Oinarriak

Hitzordua
Informazio gehiago

Oinarriak deskargatu

2020KO IÑAUTERIETAKO KARROZA ETA KONPARTSETAN PARTE HARTZEAGATIK DIRULAGUNTZAK ARAUTUKO DITUZTEN OINARRIAK

 

HELBURUA

Iñauterietan karrozetan eta konpartsetan parte hartzeagatik dirulaguntzak eskatzeko prozedura arautzea. Dirulaguntzak 2020ko Iñauterietan parte-hartze aktiboa sustatzeko izango dira, eta duten proiekzio eta interesagatik bat etorriko dira udaleko Kultura, Festak eta Gazteria Departamentuaren programen helburuekin.
 

ESKATZAILE MOTAK

1. Karrozak:

- Plataformaren gutxieneko neurriak: 2,5 m zabal, 7 m luze eta 1 m altu. Gehienezko zabalera: 3,5m.

- Derrigorrezko baldintzak: ibilgailu baten gainean egina edo atoian eramana, soinu ekipoa, emanaldia, su-itzalgailua eta gutxienez 5 partaide.

2. Konpartsak:

- Plataformaren gutxieneko neurriak: 2 m zabal eta 3 m luze.

- Derrigorrezko baldintzak: emanaldia.

3. Plataformarik gabeko konpartsak:

- Plataformarik ez duten konpartsak.

- Derrigorrezko baldintzak: emanaldia.


 

ESKAERAK

Izen-emateak Udaletxeko Sarrera Erregistroan egingo dira, astelehenetik asteazkenera eta ostiraletan 07:15etik 14:15era eta ostegunetan 07:15etik 19:00etara. Epea: Udalaren web orrian publikatu eta hurrengo egunetik kontatzen hasita otsailaren 7ra arte. Horretarako Tolosako Inauterietako dirulaguntzen eta antolamenduaren ordenantza berezian xedatutako jarraituko da.

Izena emateko bi fitxa egongo dira, eskatzaile motaren araberakoak:

1. Karrozen formularioa (I. Eranskina): derrigor aipatu beharko dira ordezkariaren datuak, kide guztien zerrenda, lehiaketan parte hartu nahi duten eta diru-laguntzaren aurrerapena egitea nahi ote den.

2. Konpartsaren formularioa (II. Eranskina): derrigor aipatu beharko dira ordezkariaren datuak eta lehiaketan parte hartu nahi ote duten.

Izena eman ondoren, emandako emailera zenbaki bat bidaliko da. Zenbaki hori, emanaldian, bistan jarri beharko du.


 

DIRULAGUNTZAK BANATZEKO IRIZPIDEAK

Dirulaguntzen banaketa irizpide hauen arabera egingo da:

EKARPEN FINKOAK

KARROZAK

    • Irteera egun kopuruak:

  • Bi egun: 1.200 euro.

  • Egun bakarra: 900 euro.

  • Soinu mugatzailea: 250

KONPARTSAK

    • Konpartsaren tamaina:

        • >5 m: 300 euro.

        • 3,5 - 5 m: 150 euro.

        • <3,5 m: 95 euro.

    • Partaide kopurua: 5 euro partaideko.

    • Zuzeneko musika: 150 euro.

    • Antzezpena: 60 euro.

    • Koreografia: 40 euro.

    • Soinu mugatzailea: 250

EKARPEN ERLATIBOAK

Ekarpen erlatiboak ekarpen finkoen gainean egingo da eta Karrozek zein Konpartsek jaso ahal izango dute.

  • Gizon-emakume parekidetasuna:

    • Partaideen erdia edo gehiago emakumezkoak badira, % 10 gehiago.

  • Euskararen erabilpena:

    • Emanaldia euskara hutsean, % 10.

    • Emanaldia elebitan, % 5.

Irizpide hauek kontuan harturik, jaso beharreko diru kopuruak, diru-laguntza honetarako onartuta dagoen kopurua gaindituko balu, diru-laguntza guztien murrizpen proportzionala egingo da.


 

DIRULAGUNTZAREN JUSTIFIKAZIOA

Dirulaguntza jaso ahal izateko, Iñauteriaren ondoren, derrigor aurkeztu behar dira Udaletxeko Sarrera Erregistroan:

  • Karroza edo konpartsaren datuak (III. Eranskina).

  • Karroza edo konpartsaren argazki bat eta bideo bat. Argazkian parte hartzaile guztiak eta plataforma garbi ikusi behar dira. Bideoan emanaldia erakutsi beharko da. WeTransfer bidez bidaliko da informazio guztia festak@tolosa.eus helbide elektronikora bidaltzailearen identifikazioa ondo bermatuta.

Argazkia, bideoa eta datuak aurkezteko epea 2020ko martxoaren 16an bukatzen da, 14:15ean.


 

DIRULAGUNTZAREN ZENBATEKOA

Dirulaguntza hauen banaketa aurkezten diren karroza eta konpartsen artean banatuko da, oinarri hauetan onartutako irizpideen arabera.

Iñauterien ondoren, karrozek eta konpartsek aurkeztutako datuak, argazkia eta bideoa ikusita, Udalak dagokion erabakia hartuko du.


 

DIRULAGUNTZEN ORDAINKETA ETA AURRERAKINAK

Dirulaguntzen ordainketa Tolosako Udaleko Ordenantza Orokorrean ezarritakoari jarraiki egingo da.

 

Iñauterien aurretik, berariaz aurrerapena eskatu duten karrozek, diru-laguntzaren ekarpen finkoaren % 50 jaso ahal izango du parte-hartzea prestatzeko.


 

AURREKONTUKO PARTIDA

Helburu hau betetzeko 2020ko aurrekontu orokorretan 38.000 euroko kopurua onartu zen, 0800 48101 33800 partidan.


 

DIRULAGUNTZAK JASOTZEKO BETE BEHARREKO ARAUAK

  • Berdintasun irizpideak betetzea:

    • Oro har, modu positiboan baloratuko dira harreman parekoak islatzen dituzten karrozak eta konpartsak, edota emakumezkoen partaidetza bultzatzen dutenak eta emakumeenganako edo bestelako identitate sexualenganako pentsamolde diskriminatzaileak saihesten dituztenak (lesbianak, homosexualak, transexualak, intersexualak). Balorazioa egin aurretik, epaimahaikideei berdintasun irizpide horien xehetasunak helaraziko zaizkie.

  • Jende aurreko alkohol kontsumo ohiturak eredugarriak izan behar dute. Zentzu horretan, galarazita dago edari alkoholikoak agerian eramatea eta sustatzea. Alkohola modu arduratsuan kontsumitzea helduek, aldean behin, neurriz eta kontuz egitekoa da.

  • Konpartsak egiteko ez dira kotxeak erabiliko.

  • Konpartsek ezin izango dituzte jaimak edo karpa txikiak instalatu.

  • Konpartsa edo karrozatan ez da publizitaterik egingo.

  • Ibilbidea:

    • Karroza eta konpartsa handientzat eta izena ematen duten konpartsa txikientzat ibilbide bat dago, eta bertan geldirik egongo dira: Rondilla kalea, San Frantzisko kalea, Oria kalea, Nafarroa etorbidea eta Foruen Etorbidea. Ibilbide horretan toki finko bat nahi duten konpartsa txikiek eskatu egin behar dute. Tokiak zozketa bidez banatuko dira. San Frantzisko ibiltokian egotea egokitzen zaienak Leidor/Beotibar aldeko espaloiaren kontra jarri behar dute.

    • Ibilbideko kokapenak zozketa bidez esleituko dira eta maila berean parte hartuko dute karrozek zein konpartsek.

    • Ibilbidean esleitutako lekuak ezingo dira aldatu antolakuntzaren berariazko baimenarekin ez bada.


 

ZARATAREN INGURUKO ARAUDIA

Helburua:

Karrozek, konpartsek (plataformarekin edo gabe), elektro-txarangek eta soinua anplifikatzea dakarren beste edozein motatako jarduketek sortutako zarata-maila garatu eta kontrolatzeko beharrezko arauak ezartzea, edozein dela ere haien anplifikazio-sistema.
 

Arauak:

  1. Soinu ekipoa erabiltzen duten taldeek, soinu ekipoaren deskribapena, watt kopurua, marka eta modeloa adierazi beharko dute.

  2. Soinu ekipoak 90dB-ko gehieneko mailarako MUGATZAILE AKUSTIKO doitu bat instalatu beharko du (1 Irudia).

  3. Saihestu egingo da soinua etxe partikularretara edo eraikinetara bideratzea soinu ekipo eta bozgorailuak instalatzean, eta lehen adierazitako zarata-arauak beteko dira. (2 irudia)

  4. Emanaldirik ez dagoenean, musikaren bolumena, gutxienez, baimendutako bolumenaren erdira jaitsi beharko da. Gaueko 00:00etatik aurrera musika itzalita egongo da.

  5. Ezin izango da musikarik piztuta eduki karrozak edo KZSak aparkaleku-eremuetatik (Feriala eta Usabal) Udalak izendatutako jarduketa-eremu finkora eramaten diren bitartean.

  6. Beharrezkoa den bizikidetza mantentzeko eta bizilagunei eragozpenak gutxitzeko asmoz, ez da onartuko araudi honetan ezarritako mailak gainditzen dituen zaratarik sortzen duen jarduerarik, betiere, sustatzaileen erantzukizunpean eta Tolosako Udalak ekitaldi eta ikuskizunetako arau-hausteetarako ezarritako araubidearen arabera.

  7. Txarangak uneoro errespetatu behar dira, batik bat kalejira garaian, bai zezen plazarako bidean, baita bueltakoan ere. Kalejiraren ibilbideak libre egon behar du (Zezen plaza, Oria Kalea, San Frantzisko Kalea, Trianguloa, Korreo Kalea, Berdura plaza). Ibilbidean eta alboetan dauden karroza konpartsen musika ekipoak itzalita egongo dira 18:00etatik 20:00etara.

  8. Zarataren kontrolerako eremu berezia: Trianguloa eta San Frantzisko kaleko 1 eta 2 atarien artean (San Frantzisko Eliza eta Kutxabank), zuzeneko musika egiten duten konpartsak eta musikarik gabe antzezpenak egiten dituztenak baino ez dira onartuko. Eremu honetan kokatu ahal izango diren konpartsa hauek identifikazio zenbaki koloredun berezia izango dute. Gainerako konpartsa ibiltari guztiek ezingo dute bertan geldirik luzaro egon eta igarobidean musika aparatuak itzalita izan beharko dituzte.

  9. Konpartsa ibiltariak, disko-konpartsak, elektro-txarangak edo musika eramateko karro, gurdi edo orgak, emanaldirik gabe, ezin izango dira geldirik egon luzaroan (gehienez 30 min), baimendutako gehieneko soinu-mailei eutsiz eta lekuz aldatzean, beren musika-ekipoak itzaliz, beste ekitaldi batzuei kalte egingo dien musika akoplatzea edo gainjartzea saihesteko.

     

Ordutegiak:

  • Karroza eta konpartsen emanaldi guztiek 23:00etan amaitu behar dute, eta ezin dute goizeko 09:00ak baino lehenago hasi. Emanaldirik ez dagoen bitartean, musika baimendutako bolumenaren erdira jaitsi beharko da gutxienez. Musika gaueko 00:00etan amaituko da.

  • Soinuaren bolumena:

 

    • 09:00etatik 23:00etara GBA ≤90dB

    • 23:00etatik 00:00etara GBA ≤55dB

    • 00:00etatik 09:00etara GBA =0dB(1)

 

(1)Soinu ekipoak ITZALITA, EZ da inolako emisio akustikorik onartuko konpartsen, karrozen eta, bestelako soinu-igorleen aldetik.


 

MUGATZAILEARAN INSTALAZIOA:


 

Arau-oinarri hauetan ezarritakoa kontuan izan behar da bozgorailuetako soinua bideraratzerakoan eta soinu-mugatzailea instalatzerakoan eta horretarako, Iñauterietako parte-hartzaileek jarraitu beharreko krokis edo eredu bat zehaztu da.

(1. irudian), soinu-ekipoen multzo batean mugatzailea instalatzeko modu bat ikus dezakegu.


 


 


 


 


 

(2. irudian), bozgorailuak martxaren noranzkoan instalatzeko modu egokiak erakusten dira, eraikinetan eta ikusleetan edo oinezkoetan inpaktua murrizteko beharra kontuan hartuta.


 


 


 


 


 


 

Tolosako Udalak, Udaltzaingoa eta/edo enpresa laguntzaile bat izendatuko ditu emisio akustikoak kontrolatzeko, KAI gisara (Kutsadura Akustikoko Ikuskatzailea), ezarritako mugak betetzen direla zaintzeko.


Iñauteriak hasi baino lehen, Tolosako Udalak, parte-hartzaileen soinu-ekipoak kontrolatzeko egunak eta lekuak zehaztuko ditu eta kontrol-erregistroa beteko da.

Kutsadura Akustikoaren Ikuskatzaileak mugatzailearen muntaketa egiaztatuko du (1. irudiaren arabera), soinu-ekipoen instalazio egokia kontrolatuko du, eta honako neurketa eta egiaztapen hauek egingo ditu:

  1. Zarata Sorgailua orotan, perimetro osoan kontrolatuko da gehieneko zarata-maila, METRO BATEKO DISTANTZIARA (metro 1) eta MINUTU BATEAN (minutu 1).

  2. Gehieneko soinu-emariak ez du adierazitako muga gaindituko (90 dB).

  3. Ezarritako 55dBko mugarako soinu-ekipoaren bolumena erregulatu behar den maila egiaztatu.

  4. Soinu-ekipoen eta bozgorailuak instalatzerakoan, soinua, etxe partikularretara bideratzea saihestuz eta aurretik adierazitako zarata-arauak betez (2. irudiaren arabera) egiten direla egiaztatu.


Udalak erabakitako egunetan, Kutsadura Akustikoaren Ikuskatzaileak konpartsen, karrozen, karro, orgen eta abarren soinu-mailak neurtuko dituzte aleatorioki eta Kontrol akustikoko Erregistroaren inprimakia beteko dute oinarri arautzaileak betetzen direla zaintzeko.

 

OINARRIAK URRATZEAGATIK NEURRIAK

  • Disko konpartsek, hau da, musika anplifikatua jartzeaz gain beste jarduerarik egiten ez duten konpartsek, ez dute dirulaguntzarik jasoko.

  • Oinarrietan xedaturikoa ez betetzeagatik eta Udaltzaingoaren partea eta salaketa jasotzen duten konpartsei % 66 kenduko zaio esleitutako dirulaguntzatik.

  • Gehiegizko zarata maila dutenak eta zarataren kontrolerako eremu berezia betetzen ez duten konpartsei % 100 kenduko zaie esleitutako dirulaguntzatik.

  • Ibilbideko kokapena errespetatzen ez duten konpartsek, antolakuntzaren berariazko baimenik izan ezean, dirulaguntzaren %50a kenduko zaie egun batez gertatzen bada, eta %100a bi edo egun gehiagotan gertatzen bada.

EranskinaTamaina
PDF icon 2020ko oinarriak.pdf161.99 KB

Cita previa EU

Tolosako Udalak herritarrei arreta emateko zerbitzua eta erregistroa (UDATE)

Erosoago aritzeko eta itxaron beharrik ez izateko, aldez aurretik hitzordua hartzea gomendatzen dizugu. Horretarako, bete inprimaki hau, eta zuk emandako telefono-zenbakira deituko dizugu 24 ordu igaro baino lehen (egun baliodunean), eta zure kontsultari erantzun, edo hitzorduaren eguna eta ordua baieztatuko dizkizugu.

ESKATU HITZORDUA