Ikasgela

Hitzordua
Informazio gehiago

Non egongo da ikasgela?

Rondilla kalean, Gorosabel eraikinean, hirugarren solairuan (musika-eskolaren goiko aldean, Aitzol udal-euskaltegiaren solairu berean). Behin-behineko kokapena izango da hori, harik eta ikasgelaren behin betiko lekua prestatu arte.

Zer baldintza bete behar dira ikasgela erabiltzeko?

Bi baldintza hauek:

  • 16 urte beteak izatea, edo urte natural horretan betetzea.
  • Ikasgela erabiltzeko eskaera-orria aurkeztea. Txartel bidezko sistema martxan jartzean, eskatzaile bakoitzak bere txartela jasoko du. Oraindik martxan ez dagoenez, eskaera egin ondoren, ikasgela erabiltzeko onarpena jasoko dute erabiltzaileek.

Noiz erabili ahal izango da?

Oraingoz, astegunetan, 08:00etatik 21:00etara. Aste batzuk barru, txartel bidezko sistema prest dagoenean, asteburuetan ere erabili ahal izango da, 08:00etatik 20:00etara.

Nola sartu ahal izango da ikasgelara?

Astegunetan, eraikina zabalik dagoenez, ez da txartela erabili beharko. Asteburuetan eta jaiegunetan, bai, sarrerako atea itxita egongo da, eta txartela erabili beharko da. Nolanahi ere, kasu guztietan erabiltzaileek eskaera-orria aurkeztu beharko dute, eta txartela eskuratu. Alegia, nahiz eta erabiltzaile batek asmoa izan astegunetan soilik erabiltzeko, eskaera egin beharko du. Era berean, aste hauetan ere, nahiz eta txartel-sistema jartzeko egon eta soilik astegunetan erabili ahal izan, eskaera egin beharko da.

Nola dago antolatua ikasgela?

Hirugarren solairuko bi gela prestatu dira ikasgela gisa erabiltzeko. Gela batek 14 lagunentzako lekua du, eta besteak, 10 lagunentzakoa. Gehieneko edukiera hori ezin da gainditu; beraz, erabiltzaile bat joatean leku guztiak hartuta badaude, ezin izango da bertan geratu. Espazioa gordetzeari dagokionez, gehienez ere ordu erdiz gorde ahalko da lekua.

Nola egin daiteke eskaera?

Bi modu nagusi daude, legeak zehazten dituen bestelako aukerei kalterik egin gabe. Alde batetik, Udalaren egoitza elektronikoaren bitartez egin daiteke eskaera, lotura honetan sartuz eta eskaera-orria aurkeztuz; bestetik, udaletxean aurrez aurre egin daiteke, UDATE udal-zerbitzuan. 

Adin txikiko eskatzaileen kasuan, ikasgela erabiliko duenak ez ezik, haren gurasoek edo legezko tutoreak ere sinatu beharko dute eskaera, adin txikikoaren ordezkari gisa.

Zer jarduera egin daitezke ikasgelan?

Banaka ikasteko eremua da ikasgela. Beraz, barruan ezin da hizketan aritu, eta, horrenbestez, ez da talde-lanak eta horrelakoak egiteko lekua. Bide beretik, ezin da erabili soinua egiten duen inolako gailurik, hala nola telefonorik eta entzungailurik. Era berean, ohiko jokabideak bete behar dira: ezin da jan, ezin da erre, ezin da animaliarik sartu…

 

Cita previa EU

Tolosako Udalak herritarrei arreta emateko zerbitzua eta erregistroa (UDATE)

Erosoago aritzeko eta itxaron beharrik ez izateko, aldez aurretik hitzordua hartzea gomendatzen dizugu. Horretarako, bete inprimaki hau, eta zuk emandako telefono-zenbakira deituko dizugu 24 ordu igaro baino lehen (egun baliodunean), eta zure kontsultari erantzun, edo hitzorduaren eguna eta ordua baieztatuko dizkizugu.

ESKATU HITZORDUA