainean Kontseiluak aurkezturiko ekintza sorta aurrekontu batez laguntzea eta gauzatzeko pausoak ematea.

Metodologia

Proiektu hau gauzatzeko berebiziko garrantzia du herriko eragile ezberdinen eskutik joatea; hauen laguntza ezinbestekotzat jotzen dugu.

Kontseilua 8-12 urte bitarteko haurrek osatzen dute, LH3 LH6 mailetako gela bakoitzeko ordezkari banak.

Haurren Kontseilua eratu ondoren, urtean 4 bat aldiz biltzen gara, eta haurren intereseko gai bat jorratzen da ondoren, ikasturte amaieran, udal ordezkariekin elkartu eta proposamenaren berri ematen zaie. Udalbatzak konpromisoa hartzen du haurren proposamenak aurrekontu baten bidez aurrera eramateko.

Gaiak

Proiektuak oso gai desberdinak lantzeko aukera ematen du, orain arteko ibilbidean ondorengoak landu direlarik:

  • Non jolasten duten.

  • Norekin jolasten duten.

  • Nork eramaten dituen jolastokietara.

  • Non dituzten mugak.

  • Noiz hasten diren bakarrik ibiltzen, noiz eskuratzen duten autonomia.

  • Zer diren errepideak beraientzat, edota kotxeak zein aparkalekuak.

  • Nola hobetuko luketen Tolosa. Puntu ilunak.

  • Zer aldatuko luketen, zer gustatzen zaien.

  • Espazio publikoen erabilera.

  • Ongizate emozionala.

Tolosaz hitz egiteko aukera eman nahi diegu, beraz, gauzatuko dituzten jarduera ludikoei esker beraien bizipenak azalarazi nahi dira, ondorengo hausnarketa azpian egonik: zer den beraientzako tolosar izatea, zer den Tolosa eta nola hobetuko luketen. Baliabide ludikoen bidez partaidetza sustatu nahi da, hiritartzeko bidea jorratu, protagonista izan daitezela, beren iritziak garrantzia duela ikusarazi eta, harago joanez, haurren bidez, guraso zein bestelako kolektiboek astiro dinamika honi buruzko berri izan dezatela. Azken finean, haurrek herrian eragile aktibo bilakatzeko aukera dute.

Funtzionamendua

Proiektu hau iraunkorra izateko sortua da. Hau da, ez da ekintza puntual moduan aurreikusten; horrela, Kontseiluko kideak urtean 4 bat aldiz udal ordezkariekin elkartuko dira, aurrez taldeetan egin duten lanaren berri eman eta dinamiken bidez adostasunetara iristeko.

1.- 2022-23 ikasturteko kontseiluaren eratze prozesua:

2022-23 ikasturtean, aldaketa txiki bat egin da Haurren Hiriaren eraketa prozesuan; izan ere, Tolosan, deliberazio egitasmo bat jarri da martxan lehen aldiz 16 urtetik gorako herritarrekin, eta bertatik ateratako ondorioak eta erabilitako metodologia oso interesgarriak izan direnez, haurrekin ere egitasmo bera egiteko erabakia hartu du Udalak.

Hortaz, zozketa bidez, eta adierazle ezberdinen arabera (adina, sexua, jatorria, ikasketa maila...), Tolosako Laskoraingo, Herrikideko eta Samaniegoko 30 ikasle aukeratu dira ongizatearen eta osasun emozionalaren inguruan jarduteko (horixe bera izan baita helduen deliberazio egitasmoan landu dena ere). Ondoren, 4 saiotan banatuta egongo diren 4 gai eta aditu aukeratu dira:

Emozioak – Ane Ablanedo: aditua hazieran, heziketan eta pedagogian.

Dolua – Txaro Etxeberria eta Pello Agirrezabal: Herrikide ikastetxeko bizikidetza arduradunak.

Bullyng-a – Baketik Fundazioa: etika abiapuntu izanik, aldaketa pertsonalerako eta sozialerako prozesuak sustatzen dituen Fundazioa.

Bakardadea – Emokin Asoziazioa: bizitza afektibo-sexual osasuntsua eta kontzientea, kudeaketa emozionala eta teknologia berrien erabilera egokia sustatzen duen Asoziazioa.

2.- 2022-23 ikasturteko dinamika:

- Adituek hitzaldia emango dute (norberak erabakiko du zein forma eman, betiere aurretik Udalarekin kontrastea eginda).

- Haurrek entzundakoaren/ikusitakoaren inguruan hausnartuko dute jokoen eta dinamika ezberdinen bitartez – Aurten, beste behin, eskarmentu handiko kanpo enpresa bat kontratu da jokoak zein dinamikak koordinatzeko.

- Haurrek proposamenak/iradokizunak egingo dituzte.

- Haurrek saioa baloratuko dute.

- Udalak saio bakoitzeko proposamenak/iradokizunak bilduko ditu akta batean.

- Haurrek Udal Gobernuari aurkeztuko dizkie 4 saioetan egindako ekarpen garrantzitsuenak, helburua baita esandakoa kontuan hartu, eta ekarpenen inguruko lanketa bat martxan jartzea, hau da, HAURREN ESKAEREI ERANTZUNA EMATEA.

3.- 2022-23 ikasturteko materiala:

1.saioa

2.saioa

3.saioa

4.saioa

Cita previa EU

Tolosako Udalak herritarrei arreta emateko zerbitzua eta erregistroa (UDATE)

Erosoago aritzeko eta itxaron beharrik ez izateko, aldez aurretik hitzordua hartzea gomendatzen dizugu. Horretarako, bete inprimaki hau, eta zuk emandako telefono-zenbakira deituko dizugu 24 ordu igaro baino lehen (egun baliodunean), eta zure kontsultari erantzun, edo hitzorduaren eguna eta ordua baieztatuko dizkizugu.

ESKATU HITZORDUA