Mailegua

Hitzorduak

Liburutegian adin guztietako jendearentzako eta euskarri guztietako baliabideak dituzu eskura: liburuak, aldizkariak, egunkariak, DVDak, CDak, ordenagailuko fitxategiak, audioliburuak, liburu elektronikoak, Bularretik Mintzora liburu-maletak eta, ikusmen urritasuna edo irakurtzeko zailtasunak dituztenentzat XL letra duten liburuak eta Irakurketa errazako liburuak.

Gainera, liburu elektronikoak irakurtzeko gailuak (eReaderrak) eta DVD erreproduzigailuak ere dauzkazu mailegagarri.

Bestalde, baliabideen hizkuntzei dagokienez, funtsa euskarazko eta gaztelaniazko dokumentuez osatzen da nagusiki, baina beste hizkuntza batzuetan irakurtzeko aukera eskaintzen dizugu: ingelesez, frantsesez, portugesez, katalanez, arabieraz, errumanieraz, ukranieraz, urduz, errusieraz, txineraz, alemanez, italieraz...

Mailegu-zerbitzua erabiltzeko, hau da, gure materialak bolada baterako etxera eramateko, ezinbestekoa da liburutegiko txartela erakustea eta zigorrik ez izatea. Bestalde, mailegatutako dokumentuak maileguan hartu dituzun liburutegira itzuli behar dituzu.

Mailegu-politika

Dokumentu mota

Kopurua

Epea

Epea luzatzeko aukera

Liburuak

6*

21 egun

21 egun

Aldizkariak

6*

7 egun

7 egun

DVDak

6*

7 egun

7 egun

DVD erreproduzigailua

1

7 egun

7 egun

CDak

6*

7 egun

7 egun

CD-ROMak

6*

7 egun

7 egun

Irakurgailu elektronikoak

1

21 egun

Ez

BM motxilak

1

21 egun

Ez

* Helduentzako 3 eta haurrentzako beste 3.

Horrez gain, Euskadiko Irakurketa Publikoko Sareko (EIPS) gainerako liburutegietatik dokumentu gehiago hartu ditzakezu. Halere, kontuan izan dokumenturen bat epez kanpo ekarriz gero, zigorra izango duzula; hau da, aldi batean ez duzula txartela erabiltzerik izango: egun bat mailegu eta egun bakoitzeko. Posta arrunta, posta elektronikoa eta/edo mezularitza erabilita jakinaraziko dizkizugu atzerapenak.

Era berean, dokumenturen bat galtzen baduzu, hilabeteko epean erosi behar duzu. Dena den, hobe duzu liburuzainarekin hitz egitea erosi aurretik. 

Epea luzatzeko

Epea bukatu baino 5 egun lehenagotik luza dezakezu liburua itzultzeko epea eta 3 egun lehenagotik bestelako materialak. Hasieran mailegatutako denbora tarte bera luzatzen da (hau da, beste hiru aste liburuen kasuan eta beste astebete aldizkarien kasuan). Eskaera egin dezakezu liburutegian bertan, telefonoz edo Interneten bidez, katalogoa  erabiliz.

Behin berri dezakezu mailegua, betiere, epearen barruan eta beste inork ez baditu dokumentuak erreserbatu.

Bestelako kudeaketak

Erreserbak: maileguan hartuta dauden dokumentuak erreserba ditzakezu (liburutegian bertan, telefonoz edo katalogoaren bidez); gehienez bi. Erreserbak astebetez gordeko dira, eta helduen liburutegian jasoko (haurren erreserbak barne).

Mailegu-eskaerak: maileguan hartuta ez dauden dokumentuak katalogoaren bidez eskatu ditzakezu eta liburutegian gordeko dizkizugu; gehienez hiru. Eskaerak astebetez gordeko dira, eta helduen liburutegian jasoko (haurren eskaerak barne)

Erakunde erabiltzailea

Erakundeok (ikastetxeok, udaleko departamentuok, herriko edo auzoko elkarteok…) 60 dokumentu 90 egunez eraman ditzakezue: 40 liburu eta 20 bestelako material. Gure liburutegiko sukurtsaletan bakarrik. Sareko beste liburutegietan dokumenturik atera nahi baduzue, liburutegian bertan galdetu behar duzue ea erakundeentzako mailegua eskaintzen duten.

Bestalde, ezin izango duzue maileguen epea luzatu, ezta dokumenturik erreserbatu ere.

Liburutegien arteko mailegua (LAM)

Nahi duzun dokumentua ez badugu, bi aukera dituzu: iradokizun bat egin, alegia, proposamen bat egin, materiala eskura dezagun —liburutegietako erakusmahaietan edo katalogoaren bidez— edo beste liburutegi batetik ekar dezagula eskatu LAMen bidez.

LAM zerbitzuaren bitartez, liburutegian ez dauden dokumentuak eskura daitezke, eta, era berean, gure funtsa eskaintzen diegu beste liburutegietako bazkideei.

Derrigorrezkoa da gure sukurtsaletara bertaratzea horrelako eskariak egiteko eta, salbuespenak salbuespen, gure sarean (EIPS) liburuak bakarrik eska ditzakezu, gehienez, 2. Halere, erakunde erabiltzaileek 40 liburu eta 20 bestelako material eskatzea izango dute.

EIPSrekin ez ezik, beste erakunde eta sare batzuekin ere kolaboratzen dugu elkarren funtsa trukatzeko, besteak beste, honakoekin: KM, BNE, REBIUN sarea, Biblioteca de Palafrugell…

Biblioteca de Palafrugelleko dokumentuak izan ezik, aipatutako beste erakundeetako dokumentuak ezin dira etxera eraman, alegia, liburutegian bertan kontsultatu behar dira.

LAM zerbitzua doakoa da erabiltzailearentzat, liburutegiak bere gain hartzen dituelako kostu guztiak. Hortaz, eskertuko genizuke zerbitzua taxuz erabiltzea eta kasuan kasuko arautegia errespetatzea. Eskertuko genizuke, era berean, dokumentuak eskatzeko garaian, ahal den neurrian, lehenengo gure sarera (EIPS) jotzea, biderik errazena eta merkeena baita.

Postontzia

 Haurren liburutegian badugu 24 orduko postontzi bat itzultzekoa uzteko eta bi liburutegietako dokumentuak itzul daitezke bertan. Itzulketa postontzian zehaztutako ordutegiaren arabera gauzatuko da. Ez da dohaintzarik onartuko.

Cita previa EU

Tolosako Udalak herritarrei arreta emateko zerbitzua eta erregistroa (UDATE)

Erosoago aritzeko eta itxaron beharrik ez izateko, aldez aurretik hitzordua hartzea gomendatzen dizugu. Horretarako, bete inprimaki hau, eta zuk emandako telefono-zenbakira deituko dizugu 24 ordu igaro baino lehen (egun baliodunean), eta zure kontsultari erantzun, edo hitzorduaren eguna eta ordua baieztatuko dizkizugu.

ESKATU HITZORDUA