1. Gaztelako Atea

Hitzordua
Informazio gehiago

Triangulo plazan gaude; hots, antzinako Tolosa eta Tolosa modernoa bereizten diren lekuan.

Bertan, Gaztelako Atea: hiri zaharraren azken aztarnetako bat. Halaber, Laskoain Atea ere esaten zaio, gauden haranaren izena hartuta. Dirudienez, duela 9.000 urtez geroztik bizi izan dira gizakiak bertan. Orain ikusita sinestezina bada ere, Erdi Aroan uharte bat zen Tolosa, Oria ibaiaz eta dagoeneko desagertuta dagoen Erretengibel kanalaz inguratua. Kanal hori egungo Rondilla kaletik zihoan, hau da, plazaren beste aldean ikusten dugun errepidetik.

Uhartea harresi batez inguratuta zegoen eta bost ate zituen. Ate horien bidez kontrolatzen ziren zirkulazioa eta salgaiak. Izan ere, Tolosa estrategikoki kokatuta zegoen, Frantziara, Gaztelara eta Nafarroara joateko igaroleku baitzen.

Suteak, jaiak, komunitatea, guduak, sormena… eta bizitasuna barra-barra. Ate hau zeharkatzera gonbidatu nahi zaitugu, hiribilduak ia 800 urteko historian izan duen bilakaera ezagutu dezazun eta, era horretan, gaur egun zergatik den horrelakoa ulertu ahal izan dezazun.

Edonola ere, bisita udaberrian edo udan egiten ari bazara, begiratu gora Gaztelako Atearen arkuaren azpitik igarotzean, eta gozatu Lore eta Landare Azoka Bereziaren egunean Atea apain-apain uzten duen lorategiaz. Inguruko artistek egiten dute urtero. Ongi etorri Tolosara!

Jarraitu ibilbidea bisitaren hurrengo punturaino: Zerkausia.

Cita previa EU

Tolosako Udalak herritarrei arreta emateko zerbitzua eta erregistroa (UDATE)

Erosoago aritzeko eta itxaron beharrik ez izateko, aldez aurretik hitzordua hartzea gomendatzen dizugu. Horretarako, bete inprimaki hau, eta zuk emandako telefono-zenbakira deituko dizugu 24 ordu igaro baino lehen (egun baliodunean), eta zure kontsultari erantzun, edo hitzorduaren eguna eta ordua baieztatuko dizkizugu.

ESKATU HITZORDUA